Isiltasuna hausteko beharra
Bizitzaren azken faseko arreta psikologikoa funtsezkoa da mina, beldurra eta bakardadea arintzeko. Tabuak hautsiz, profesionalek, pazienteek eta familiak laguntzen dituzte heriotzaren duintasuna berreskuratzeko.
Heriotzaz hitz egitea, kultura askotan, deserosotasunez, beldurrez eta ihesez betetako gaia da oraindik ere. Esperientzia unibertsala den arren, gaur egungo gizarteak ezkutatzeko joera du, ia errituala den isiltasun batez inguratuz. Tabu horrek, amaierari aurre egin behar dionaren prestakuntza emozionala zailtzeaz gain, bizitzaren azken etapan laguntza psikologiko eraginkorra izateko aukera ere oztopatzen du.
Mendebaldeko kulturan, bereziki, heriotza eguneroko espaziotik aldendua izan da: medikalizatu, ezkutatu eta gutxitan hitz egiten da horretaz termino irekietan. Ukazio kolektibo horrek eragotzi egiten du pertsonek beren beldurrak, nahiak edo agurrak adieraztea, eta atzeratu egiten du zainketa aringarriak eta laguntza emozional egokiak eskuratzea.
Heriotzari buruz hitz egitea saihesteak antsietatea eta bakardade-sentsazioa areagotu ditzake pazienteengan. Askok ‘indartsuak’ izan behar dutela edo ‘besteak ez kezkatu’ beharra sentitzen dute, benetan behar dutena partekatzea eragotziz. Isiltasun horrek familiei ere eragiten die, askotan ez baitakite nola komunikatu beren maiteekin une erabakigarri horretan.
Hori arintzeko, psikologoaren eginkizun garrantzitsuenetako bat da, hain zuzen, heriotzari buruz beldurrik eta aurreiritzirik gabe hitz egiteko espazio bat irekitzea. Funtsezkoa da beldurra, tristura, errua edota bakea eta onarpena bezalako emozioak baliozkotzea. Tabua apurtzeak hiltzeko prozesua humanizatzea eta bizitzako azken egunak duintzea ahalbidetzen du.
Nola hautsi isiltasuna?
Etapa goiztiarretatik hezkuntza emozionala sustatzea, familiako elkarrizketetan heriotza txertatzea eta bizitzaren amaieraz hitz egitea normalizatzen duten ospitale-inguruneak sortzea funtsezko urratsak dira tabu hori hausteko. Izan ere, heriotzaz hitz egiteak ez du haren etorrera azkartzen, baina beldur gutxiagorekin eta zentzu gehiagorekin iristea eragin dezake.
Izan ere, bizitzaren azken fasea konplexua eta sentimendu askorekin betea da, gaixotasun terminala pairatzen ari den pertsonarentzat zein haren familiarentzat. Mediku-tratamenduaz gain, arreta psikologikoa ezinbestekoa da bizi-kalitatea bermatzeko, mina eta sufrimendua arintzeko, eta prozesua onartzen laguntzeko. Ospitaleetan, egoitzetan eta etxeko zaintzan psikologoen lana ezinbesteko oinarri bihurtzen da, eta horrek minak, beldurrak, ziurgabetasunak eta bizitzaren azken uneek pertsona bakoitzari ematen dioten zentzua lantzen laguntzen du.
Erreportaje honetan egoera hori bizitzen ari diren pertsonei arreta jartzea da helburua, ingurune bakoitzaren berezitasunak eta erronkak agerian jarriz. Era berean, azken une horiek bizitzen ari diren pertsonak eta beren senideak laguntzen dituzten profesionalen lekukotasunak jasotzen dira, argia, kontsolamendua eta itxaropena eskaintzen dutenak.
Arreta programa
2009. urteaz geroztik, La Caixa Fundazioak sustatutako gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei osoko arreta eskaintzeko programari esker, arreta psikologiko, sozial eta espirituala eskaintzen zaie gaixotasun aurreratua duten pazienteei eta haien familiei. Gipuzkoan, Matia Fundazioak kudeatzen du programa, eta Zumarragako Argixaon, Zumarragako Ospitalean eta Goierri-Urola Garaiko etxeko ospitalizazio zerbitzuan eskaintzen da arreta.
Espainiako estatuan, 65 talde psikosozial daude (APST), eta urtero 34.000 paziente eta 39.000 familia baino gehiago artatzen dituzte. Taldeak diziplina anitzekoak dira: psikologoak, gizarte-langileak, medikuak, erizainak, espiritualtasunaren arloko adituak eta boluntarioak biltzen dira.
Gipuzkoan 5.500 paziente eta 8.300 senide baino gehiago artatu dituzte 2009tik. Dolu arloan, 1.909 pertsona artatu dituzte, eta 2024an bakarrik 189 pertsonari eman diete doluaren jarraipena, bost talde desberdinen bidez, horietako bat dolu perinatalerako espezifikoa.
Arreta psikologikoaren eginkizuna
Programaren helburua da arreta integrala eskaintzea: ez da soilik mediku tratamendua, baizik eta pazientearen eta familiaren egoera emozionala, soziala eta espirituala ere lantzea. Kasuen %90 konplexutasun psikosozial handikoak dira; %60 paziente onkologikoak, eta %40 bestelako gaixotasunak dituztenak.
Carlos Rueda psikologoaren hitzetan, «gure lana da diagnostikoaren ondorengo bizitza-aldaketetan laguntzea, erabaki zailak hartzen laguntzea eta, hala behar denean, eutanasia prozesuetan ere akonpainamendua eskaintzea. Ez da soilik pazienteari begira lan egitea, baizik eta familia-sistema osoari laguntzea». Goierri-Urola Garaiko OSIko etxeko ospitalizazioan dihardu lanean Ruedak.
Arreta ingurune desberdinetan
Ospitaleak azken faseko gaixo askoren eszenatoki dira, non ziurgabetasuna, mina eta beldurra agertzen diren. Bertan, psikologoek banakako eta taldeko interbentzioak egiten dituzte, eta familiarekiko komunikazioa errazteko espazioak eskaintzen dituzte. Ruedak azpimarratu duenez, «pertsona bakoitzaren istorioa entzun, emozioak adierazten lagundu eta une horiek zentzuz betetzea da helburua».
Egoitzetan bizitza-amaierako etapa oso presente dago. Nerea Manterola APSTko psikologoa da Argixao egoitzan: «Erronka bikoitza da egoitzetan: egoiliarrentzat galera eta doluak kudeatzea, eta familiei akonpainamendua eskaintzea. Ingurune bat sortzen dugu, non duintasuna eta emozioak askatasunez bizi daitezkeen».
Azken urteetan, etxeko arreta gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da. Familia-ingurunean, segurtasun eta lasaitasun handiagoa dago askotan. Baina psikologoek dinamika familiarrak eta testuingurua ere ulertu behar dituzte. Ruedak dioenez, laguntza ez dago pazienteari bakarrik zuzenduta: «Sistema osoari, familiari, eskaintzen zaio. Malgutasuna eta sormena funtsezkoak dira hor».
Dimentsio emozional eta espirituala
Manterolak argi dio arreta psikologikoak dimentsio emozionala, espirituala eta soziala ere barnean hartu behar dituela: «Arreta integralean sartzen dira behar fisiko, mediko, sozial, emozional eta espiritualak. Fase honetan, bizitzaren zentzua, iraupena eta itxiera on baten beharra bezalako gaiak agertzen dira, oso garrantzitsuak direnak».
Ruedaren ustez, duintasunezko eta errespetuzko laguntza ezinbestekoa da: «Laguntza beharrezkoa da beti, prozesu osoan zehar. Bide biologikoa gogorra den arren, pertsonak seguru sentitu behar dira eta ez dute bakarrik egon nahi une horietan. Gure lana hori bermatzea da, ez uzteko hutsune eta bakardade sentimendurik».
Familien laguntza
Familiari laguntzea ere funtsezkoa da. Laguntza, taldean edota pertsona bakoitzari espazio propioa eskainiz ematen da, bakoitzak prozesua modu desberdinetan bizi duelako. «Familiei entzutea, beldurrak eta zalantzak laguntzea, eta komunikazioa erraztea funtsezkoa da. Familia sistema bat da, eta sistema hori zaintzea da pazienteari laguntzea», gaineratu du Ruedak.
Gainera, etxeko arretan, malgutasun eta sormen handiagoa behar da, erlaxazio teknikak eta antsietatea kudeatzeko moduak txertatuta. Familiarekin harreman estua izatea ezinbestekoa da pazientearen isolamendu sentsazioa saihesteko.
Profesionalei laguntza
Bizitzaren azken fasean lanean diharduten profesionalek sufrimenduari aurre egiten diote egunerokoan. Besteen mina arintzen saiatzen diren arren, euren emozioak eta nekea kudeatzeko espazioak behar dituzte. Carlos Ruedak dioenez, «gure mina ere zaindu behar dugu, bestela ezinezkoa da arreta benetan gizatiarra ematea».
Horregatik, beharrezkoa da zaintzaileen zaintzan inbertitzea: baliabide gehiago, denbora eta laguntza emozionala. Arreta duina eskaintzeko, zaintza-sistemek, zaintzen dutenak ere kontuan hartu behar dituzte.
Heriotza bizitzaren amaiera bada ere, zaintzak jarraitu egiten du. Eta zaintzaileek ere zainduta egon behar dute. ■
Juan Mari Apaolaza: «Zaintza ez da egotea bakarrik: zaintza maitasunetik egotea da»