Askotariko ekonomiak
Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Ematen du, baliabide estrategiko, nagusitasun teknologiko eta lur jabetzagatik inperio “informal” batzuen arteko lehia basatia azaleratzen ari dela berriz ere. Berriz ere, ala betidanik horrela ibili da mundu modernoa? Azken finean “merkatu ekonomia” ez al da dinamika hori eragiten duen bihotz ideologiko-politikoa? Lanaren bitartez ondasunak ekoiztu eta dirua irabazi-metatzeko merkatuan saldu, hazkunde ziklo etengabe batean.
Lehian oinarritutako ekonomia batean posible ote da elkartasunaz eta denok batera gaudela hitz egitea? Merkatu mekanismorik gabe gizartearen beharrak asetzeko hainbat saiakera izan dira historian zehar. Eztabaidak gaur ere hor jarraitzen du bizirik, nahiz eta teoria ofizialak ezkutatuta mantendu. Komunista askok aurreikusi izan dute dirurik gabeko gizarte eredu bat. Egun munduan sistema ekonomikoen artean aipatu beharreko batzuk: merkatu-sozialismoa, ekonomia mistoa, planifikatutako ekonomia, merkatu-sozialista ekonomia.
Gure euskal-txokora hurbiltzean konturatuko gara merkatuan oinarritutako ikuspegi bakarretik haratago askotariko egituraketa ekonomiko eta produktiboak daudela aldi berean. Eta onartu beharko dugu jendeak nola antolatzen dituen era ezberdinetan beraien bizitza ekonomikoak, ekimen sozial, solidario, eta komunitatean oinarritutako ekimenak barne.
Gutxienez lau ekonomi mota bereizi ahal ditugu. Alde batetik, betiko merkatu ekonomia, eskaintzak eta eskaerak bultzatutako negozio eta industriarena. Bestetik, Euskal Herrian nabarmenak diren ekonomia sozialak, eragin sozialera bideratutako kooperatiba, irabazi asmorik gabekoak eta beste enpresa batzuk. Hirugarrenik, ekonomia solidarioak, elkar-laguntzarako ekimenak eta komunitate baliabide partekatuak. Eta, azkenik, ekonomia publikoak, Estatuaren ekimenak eta zerbitzu publikoak.
Geroz eta gehiago gara BPGak ezkutatzen duen ekonomia ere gure estatistika sisteman neurtu eta jarraipena egitea aldarrikatzen dugunak. Ildo horretan ekonomia feministatik datozkigu azken bolada hauetan haize berri eta freskoak zaintzaren gaiaren inguruan. Adibidez, etxeko lana arakatuko bagenu, BPG %26 handituko omen litzateke.
Merkaturatu gabeko lanaren balioa balioztatzeko ahalegin iraunkorrak kontsumo eta bizitza maila ezberdintasunen aldaketaren argazki zehatzago bat eman dezake. Baita ezkutuan dagoen gizarte beharrei erantzuteko elkarlan komunitarioaren ekarpen ezinbestekoa ikusgai egin ere. Garbi dagoena, duela gutxi joan zaigun Pepe Mujicak zioena: ezin dezakegu bizitza erostera supermerkatura joan. ■