«Pasioz bizi dudan horretan lan egitea izugarria da»
Eneko Ibañez (Segura, 2004) duela urtebete hasi zen entrenatzaile pertsonal moduan lan egiten. Segurarrak «betidanik» izan du gustuko kirola, eta zaletasun hori ogibide bihurtzeko apustua egin du pixkanaka. Gaur egun, online kontsultak eskaintzen ditu, eta sare sozialetan ere edukia sortzen du. Instagrameko bere kontua @enekoibanez da. Mekatronikako Goi Mailako gradua ikasi ostean, hainbat esparru probatu zituen Ibañezek, eta azkenean, kirol munduan murgiltzea erabaki zuen.
Zer diziplina lantzen duzu kontsultan?
Gimnasioko jarduerak lantzen ditut gehien, batez ere indar entrenamenduak.
Zein metodo erabiltzen duzu?
Gaur egun, geroz eta gehiago jarraitzen dira oinarri zientifikoak dituzten metodoak, eta niri oso egokia iruditzen zait zientzia oinarri gisa erabiltzea. Hala ere, ez dut guztia modu zorrotzean eta mekanikoan egitea gogoko. Garai batean, entrenamendua sentsazioetan oinarritzen zen gehiago, eta nik bi ikuspegiak uztartzea dut gustuko.
Zein dira motibazioa mantentzeko gakoak entrenatzerakoan?
Nire ustez, egiten duzun horretan disfrutatzea da gakoa. Pertsona batek ez badu entrenatzea gustuko, epe laburrean aspertuta edo nazkatuta amaituko du. Hori dela eta, bakoitzak atsegin duen jarduera bat aurkitu behar du.
Non sartzen da entrenatzaile baten lana?
Entrenatzaile batek bezeroen beharretara eta baldintzetara egokitzen jakin behar du, eta ezin du inor behartu bere metodoa jarraitzera. Zuregana jotzen duen pertsonak helburu batzuk dauzka, eta zuk, entrenatzaile moduan, helburu horiek betetzeko erremintak helarazi behar dizkiozu.
Zer da garrantzitsuena errutina bat ezartzerako orduan?
Komunikazioa ezinbestekoa da. Entrenatzaileak badaki zertan ari den, baina bezeroa eta biak akordio batera iritsi ezean, ez du funtzionatuko. Niregana jotzen dutenei, ezertan hasi aurretik, galdetegi bat pasatzen diet, beraien bizi ohituren eta helburuen berri izateko.
Zein izan da entrenatzaile moduan bizi duzun erronka handiena?
Sare sozialetan hastea izan dela esango nuke. Hasieran lotsa ematen zidan kamera aurrean jartzeak, baina, gaur egun, jendeak zure negozioa ezagutzeko tresna aparta dira. Bestalde, batzuetan ez da erraza izaten bezeroek zuk agindutako entrenamendu eta elikadura planak betetzea. Helburua argi izan arren, hori lortzea ez da egun batetik bestera lortzen.
Zein dira zure gaur egungo helburuak?
Epe motzean entrenatzaile izatetik bizi nahiko nuke. Pasioz bizi dudan horretan lan egitea izugarria iruditzen zait. Epe luzean ez dut asko pentsatu, baina beste entrenatzaile batzuei laguntzea ere gustatuko litzaidake. Nire helburua pixkanaka hazten joatea da, eta geroz eta pertsona gehiagori laguntzea euren helburuak betetzen. ■