Jardin bat
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Argentinako Cordoban nenbilen 2017an, filosofia irakasle bati laguntzen bere arratsaldeetako lanean. Dirudunei jardinak jartzen genizkien. Behin, lan-saioa amaituta, lagun baten negoziotik pasa behar genuela esan zigun irakasle hark.
Ezleku batean zegoen finka erraldoi batera iritsi ginen. Autotik jaitsi, eta sarrerako atetik igaro orduko, zain geneukan lagun hura. Esan zigunez enkanteak egiten ziren zabaldi hartan. Biek denbora bat eman zuten gela batean, eta gu hizketan gelditu ginen kanpoan. Irten zirenean, eurekin finka barrura joateko esan ziguten, baina haiei itsatsita joateko. Ez uzteko tarte txikienik ere.
Iluntzea zen. Laukietan bereizitako baratza erraldoi bat zen, eta bideak zeuden batetik bestera joateko. 300 bat metro egingo genituen estreinakoz ikusi genuen morroi haren garondoari itsatsita. Bideek metro erdia izango zuten, eta gainontzean lurra zen dena. Ibilbide hartan dobermanek, rotwaillerrek, dogo argentinarrek salto egiten zuten guregana, guregandik metro batera gelditzeraino, zaunkaka, gainera etorri nahian. 30 bat metroko kate finko bakoitzeko pare bat txakur zeuden kate mugikor banarekin lotuta. Erraza da imajinatzen zer jabetza babesten zuten.
Finka hartako txakurren okerrena ez zen haien jarrera erasokorra, haien izaera biolentoa. Kontua da zer funtzio betetzen zuten, noren interesak babesten zituzten. Uste dut oso konparazio ona dela poliziekin egiteko. Hemen muina ez da agresiboak diren, jatorrak, lan orduetan kafea hartzen duten edo euskaraz badakiten. Kontua da etxegabetze bati aurre egitera zoazenean han azaltzen direla. ■