«Lurra eta ura jainkotu nahi ditut»
Erretiroa hartu berria du 1985. urteaz geroztik Enirio-Aralar Mankomunitateko mendizaina izan den Jose Antonio Irastortza Etxabe Furriela-k (Zaldibia, 1958). Dena den, bizitza osoan egin duen bezala, behorren aitzakian, Aralarrera maiz igotzen jarraituko du, nahiz eta gaur egun Altzagan bizi den.
Aralarren azpian jaio, eta Aralar izan duzu lantoki.
Aurretik gas eta bero instalazioak egiten aritu nintzen, baina 1985ean aukera bat sortu zen eta 40 urtean ibili naiz Aralarren mendizain.
Basozain edo mendizain?
Mendizain esango nuke gehiago. Mankomunitatearenak diren ia 3.500 hektareatan, 800 hektarea dira baso, 2.200 hektarea larre.
Mendizainaren lanak zeintzuk izaten dira? Bulegoa ere badaukazu Ordiziako Torrea Etxean, ez da bakarrik mendian ibiltzea.
Ez, ez. Gero eta gehiago dago bulegoko lana. Orain administrazio aldetik lan handia dago, ganadu igoerako fitxak bete, laguntzak, kotxearen baimenak… Arautegia betearaztea izaten da mendizainaren beste lan bat. Azkeneko hitza isuna izaten da. Ni ere jarritakoa naiz, azkenekoa apirilaren bukaeran. Ni hor lanean hasi nintzenetik hona, goian dauden azpiegiturak asko arindu du mendiko lana.
Zertan?
Beti zegoen zerbait. Ura, txabola berritzeak, obrak… Inbertsio horien exekuzioan lan asko izan dut. Urarekin behintzat sekulako pausoa emanda dago. Onuradun handiena, han dabiltzanez gain, ni neu izango naiz. Orain beti sortzen dira arazoak, urtaroaren arabera. Ganadu pila handia dago. Behi eta behor, 2.000 badira, eta ardiak ere bai. Txabola guztietan daukate ura jarrita, eta ur beharrak handiak dira. Ni hasi nintzen garaian negu partean baso landaketak dezente egin genituen. Alde horretatik ez dauka antzik ere nik ezagutu nuen Aralarrek orain dagoenarekin.
Zer iruditzen zaizu aldundiaren eta mankomunitatearen azken plana?
Ematen du bi alderdi nagusien arteko hitzarmen bat izan dela. Nik uste dut plan horretan sukalde lan asko dagoela egiteko, bidean hauteskunde programak ere etorriko dira. Hamar urterako 3,5 milioi euro asko iruditzen zait, zintzo erabiliz gero behintzat. Ea formakuntzan zenbat inbertitzen den, egin litekeen inbertsiorik onena hori da eta. Aralar, mundua leku den lurra dokumentala ikustera gonbidatuko nituzke irakurleak.
Azken plan hori eta aurreragokoren bat edo beste ere soberan daudela esango nuke. 1982an eginda daude bi liburu handi-handi Aralarri buruz, bai kanpo, bai barru, arkeologia, ganaderitza… aztertzen dituena. Benetan Aralar zer den hor ikusten da. Bi liburu horietan oinarrituta, 1988an egitamu plana egin zen.
Zer zioen plan hark?
Jaurlaritzak lur sakoneraren arabera egindako argazki bat egin zuen. Edozein herritan dauden bezala, Aralarko Arau Subsidiarioak direla esan daiteke. Eta bertan azpimarratzen da gune bakoitzak zertarako izan beharko lukeen. Hainbeste esamesa sortzen duen larre-ganaduari dagokionean, lau gune nagusi finkatzen zituen. Beste toki asko daude ganadua ibiltzen dena, baina lurra galtzeko dauden eremuak dira.
Lau larre eremu horietan ongizatea bilatu behar genuen mendiko artzain txaboletan eta animalietan. Artzain txabola asko, artean, gazta gorde eta lo egiteko tokia, leku berean zutela zeuden. Orduantxe etorri ziren Europako osasun irizpideak eta artaldearen sanidade kanpainak. Dena batera izan zen.
1988an ados al zeuden alde guztiak?
Mankomunitateko kideek ere prezipitatu samar hartu zuten betearazteko erabakia. Garai hartan bazen jendea negu guztian behorrak goian edukitzen zituena, eguraldiak laguntzen bazuen, eta negua pasatzeko ere tokia behar zen. Oso gaizki pasatu nuen. Inori ez nion esan, baina benetako beldurra pasatzera orduan iritsi nintzen. Goian ekintzak izan ziren, eta ni neronekiko ere erasoak izan nituen. Geroxeago ere egin diren gertaerak ikertzeko egin den baino zerbait gehixeago egin zitekeen.
Gaur egun onartuta dago neguan mendian ganadurik ez izatea?
Bai, onartuta eta eskertuta ere bai. Garbi geneukan bide hori abiatu behar zela hain kontsentsuatua zegoen mankomunitateko herrien artean. Orduko indar hark bultzada ematen zuen. Ur larre libreen gaiak ere eztabaida sortu zuen. Epaiketa ere izan zen.
Zer dira ur larre libreak?
Azkenean neronek deskubritu nuen ur larreen kontua zer zen. 1821ean baso banaketa egin zen. Lehen komuna zena, herri bakoitzari bere lotea eman zitzaion. Gehigarri bat jartzen zuen: baso-herri banatu dugu, baina ez du esan nahi Amezketako ganadua ezin daitekeenik ibili Enirion. Gogorra izan zen. Bi gai horiek oztopo handiak izan ziren. Baina jendeak ikusi zuen oso premiazko gauzak egiten hasi ginela.
Pistak izan dira desadostasunaren beste arrazoietako bat.
Zoritxarrez, Aralarrez, pistei buruz hitz egiten da hamarretik zortzitan azken bolada honetan. Nik beti garbi izan dut, nolabaiteko azpiegitura txukun batzuk behar direla lau eremu horiek ukitzen dituen lekuetara. Baina beste zenbait tokitan ez, herrietako arau subsidiarioek askotan nik nahi dudana egiten uzten ez didaten bezala.
Subjektu nagusia lurra izan dadila, eta ura. Ni ez naiz inor jainkotzearen aldeko, ez dut ez bertsolaririk edo futbolaririk jainkotzen, baina lurra eta ura jainkotu nahi ditut. Horren inguruan egin beharko lirateke egin beharreko esku-hartzeak, eta ez dira denak horrela egiten.
Pista gehiago egiteak zer kalte eragingo luke?
Arriskuak ugaritzen hasten dira. Ganaduaren gainkarga berekin dakar. Eta, bestalde, dagoeneko hasita dagoena –iaz bi aldiz tokatu zitzaidan–: oso toki kuttunak dira Aralarren, eta horrek sortzen du era askotako nahia. Bigarren abizena ere beharko luke: pistak bai, baina norentzako? Denentzako? Gune publikoa da, denon diruarekin egindakoa. Aurtengo udaberrian ere ziza biltzaileekin nahiko arazo izan ditut. Pista toki bateraino zegoen bitartean ez zuen hainbesteko tentaziorik sortzen, baina orain Errenaga-Igaratza ingururaino kotxearekin joan daiteke… Ondorioak hasi bakarrik egin dira pistekin. Ezetz esaten hasten bazara batzuei, baietz ere kontuz dago esan beharra.
Askotan, erdian izango zinen.
Bai. Herri txiki hauetan denok ezagutzen dugu elkar, eta jendeak esaten duenari bere neurria hartzen diozu. Herriko plaza da norbanakoen neurgailu nagusia, eta neurgailu horretan, lagun baino aurkari gehiago badituzu, ondo ezer gutxi ordezkatuko duzu.
Desbrozatzeena da beste gai polemiko bat.
Gune batzuetan zikintzen ari da Aralar ere, otearekin eta horrelakoekin. Eta ez gara gauzak ondo egiten ari. Hiru ote mota daude Aralarren, garai desberdinetan egoten dira lorean. Beraz, horienganako aktuazioa ezin daiteke izan halako egun jakin batean, denentzako berdin. Orokorrean, goian behean bezala, zikin honi eusten lanak datoz.
Zein izan daiteke irtenbidea?
Hain gauza serioa izanik, ez dut uste hemen behar bezain esperimentu eginda dagoenik. Adibidez, hektarea erdi bat hartu data batean, beste hektarea erdi bat beste data batean, ilargiarekin jokatu… Ikerketa hori gehiago eginda egon beharko luke, itsu-itsuan ibili gabe. Edo beste aukera bat: hektarea bat hartu, pagoa landatu, eta ikusi pago horrek zenbat denbora beharko lukeen otadi hori dena desegiteko. Diru publiko pilo bat ari da gastatzen xehaketekin, eta atzera berriz ere berehalaxe da lehen bezala.
Garai batean tonak eta tonak ongarri-ximaur sortzen zen baserrietan eta terrenoetan zabaltzen zen. Orain aldean, lore eta belar desberdin pila bat zetorren, lurra gozatzen zelako eta, nolabait, osagai guztiak bazituelako lurrak. Era horretako ongarri ekologikoak bukatu dira, eta, ondorioz, lurrak pobretu dira eta beste era bateko gauzak sortzen hasi dira.
Artzainak, ganaduzaleak, mendizaleak… Aralarrekiko interes desberdinak daude.
Benetan bertatik bizi direnei laguntza gehiago eman beharko litzaieke. Bestetik, mendizaleei ere muga batzuk jarri egin beharko zaizkie. Eta denei. Arau Subsidiarioei agian aldaketaren bat edo beste egin beharko litzaieke era puntualean, baina hor oinarritu beharko luke denak.
Ehiztariak ere hor daude. Mendizainak eta ehiztariak beti elkarren arteko etsai bezala ikusi izan dira. Bada, Aralar guztian nik ezagutu dudan lanik onena egin dutenak ehiztariak dira. 42 urte inguru izango dira, 1982ko azterketa hura egin eta berehala elkartu ziren Goierrin inguruko ehiza elkarteak. Ehiztariek onartu zuten erreserba jartzea. Aralar guztian, behean tarte bat uzten da ehizatzeko. Ehiztariek izugarrizko erakustaldia eman zuten. Eta emaitzak hor daude: lehen edozein tokitan eskopetarekin ezagututa nago ni, baina orain beheko franjatxoan bakarrik, eta horrek ere txalotzea behar du.
Makina bat artzain ezagutuko zenituen.
Bai! Orain 35 daude. Orain hiru-bat gazte hasi dira. Baita ere aitatuko nuke presentzia femeninoa ere indarra hartzen ari dela. Txabola bat edo beste hutsik badaude, eta beste batzuk era prekarioagoan daude. Nire ustez, eskualde mailan era kooperatiboan hasi beharko genuke, nolabaiteko bizitza duina nahi baldin bada. Diru publiko asko alferrik gastatzen ari da xehaketetan, eta gaur egun baserri lurrak eta baserriak saltzen daude; horiek erosi, eta horrek Gipuzkoa mailako plan bat eskatzen du.
Aralar lorategi dotorea da.
Ardi, behi eta behorrei esker. Ardia da Aralarreko garbitzailerik onena. Horiei esker dago Aralar dagoen bezala. Elkarren beharra daukate: Aralarrek horien beharra du, eta horiek Aralarren beharra. Kontua da pixka bat distribuitzea eta manejatzea. Nik uste dut hor dagoen gauza polit bat dela, eta tentagarria. Hemen larreak oso goxoak dira. Zergatik? Karehaitza dagoelako. Milaka eta milaka urteren poderioz, karehaitza edo kalitza hori hondoa pixkana mineralizatzen joaten da, eta hori da bere dohaina, eta horregatik da hain maitea. Aralarrekiko sentsibilizazio handiko jendea dago, ia-ia santutegi bat egin nahian. Eta horrek ekarri du txoketxoa.
Animaliek ere ezagutuko zaituzte.
Animaliak asko ezagutzen ditut. Horretarako, ibili egin behar da, eta gutxi gora-behera zein kokapen daukaten jakin. Bolada batean mendian lainopean ibiltzen nintzenean, artalde bat bilatzen banuen, ardiak ezagutzen nituen eta banekien ardi haiek non ibili behar zuten. Horrekin banekien bideratuko nintzela joan behar nuen tokira. Fauna aldetik berdintsu dagoela esango nuke. Boladak izaten ditu erbiak. Jendeari inpresioa egingo liokeena da –hasierako urteetan nik behintzat ez nuen pentsatu ere egingo ikusiko nuenik–, baina orain basakatuak dezente ikusten dira.
Otsorik iritsiko al da?
Ez al da iritsiko! Lehen izan genuen otso bat Aralarren, orain dela 32 bat urte. Lanak eman zizkigun. Gauza asko erakutsi zizkigun. Artistak dira. Bakarra egon zen, eta azkenean ez dakit zer bukaera izango zen. Igande goiz batean, Tolosako 14 Orduko martxa zen, eta esaten dutenez urte hartan inoiz izan zen parte-hartze handienetakoa izan zen. Goiz hartan neronek aurkitu nuen Pardelutsen, Amezketa aldetik, ardi bat gauean hilda. Lepo aldea jaten dute. Ez dute asko jaten. Txarra hori da, hurrengo egunean beste batengana joaten dira, ez dira lehengora joaten. Orduan ikusi nuen, eta guk dakigula hura izan zen azkena egin zuen azaña. Pentsatzen egon ginen, hainbesteko jendetza pasatu izanak, oso deseroso sentiarazi eta nonbaitera alde egin ote zuen. Gertu-gertutik ibili genuen, eta detaile batzuk eman zizkigun… artistarenak. Garbi dago: Aralarren otsoarentzako tokirik ez dago. Mendi handi samarra daukagu, baina mendi askoz ere handiagoa behar du. Ezin da.
Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaizu. Aralarrera igotzen jarraituko duzu?
60 urte hauetako motiboetako bat hor daukagu Aralarrera igotzeko: etxeko behorrak. Bestela ere, artzain asko hasi zaizkit esaten otorduren bat egin behar dugula… Era horretako eskaintza asko dauzkat eta ez dut uste moztuko dudanik. Kontua da, hanken abiadura eta begien abiadura arteko tartea gero eta handiago egiten ari dela. Horrek ere eragina izango du. Ordezkatuko nauenak ondo egingo ditu lanak. Zerbait aporta badezaket, ez diot uko egingo, lagundu badezaket. Azkenik, ez nituzke ahaztu nahi bide honetan guztian Aralarren lanean era batera edo bestera aritutakoak, udaletako langileak, ezagututako kargu publikoak, eta, noski, familia, kendu dizkiedan orduengatik. ■
Zaldibiako saltseroa
1990eko argazki bat aukeratu du, Deposituetan, auzotarrek Patxi Iraola bertsolari zenari egindako omenaldikoa. «Oso egun ederra pasatu genuela gogoan dut, eta Patxi ere oso eskertuta zegoen. Gure izeba Modesta ez dakit nola moldatuko zen egun hartan, baina denok ondo jandako itxuran gaude».
Kultura, kirola eta politika gertutik jarraitzen ditu, eta Zaldibian arlo askotan parte hartu izan du: festak antolatzen, pilota eskolako irakasle… «Bastante saltseroa izan naiz alde horretatik». 1983-1987 eta 1995-1999 agintaldietan zinegotzi izan zen, HBtik bietan. Kezka bat badu: «Politika ez badugu egiten, eskuinari metroak ematen ari gara eta oso arriskutsua da. Hemen ikusi zen 1936an herri borondatearen aurka eskubia nola altxatu zen, eta zer ondorio ekarri zituen. Ni ausartuko nintzateke esatera, hori gertatu ez balitz orduan, ETArik ez genuela ezagutuko». Gazteekiko «sinismen handia» dauka: «Ilusioa ematen dute. Etorkizunerako ere oso garrantzitsuak dira gazteak».
Eta pandero jotzailea ere bada. Arreba zaharrenak oparitutako panderoa bere kasa jotzen ikasia, Xaprerekin batera Euskal Herriko 200 bat lekutan izan dela kalkulatzen du. Gogokoenetako bat Sara du (Lapurdi). «Izandako toki guztiak gogoan ditut, eta denekiko esker oneko izan nahiko nuke».
Lanetik jubilatuko bada ere, ez da herrigintzatik erretiratuko: «Bere garaian ordu asko eskainia naiz era boluntarioan, eta osasunak laguntzen badit, badaukat asmoa hori berreskuratzeko».