Sektorearen elkargune, sektorerako indargune

Asier Osinalde, Agurtzane Gabiria, Mikel Elgarresta, Josu Etxaniz, Ander Ibarguren eta Aimar Alberdi, Urretxuko Santa Barbaran.
Orain hiru hamarkada sortutako Gune elkartea berriz aktibatzeko prozesuan urratsak egiten ari dira Goierri garaiko lehen sektoreko zenbait ordezkari. Proiektuaren gaur egungo egoeraz eta dituen balioez hitz egin dute.
Garai berriak, behar berriak eta belaunaldi berriak. Orain 30 urte sortutako Gune elkartea –Goierri Urola Garaiko Nekazari Elkartea– berpizteko lanean murgilduta dabiltza zuzenean ala zeharka lehen sektorean diharduten Goierri garaiko hainbat ordezkari. Zuzendaritza berria erregistratu dute administrazioaren aurrean, estatutuak berritu dituzte eta proiektu baten zirriborroa ere aurkeztu diote Urola Garaiko Mankomunitateari.
Ofizialki, lau dira elkartearen helburu nagusiak: Goierri garaiko baserritarren egoera orokorra hobetzea kulturalki eta sozialki; laguntasuna eta informazioa eskaintzea bazkideei; harremanak sortzea eta mantentzea lehen sektoreko beste elkarte batzuekin; eta Goierri garaiko baserritarren bizimoduaren kalitatea babestea eta hobetzea. Eta inplizituki bosgarren helburu bat ere badu, bailarako erakundeen aurrean sektorearen erreferentziazko ahotsa izatea.
Helburu horiek lortzeko, honako jarduerak egiteko konpromisoa dute: sektorea eta ekoitzitako produktuak ezagutarazteko azokak egitea eta baserrietara bisita gidatuak egitea; bazkideen arteko harremanak sustatzeko eta lantzeko topaketak egitea; eta bazkideen ezagutzak lantzeko formakuntza saioak egitea.
Berria baino, lehengoa indartu
Hasierako urteetan indar handia izan zuen elkarteak, baina urteen poderioz hustu egin da, nahiz eta sekula ez den desagertu. Azken hamarkada honetan bailarako ekoizleek parte hartu dute proiektuetan –tartean mankomunitateak-eta sustatutako Bertatik Bertaran–, badabiltza egitasmo txikiagoetan, baina gehienean sakabanatuta, eta egin zuten horri estalki txukun bat jarri ezinean. Hausnarketa horretatik eratorri da Gune berrantolatzeko erronka.
Asmoa lehendik bazetorren ere, urtarril-otsailean egin zuten elkartea berriz aktibatzeko lehen bilera irekia (30-40 lagun elkartu ziren), ondoren beste bat ere bai, eta baita tartean bilera horietan parte hartu ez zuten sektoreko beste kide batzuekin kontraste saioren bat edo beste ere. Eta analisian bat zetozen kontsultatutako denak, elkartzea beste erremediorik ez zutela, eta horrekin batera administrazioaren aurrean elkarte iraunkor baten moduan aurkeztu ahal izango zutela beren burua.
Gogoa badagoela sumatzen da. Artikulu honetarako elkartea berregiten ari diren sei lagun elkartu dira, Urretxuko Santa Barbaran. Hona helduenetik gazteenera: Gabiriako Baztarrikako Asier Osinalde (Zumarraga, 1974), Urretxuko Donardegiko Mikel Elgarresta (Urretxu, 1979), Zumarragako Leturiondoko Aimar Alberdi (Zumarraga, 1984), Legazpiko Makatzako Agurtzane Gabiria (Legazpi, 1986), Zumarragako Landaburuko Josu Etxaniz (Zumarraga, 1992) eta Legazpiko Lakiolako Ander Ibarguren (Legazpi, 1995). Azken hori da elkarteko presidente.
Bazkideak erakartzeko lanean
«Urte hasieran egin genuen lehen bilera hartatik sentsazio positibo batekin atera ginen. Beharra ikusten zen elkartea berpizteko, jendeak ikusten zuen honek funtziona dezakeela. Denok gabiltza bakoitza berea ateratzen, eta gure hausnarketa zen Gune izan beharko litzatekeela aterki handi bat, dauden elkarteen eta proiektuen ama. Sortu nahi dena da eremu komun bat, ez-baztertzailea izango dena», kontatu du Ibargurenek.
Aurten hilean behingo maiztasunarekin egin dituzte bilerak, baina horrek ez du esan nahi horrela izango denik aurrerantzean. «Proiektu zirriborro bat aurkeztu dugu, eta hurrengo pausoa izango da funtzionamenduari buruz-eta hitz egitea». Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegiko lehen sektoreko kideak biltzen ditu Gunek, baina horrek ez du esan nahi gertuko herrietakoak sar ez daitezkeenik: «Antzuolako batek sartu egin nahi duela? Ez litzateke arazorik egongo. Gertutasunarengatik hona tira egin nahi duenak, tira dezala», zehaztu du Alberdik.
Administrazioarekin egin duten lehen kontaktua mankomunitatearen bitartez egin dute, Etxanizek azaldu duenez. «Udalekin-eta harremanak normalizatzeko balio behar du, denok ikusten dugulako hutsunea zegoela. Esan daiteke harrera ona izaten ari dela». Denek adierazi dute udaletako baserritar batzordeak martxan ez egoteak noraez moduko bat sortu izan duela, bai sektoreari berari, baita udalei ere. «Zinegotzi berriak, teknikari berriak… Kasu askotan ez zegoen harremanik baserritarrekin, eta ez zuten jakiten zer ate jo, ez zekiten nondik hasi, zer zeini komunikatu…», argitu du Gabiriak. Alderdi positiboak besterik ez dizkio ikusten Osinaldek eman duten pausoari: «Garrantzitsua da elkartzea, bakarrik ibilita ez baikara ezertxo ere».
Egoera berriak kudeatzeko
Bere egunean sortu ziren hainbat elkarteren sorburu ere izan da Gune, nahiz eta kanpora begira beste izen bat hartu duten. «Orduan zeuden beharrei aurre egiteko sortu ziren, eta orain behar diferenteak daude. Orain belaunaldi berri bat sartu gara, eta behar ezberdinak ditugu», nabarmendu du Etxanizek. Elgarrestak honakoa gehitu du: «Dauden elkarteak berpizteko edo berrindartzeko izan behar du Gunek».
Lan eremu duten herrietan badaude elkarte txikiagoak, baina handiago bat ere bai, Nekalde. «Gaur egun aktibitate handiena duen elkartea da. Makinaria zerbitzua ematen du, bolak egin, simaurra zabaldu, udalei zerbitzua ematen die bide garbiketan…», esan du Etxanizek. Gaur egun 52 bazkide ditu. Kontratazio legearekin gorabeherak ere badaude hor, eta une hau baliatu nahi lukete hori ere bideratzeko: «Elkarte honek funtzionatuko du baserritarren aldetik elkarlana badago, eta udalen eta mankomunitatearen aldetik borondatea badago. Ematen duenez badago», ondorioztatu du Alberdik. ■