Zazpiturrieta, naturaren indarra nabaritzen den lekua
Duela gutxi Larrunarri mendiari bira osoa eman genion, Larraitzen autoa utzita. Amezketako Arrondo auzo aldera abiatu ginen lehenengo, ondoren Eulargo lepora igotzeko asmoz. Hasiera samarrean, ordea, Lizeaga baserria iritsi baino lehen, Zazpiturriko uraren bidea izenburua zuen informazio-panelarekin topo egin genuen eta erabaki genuen bira egin aurretik lekua ezagutu behar genuela. Ez ginen damutu. Hango haitz eta amildegiak, uraren durundia, naturaren usaina… Ikaragarria.
Iturburu bat baino gehiago dagoela konturatu ginen. Baina zazpi ote daude panelak dioen bezala? Hainbeste ur dagoen leku batean zazpi iturbegi identifikatzea ez ote da gehitxo? Ez du ematen hala denik. Izan ere, Euskal Herrian Zazpiturrieta izeneko leku gehiago ere badira: Altsasun, Beasainen (ez dakit kalearen izena nondik atera den zehazki), Legazpin (gaur egun, Bederatziiturrieta izenez ezaguna), Legorretan, Arabako Montorian, Nafarroako Erratzun, Ultzaman eta Unanun, Zeberion… Guztietan zazpi iturburu doi-doi egotea oso zaila da. Horregatik, zazpi-k bestelako esanahi bat izan behar du.
Zazpi zenbakia, gainera, entitate geografiko gehiagori lotuta dago hango eta hemengo leku-izenetan: zuhaitzekin (Zazpiaritzeta Usurbilen, Zazpigaztañadi Zerainen), haitzekin (Zazpiatxeta Berrizen), kale eta bideekin (Bilboko Zazpikaleak, Zazpibideta Leaburun), leizeekin (Zazpileizeta Nabarnizen), mugarriekin (Zazpimugarri Baraibarren), tontorrekin (Zazpi Puntak Urretxun)… Horietako bakoitzean ere ez dirudi zazpi elementu daudenik.
Patxi Angulo matematikariak Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkarian idatzi zuenez, gizarte gehienetan zenbaki sakratua eta mistikoa da zazpia, naturan Jainkoaren indarra adierazten duena. Larrunarri azpiko parajea ezagututa, ez nintzateke batere harrituko gure aurrekoentzat leku berezi-berezia izatea. Eta egia da, bestalde, zazpia zenbaki gorena dela, hainbat adibidetan ikusten den bezala: zazpi egun behar izan zituen Jainkoak mundua sortzeko, zazpi egun ditu asteak, zazpi bizitza katuak… Hortaz, nire iritzian, bide horretatik sakondu beharko litzateke zazpidun leku-izenak ulertu ahal izateko.
Hiru, bost, bederatzi eta hamalau
Zazpia ez da, baina, leku-izenetan agertzen den zenbatzaile bakarra. Hirua da, zalantzarik gabe, gehien errepikatzen dena, entitate askori lotua: hagin, arte, gaztaina, intxaur, pago, haitz, harri, mugarri, bide, erreka, etxe, saletxe, txabola, gurutze, leize, tontor, zubi… Batzuetan, badirudi hiru elementu zehatz erreferitzen dituela; beste batzuetan, ordea, ugaritasuna adierazteko erabili dela ematen du, edo beste zerbait. Ondoren datoz bosta, bederatzia eta hamalaua, azken biak oso urriak. Bakoitzaren testuingurua ondo aztertu beharko litzateke baleko ondoriorik ateratzeko eta, momentuz, ezer gutxi dugu eskaintzeko. ■