Betiko osagaiekin festa-plater berria, herri giroz gatzatua
Plaza Nagusia erdigune hartuta, Beti Alai pilotalekua, San Bartolomeko zezen-plaza, txosnak, zuhaiztia… Ordizia osoa festaleku bihurtuko da. Denetariko ekitaldiak daude.
Herriko haurrek hartuko dute Ordiziako jai nagusietako lehen agintea, asteburu honetan. Umeen asteburuaren ondoren, uztailaren 24an berrekingo diete festei. Erramun Amundarain pertsonaia herrikoiak izango du txupinazoa botatzeko ohorea, herri bozketan hala erabakita. Larrunarri kantu taldekoek inguratuta jaurtiko du lehen txupina, udaletxeko balkoitik.
Herrikoirik bada, Amunda da bat. Itsasondon 1951n sortua, 9 urterekin Ordiziara bizitzera joana, festen eta festazaleen bultzatzailea eta animatzailea da. Hasi kaldereroen desfilearekin, inauteriekin jarraitu –Iturenera urtero joateko ohiturarekin–, eta gainerakoekin jarraitu. Musikaria, Laguntasuna errondailan eta kantu taldeetan ibili da. Sukaldari modura, makina bat herri bazkari eta afari prestatu ditu, talde zabal bat eratuz batera. Goierri Eskolan irakasle izana, herrigintzan eta festagintzan maisu da.
Beste bereizgarrietako bat Ordiziako Proba dute jaiek. Txirrindularitza klasikoaren 102. ekitaldia uztailaren 25ean jokatuko da. Goierrin, egutegi iraunkorreko lasterketa profesional bakarra da, Itzuliaren etorrerak ekar dezakeen etaparen bat gora-behera. Bakarra izanagatik, eta mendea ondo gaindituaren historiaren jabe den arren, ez ditu uxatu galduko den mamuak.
Aurtengo ekitaldia goi mailan jokatuko dela, horixe da aurreneko albistea. Kili-kolo eta zalantzan egon baitzen, urtea ondo aurreratuta zen arte. Txapel Gorri elkarte antolatzaileak martxoaren 13an jakinarazi zuen, ordu batzuetako sentimendu-erauntsien zaparradaren pean, gaur zortzikoa egin ahalko dela. Egun bat lehenago, agurraren samina plazaratu zuten; ustekabean, Rural Kutxa banketxearen babesletza iritsi zen, eta desagertzetik salbatu zen Ordiziako Proba.
Lau urterako lankidetza eta babesletza akordioa sinatu dute Txapel Gorrik eta Rural Kutxak. Itun horri esker, eta beste babesle ugariren ekarpenarekin, epe horretan, gutxienez, UCIren mundu mailako goreneko ziklista eta talde profesionalak Ordizian eta Goierrin izango dira.
World Team lehen mailako lau talde ekarriko dituzte: UAE, Cofidis, Movistar nafarra eta Astana. ProTeam kategoriako zortzi talderen kemena izango dute aurkari: Euskaltel Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma euskal herritarrak, Total Energies eta Unibet frantziarrak, Polti italiarra, Burgos BH espainiarra, eta Q36,5 suitzarra.
Irabaz-gosean atzera geratuko ez diren Continental mailako beste zortzik osatuko dute hogei talderen zerrenda: Fierense-Beeceler (Portugal), Illes Balears (Herrialde Katalanak), Petrolike (Mexiko), Pingtan (Txina), Terengganu (Malaisia), Universe (Herbehereak), Vitoria (Filipinak) eta Xspeed United Continental (Kanada).
Lejarragari omenaldia
Urtean behingo boxeo jaialdi profesional bakarra ere Ordiziako festetan jokatuko da, gaur. Historikoa da, eta 74. ekitaldia beteko du. Bederatzi borrokaldi izango dira, zortzi boxeokoak: bi profesionalenak, bat neoprofesionalena –Euskadiko Txapelketa– eta bost amateurrenak. Horiez gain, K1 borrokaldi profesional bat ere lehiatuko dute.
Euskal Herriak aspaldian eman duen boxeolari onena omentzeko ere baliatuko dute gaur gaueko jaialdia. Kerman Lejarraga (Morga, Bizkaia, 1992) omenduko dute. 2013an jauzi egin zuen profesional mailara. Guztira 37 borrokalditan lehiatu zen; horietatik 34 irabazi zituen (horietatik 26 KOz) eta hiru soilik galdu. 2023an erretiratu zen, 31 urterekin. Munduko Boxeo Elkarteko (WBA) welter pisuko nazioarteko gerrikoa hiru aldiz jantzi zuen, Espainiako welter gerrikoa behin, Europako (EBU) welter gerrikoa bi aldiz, Munduko Boxeo Kontseiluaren latindar superwelter pisukoa behin, eta Europako (EBU) superwelter txapelketa bi aldiz irabazi zuen.
Hiru goierritarrek borrokatuko dute: Aviguey Parra beasaindarrak nesketan, eta Israel Etxeberria ordiziarrak eta Aitor Guda beasaindarrak mutiletan. Erlantz Tejada bilbotarrak –bi aldiz Euskadiko txapelduna– profesionaletan debutatuko du. Boxeolarien pisaketa atzo egin zuten, lehen aldiz Martinez jatetxean.
Txapelekin jarraituz, Euskal Herriko errekortari txapelketa San Bartolomeko zezen-plaza muntagarrian jokatuko da. Goren mailako pilotarien jaialdiarekin ahaztu gabe. ■