«Txakurtxoa da inoiz jaso dudan oparirik bereziena»
Edurne Ormazabalen (Beasain, 1965) aitak trenbidean lan egiten zuen. Hala, Zumarragara bidali zutenean, familia osoa bertara etorri zen. Edurnek 5 urte zeuzkan orduan. Geltokien auzoan bizi ziren. Orain Urretxun bizi da, baina ez du geltokietako auzoarekin harremanik galdu. Izan ere, ia 40 urte daramatza han lanean. Arantxa ahizparekin batera Urki liburu-denda ireki zuenetik. «Delineazioa ikasi nuen, baina berehala liburu-denda ireki genuen. Lokala aitarena zen eta gozotegia ireki nahi genuen, baina Txindokikoak aurreratu egin ziren. Hala, liburu-denda irekitzea erabaki genuen. Oso gustura gaude. Ofizio honek dena du polita. Hori bai, egunero irekitzen dugu. Lotua da, baina bion artean oso ondo daramagu».
Zer zaletasun dituzu?
Sukaldaritza ikastaroak eta dendarako baliagarriak diren sormen ikastaroak egitea. Kirola egitea ere atsegin dut.
Pelikula edo telesail bat?
La milla verde (Frank Daravont, 1999).
Liburu bat.
El ultimo Dios.
Musika talde edo abeslari bat.
Benito Lertxundi.
Abesti bat.
Benito Lertxundiren guztiak. Bat aukeratzekotan, Nire herriko neskatxa maite.
Oporretarako leku bat.
Errioxa. Logroño aldera joan izan gara eta aurten Casalarreinara joango gara.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta ogi txigortua.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Semeen jaiotze egunak. Bi seme ditugu, Jon eta Unai.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Txakurtxo bat. Sekulako gogoa nuen, eta txakurtegitik ekarri dugu.
Amets bat.
Ez dut ametsik. Txakurra falta zitzaidan eta dagoeneko badut.
Bizitzako plazer txiki bat.
Txakurrarekin paseatzera ateratzea.
Goierriko txoko bat.
Mirandaola. Han ezkondu ginen.
Urretxun biziko ez bazina…
Hirurak gustatzen zaizkit, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga, eta Urretxu. ■