Faxismoaren aldeko artea?
Lide Egizala • Arte zalea
Plazer bisual bat izateaz gain, artea, gizarteko zenbait mugimendu eta pentsamolderen propaganda ere izan da historian zehar. Horren adibide argia da Pablo Picassoren Gernika koadroa, esaterako: Kondor legioak Gernikan eragindako hondamendia salatzen duen margolan ezaguna. Hala ere, artea ez da posizionamendu bakar baten aldekoa, eta Picassoren asmo eta pentsamoldeekin ados ez zeudenek ere erabili zuten euren aldarriak egiteko. Hain zuzen, alemaniar naziek euren printzipioetan oinarritutako arte modelo jakin bat sortu zuten: berriro ere greziarren eta erromatarren inperioko monumentaltasunera hurbiltzen ziren eraikin eta iruditeriarena. Horren hastapenak, ordea, lehenagotik datoz. Lehen Mundu Gerraren ostean italiar faxismoak gorakada nabarmena izan zuen, eta artearen alorrean Futurismoa deituriko mugimendu artistikoa sortu zuten. Horrek zarata, abiadura eta mugimendua loriatzen zituen, baita gerra, militarismoa eta emakumeenganako mespretxua ere, besteak beste. Horretaz gain, museoak, liburutegiak eta akademiak suntsitu eta erre nahi izan zituzten, jendearen pentsatzeko gaitasuna deusezteko asmoz.
Honezkero, bati baino gehiagori ezagunak egingo zitzaizkion futuristen printzipioak. Hain zuzen, Trump AEBetako presidente bihurtu den honetan, faxismoaren aldarriak inoiz baino presenteago daude gure artean: gizarte deshumanizatu bat, etika, enpatia eta errukirik gabea. Finean, arteak pentsatzen erakustea du helburu, ikuspegi kritiko bat gararaztea eta gizarte humanoago bat sortzea. Hala ere, argi gelditu da, hori ere bereganatzeko gaitasuna dutenaren uste tr(u)mpatia duela batek baino gehiagok. Jendea, ordea, ez dago mututzeko edo kikiltzeko prest, eta asko gara “futuroa” bezain presente daukagunak iragana ere. ■