«Ikerketa esparruan sakonduz, lurraldean eragiten segi nahi nuke hemendik aurrera ere»
Deustuko Unibertsitateko Orkestra ikerketa taldeko doktoretza aurreko ikerlaria da Naia Begiristain Etxezarreta lazkaotarra. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Kultura Politiko Berria proiektuan sakontzen ari da. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bi urtean behin antolatzen du Ikergazte kongresua, euskal ikerlari gazteei zuzendurikoa. Seigarren edizioa izan du aurten eta Naia Begiristain lazkaotar ikerlaria izan da saritu bat.
Doktoretza amaitzear zaude, eta Ikergazte saria eman dizute.
Bai, uztailean entregatuko dut lan ofiziala, baina doktoretza tesia amaitzear nagoela eman didate saria. Ikergazte diziplinarteko kongresua da, Euskal Herrian ospe handia duena, eta bost gai desberdin barne hartzen ditu: Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea, Zientziak eta Natura Zientziak; Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura; Giza Zientziak eta Artea. Era berean, sari desberdinak barnebiltzen ditu: GRAL Gradu Amaierako Lan onenari saria, MAL Master Amaierako Lan onenari saria, doktoretza tesi onenari saria… Baita bestelako sari berezi bat ere: Euskal Herriaren garapenerako garrantzitsuena den gaiari saria. Horixe egokitu zait niri.
Espero al zenuen?
Doktoretza tesiaren prozesua oso gogorra izan da. Nahiz eta ikerketa taldeko kideekin zein zuzendariarekin harreman estua izan, bakartia egin zait une askotan. Horregatik, ilusio berezia egin dit saria jasotzeak. Izan ere, 300 euroko sari ekonomikoaz harago, euskarazko artikulu zientifiko bat publikatzeko aukera eskaintzen du, eta hori da oparirik ederrena.
Artikulu zientifikoak publikatzea zaila eta konplikatua izaten da gaur egun, eta zailtasun hori are handiagoa bilakatzen da artikulua euskarazkoa denean. Zailtasun horretatik, euskaraz publikatzeko aukera izatea da niretzat interesgarriena. Prozesu luze baten azkeneko krisketa izan da, aitortzaz eta errekonozimenduz beterikoa.
Zer da aurkeztu duzuna?
‘Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala’ artikuluagatik saritu naute. Artikulu gisa erreferentzia egiten diodan arren, doktoretza tesiko proiektua bera izan da aurkeztu dudana. Hamar-bat orriko dokumentua idaztea eskatzen ziguten, eta horregatik deritzogu artikulu, baina doktoretza tesiaren proiektua da, azken batean.
Zertan sakondu duzu?
Komunikazioa ikasi nuen, eta gero Nazioarteko Harremanetako masterra egin. Orain, ekonomiaren inguruko ikerketak egiten dituen Orkestra ikerketa taldean nago, Deustuko Unibertsitatearen barruan. Garapen ekonomikoarekin lotuta dauden ikerketak egiten ditugu bertan, eta nire tesiak ere horretatik baduen arren, lurralde garapenaren ikuspegitik zentratu nahi izan dut gehienbat. Zehatzago esanda, proiektua taldeko kideok parte hartu genuen ikerketa proiektuan zentratzen da, demokrazia liberalaren krisiaren baitan. Egungo testuinguruko alor desberdinetan islatu daiteke krisi hori: autoritarismoaren gorakadan, ultraeskuinaren hazkundean, populismoaren igoeran, besteak beste. Hedabideei dagokienez ere, fake news edo buloetan ikus daiteke hori. Giro ezegonkor horretan kokatzen da nire proiektua.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020-2023 urteen artean martxan jarritako herri politikak sortzeko prozesuan jartzen du fokua; herri politikak modu dialogiko eta horizontalago batean sortzea zen helburu nagusia. Nik, hiru urte horietan sortu eta bildutako dena aztertu dut, denera 24 memoria eta 26 lan-dokumentu.
Ideiak garbi izan dituzu hasieratik, beraz?
asterra bukatzen ari nintzela banekien ondoren doktoretza tesia egingo nuela. Beka desberdinak begiratu nituen, eta bukaerarako, doktoretza aurreko ikerlariei begira Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ateratzen duten beketako batean eman nuen izena.
Ikerketa lerroaren aukeraketa ere garbi izan nuen hasieratik. Bi arrazoik baldintzatu zuten erabakia: batetik, interes pertsonal handia nuen gaiarekiko, eta. bestetik, finantziazioa eta dokumentazioa zeuzkan gaia zelako.
Bide aldapatsua egin zaizu ikerketa prozesuan zehar?
Bai, gogorra eta zaila izan da. Dagoeneko bukatzen ari naiz, oraintxe saria jaso dut eta positibo ikusten dut egoera, baina kasu askotan bakartia ere egin izan zait.
Jendea animatuko zenuke?
Norberak egin nahi duena bada, aurrera. Gaur egungo gizartean oso beharrezkoa den lanbidea dela iruditzen zait, nahiz eta dagokion bezala baloratuta ez egon. Aitortza gehiago egin beharko litzaioke.
Hala, bide hau egin nahi duen orori, finantziazioa lortzea gomendatuko nioke. Ez dirudi, baina garrantzitsua da. Funtsean, nahiz eta gai erakargarri bat aukeratu, nahikoa dokumentazio edota finantziazio ez bada, zaila da zerbait gauzatzea edota proiektu bat aurrera eramatea. Hori kenduta, gogotsu dagoen edonor animatuko nuke, beti ere bideak daukan gogortasunaz jakitun utzirik.
Hemendik aurrera, zer duzu buruan?
Ez dut denbora gehiegirik izan hemendik aurrerakoaz hausnartu eta pentsatzeko. Momentuz, ikerketa esparruan sakontzen segi nahi dut; alegia, egiten ari naizenari jarraipena ematen. Gure ikerketa zentroan, lana oso modu autonomoan egiten dugu, eta lerro horretatik jarraitzea gustatuko litzaidake, lurraldean bertan eraginda. Ezohiko modua da, baina erabat interesgarria. ■