Arkua eta gezia, ehiztarien erronkak
Suzko armarekin egiten den ehizaren aldean urriagoa bada ere, arkuarekin egiten dena azken urteetan indarrean dagoen ehiza mota da. Goierrin ere egiten da, bereziki Legazpin. Gipuzkoan arkuarekin ehizatzeko baimena duten 60 ehiztarietatik zazpi legazpiarrak dira.
Horregatik jokatu zen herri horretan Gipuzkoako Txapelketa maiatzaren erdialdean, ibilbideen modalitatean. Gainera, Egoitz Galdos legazpiarrak irabazi zuen txapela, arku konposatuarekin; arku tradizionalean, berriz, Mikel Arantzabal donostiarrak irabazi zuen. Orain biak Euskadiko Txapelketara joango dira. Araban izango da, Zanbranan, uztailaren 20an, eta lehen hiruren artean geratzen badira, Espainiakora joateko aukera izango dute ondoren. Galdos beste hirutan izan da Gipuzkoako txapeldun, eta iaz baita Euskadikoa ere. Arantzabalek, berriz, hirukoa osatu zuen iaz, Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa irabazita.
Txapelketa horiek ehiza denboraldia itxita dagoenean egiten dira. Irailean irekiko da ehizaldia, eta bitartean, txapelketekin konformatu behar izaten dute arkulariek, edo Legazpikoen kasuan bezala, herriko arkularien elkarteak eskaintzen dienarekin. Luma da elkarte hori, doitasunezko tiroa praktikatzen duten arkulariak biltzen dira, eta historia luzea du. Ehizarako arkua eta geziak erabiltzen dituzten legazpiar gehienak Lumako kideak dira, eta elkartearen instalazioak erabiltzen dituzte, besteak beste, punteria lantzeko eta arkuak mantentzeko.
Txapelketena, mundu bat
Arku-ehiza txapelketena mundu bat da, oso ikusgarria. Galdosek irabazi duena, ibilbideen modalitatekoa da. Gipuzkoako Ehiza Federazioak antolatuta, Legazpiko Ardanbideta inguruan jokatu zen maiatzean, Kimu-Berri aterpearen ondoan, hirugarren aldiz. «Lehen Tolosan egiten genuen, Larraskanda inguruan, baina oso urruti dago, eta inguruan ez dago batere aterperik. Duela bi urte maiatzean egin genuen txapelketa han, oso eguraldi kaxkarrarekin, eta haren ondoren erabaki genuen Legazpin egitea. Ni Kimu-Berri aterpeko kidea naiz, eta hau leku aproposa iruditu zitzaigun, iristeko erraza delako, eta eguraldi txarrarekin aterpearen babesa duelako», azaldu du Egoitz Galdos legazpiarrak.
Antolatzaileek hainbat proposamen edo ariketa prestatzen dituzte arkularientzat; oinez egiteko ibilbideak edo zuhaitzetatik tiro egitekoak, horien artean. Partaideen egin beharra izaten da denbora mugatu batean ibilbide horietan eta zuhaitzetatik gertu jartzen dituzten abere bizigabeei tiro egitea, eta abere horien gorputzetan markatuta dauden diana moduko guneetan gezia sartzea. Egindako diana horien arabera puntuak pilatzen dituzte, eta puntu gehien dituenak eramaten du txapela. «Ariketak era askotakoak izan daitezke. Basoan 60-100 metro luzeko ibilbide bat presta dezakete, adibidez, eta bi minututan bidean ikusten dituzun abere guztiak ehizatzeko eskatu; edo espezie berekoak direnak bakarrik, edo espezie zehatz batzuk bakarrik, edo lehenengo ilea dutenak eta gero lumak dituztenak…», azaldu du Galdosek.
Halako txapelketetan erabiltzen dituzten abereak bizigabeak dira, gomazko panpinak. Denetik daude: basurdeak, orkatzak, oreinak, untxiak, erbiak, azeriak, era askotako hegaztiak, eperrak, galeperrak, mikak… «Bigunak dira, eta arkuarekin ematen badiezu, bertan sartuta geratzen da gezia».
Bi eratako arkuak erabiltzen dituzte ehiztariek, konposatuak eta tradizionalak. «Armak dira, ez da ahaztu behar!», azpimarratu du legazpiarrak. Konposatuak konplexuagoak dira: «Poleak dauzkate, eta mira dute. Hau da, tiro egiteko erreferentziak dituzte». Arku tradizionalak, aldiz, «instintiboak» dira: «Betikoak, indioen eta bakeroen pelikuletan indioek erabiltzen dituztenak bezalakoak dira».
Txapelketetan bi arku modalitateak erabiltzen dituzte, eta kategoria bakoitzerako jartzen dituzte txapelak eta sariak. Galdosek bi arloetakoak ditu. Arku tradizional batek 500 eurotik gora balio duela zehaztu du, nahiz eta merkeagoak ere badauden, «baina ehizan serio hasi nahi baduzu, hobe diru pixka bat gastatzea». Arku konposatuarekin ere gauza bera gertatzen da, eta horiek 1.500 eurotik gora balio dute. Geziak ere erosi egin behar dira, «baina normalean, jaurtitako gehienak berreskuratu egiten ditugu».
Arku-ehiza, erronka hutsa
Baina txapelketek ematen dioten lehia eta jolas kutsuaz harago, arku bidezko ehizak badu beste zentzu bat ere. Eskopetak bezala, arkuak abereak ehizatzeko eta hiltzeko ere erabil daitezke lurralde honetan, eta Espainiako estatu osoan ere bai, beharrezko baimenak izanez gero. Izan ere, Galdosek azpimarratu bezala, «gu ehiztariak gara».
Berak etxean jaso du ehizarako afizioa, aitaren eta amaren familien aldetik. «Bi aitonak, Egizear baserrikoa eta Goiherri tabernakoa, oso ehiztariak ziren; aita ere bai, baita osabak ere». Baina arkuarena desberdina da: «Erronka bat balitz bezala hasi nintzen. Erriflearekin tiro eginda distantzia zehatz batera dagoen animalia bati emateak eta hiltzeak ez ninduen asetzen, eta arkuak beste pizgarri bat eman zidan, zailagoa delako. Basurde bat arkuarekin botatzea sekulakoa da, adibidez. Nik sarritan esaten dut asko ehizatzen dugula, baina gutxi hiltzen dugula».
Arkuarekin ehizatzen duenak, gainerako ehiztariek bezala, ehizatzeko lizentzia izan behar du. Arkuarekin jarduteko T2 izeneko baimen berezia lortzeko formakuntza jaso behar izaten da Arkale ehiza eskolan, eta gaitasun-proba batzuk gainditu. Gainera, Ehiztarientzako Nahitaezko Asegurua eduki behar du, eta tokian tokiko ehizatzeko gainontzeko baldintzak eta indarrean dagoen araudia bete behar dira.
Ehiza txikia eta ehiza larria egin ahal izango du arku ehiztariak, baina Gipuzkoan ehiza larria da gehien egiten dena, «orkatza eta basurdea batez ere», Galdosek zehaztu duenez.
Basurdeen eta orkatzen ehiza
Azken aldian ugariak dira basurdeek eta orkatzek baserri ondoetan eta jendea bizi den gertuko beste gune batzuetan eragiten dituzten kalteak. Arkuarekin ibiltzen diren ehiztariek jasotzen dute noizean behin kaltetu horien laguntza-eskaera. Goierrin ibilitakoak dira, eta ehizatu dituzte hainbat buru. Kontua da arkuarekin «su-armak sar ezin daitezkeen lekuetara» hel daitezkeela: «Erriflearekin egiten den ehiza amaitzen den tokian hasten da arku bidezkoa». Arkua bera arma bat da, «baina ez du errifle edo eskopeta batek duen inpaktu bera».
Bestela, ehiza garaia denean, bakarrik ibiltzen da Galdos basoan. «Kontu handiarekin, zaratarik atera gabe, poliki-poliki… bestela ez zara hurbiltzen aberearengana». Legazpiko basoetan ibiltzen da batez ere, Udanan edo Lakiola inguruan. Basurde bat botatzea ez dela erraza aitortu du, asko hurbildu behar delako eta abere horiek oso adi egoten direlako. Baina urtean bat behintzat bota izan du; baita orkatzak ere, lau inguru. Haragia aprobetxatzen du gero, gehiena txorizoak egiteko.
Arku-ehiza pasio txikia du Galdosek, eta probatu nahi dutenei erakusteko prest dago. ■