Aztarnak jarraituz, urrats berriak eginez
Irten-Bide taldeak urtarrilean hasi zuen ‘Aztarnak Jarraituz’ EP-aren grabaketa, eta sei hilabeteren ostean argitaratu dute euren lehen lana. Emaitzarekin «oso gustura» gelditu direla esan dute.
Taldearen sorreraren lehen urteurrenean, bost abestiz osatutako EP-a kaleratu du Irten-Bidek. Oier Markinez abeslaria (Idiazabal, 2005), Gaizka Jaular gitarrista (Idiazabal, 2005), Mikel Lopez bateria (Zerain, 2005), Joseba Llorente baxua (Beasain, 2004) eta Beñat Imaz gitarrista (Beasain, 2005) dira taldeko kideak.
Musikarekiko pasioak batu zituen bost musikariak, eta taldearen izena ere hortik tiraka erabaki zuten, musika baita «eguneroko arazoen irtenbidea» eurentzat. Iazko udan elkartu ziren lehenengoz talde bezala, eta uda garaia baliatu zuten abestiak sortzeko. Sormen prozesu horren ostean, urriaren 31n eman zuten aurreneko kontzertua, Legorretako gazte festetan, eta bigarrena, asteburu hartan bertan, Lazkaoko gazte festetan.
EP-aren grabaketa
Aztarnak Jarraituz bost abestik ondutako lana da, eta taldekideen esanetan, garrantzia handia eman diote kantu bakoitzak esanahi bat izateari: «Abesti guztiak daude zerbaiti edo norbaiti eskainita: maite dugun lagun edo pertsona bati, gaztetxeari, gure taldeari… eta mimo handiz egin ditugu». Gaineratu dute, kantuak sortzeko orduan, kontuan hartu dituztela gustuko dituzten hainbat musika talderen doinuak, baita estiloa ere: «Nola esan egiteko, adibidez, Social Distortion taldearengan inspiratu ginen, eta Gure etxea egiteko, berriz, The Sinners-engan». Hala ere, kantu bakoitzak bere izaera eta estilo propioa izaten saiatu dira.
Lanari Aztarnak jarraituz izena jarri diote, uste baitute beste talde batzuk egindako bidea jarraitzen ari direla: «Euskal Herriko punk rock/oi eszenak talde on asko eman dizkigu, eta nahiz eta talde bakoitzak bere izaera daukan, denok bide beretik goazela iruditzen zaigu. Esan daiteke, beste taldeek utzitako aztarnak jarraitzen ari garela».
Estudioan grabatu duten lehenengo aldia izan da gazteentzat, eta zalantza eta zailtasun «ugari» izan dituzte prozesuan zehar. Hala ere, «oso gustura» gelditu dira lortutako emaitzarekin. «Asko disfrutatu dugu prozesu guztia, eta ziur gaude bizitza osoan gogoratuko dugun zerbait izango dela. Horrez gain, beti egongo gara eskertuta ibilbide honetan lagundu diguten guztiekin ere. Azken batean, gauza ederra da guk sortutako kantak kaleratuta ikustea, eta nahiz eta lana perfektua ez izan, gustura gaude lortutako emaitzarekin». Tolosako Bonberenea estudioan grabatu dute EP-a, Eguzki Azkarateren gidaritzapean.
Beste erronka batzuk
Etorkizuneko helburuei dagokienez, epe motzerako, dagoeneko sortuta dauzkaten beste abesti batzuk grabatzea daukate buruan. Gainera, taldekideek diote «ederra» izango litzatekeela «betidanik erreferente» izan dituzten Goierriko zenbait talderekin batera lan egitea ere, Hell Beer Boys edota Azken Sustraiak taldeekin, esaterako. Hala ere, musikariek argi daukate gehien gustatzen zaiena «arratsaldeak lokalean pasatzea» dela, «abesti berriak sortzen» eta «ideia berriak elkarrekin partekatzen». «Gure arteko laguntasuna eta musikarekiko zaletasuna partekatzea da guretzako altxorrik handiena. Proiektu honek elkarren arteko laguntasuna indartu du, eta etorkizunean ere horrela izatea gustatuko litzaiguke», nabarmendu dute. ■