AEBetako iskanbilatik Itsasoko lasaitasunera
Jennifer Willis 2016an iritsi zen Itsasora, Amerikako Estatu Batuetako bizitza atzean utzi ondoren. Oraindik euskaraz egiteko zailtasunak dituen arren, ez dio euskara ikasteari utzi.
Ipar Karolinakoa (Amerikako Estatu Batuak) da Jennifer Willis. Duela bederatzi urte iritsi zen Euskal Herrira, David Willis senarrarekin eta Charissa, Danae, Gloria eta Seth Willislau seme-alabekin batera. Hasiera hartan komunikatzerik ere ez zuten lortzen goierritarrekin, eta senarraren ogibidearen bitartez ezagututako zegamar baten laguntzarekin lortu zuten Itsason kokatzea. Asko estimatzen dute herria, baita bertako herritarrak ere.
Senarrak artzain ebanjeliko gisa jarduten zuenez, eliza bat sortzeko asmoz etorri ziren Euskal Herrira: «Aurreneko bost urteetan Lazkaoko elizan egon ginen lanean, eta duela bi urte eliza-komunitate berria eraiki genuen Hondarribian. Gaur egun hogei pertsona inguru biltzen dira». Hala ere, Itsason bizitzea hobetsi zuten, eta gaur-gaurkoz igandero Hondarribiara joaten dira bertako elizkizunetan parte hartzera.
Erlijio-bisa batekin daude Itsason bizi izaten: «Nire senarrak AEBetako erakunde batetik datorren soldata kobratzen du». Hala, Euskal Herrira etorri zirenean, «dokumentu tramite luzeak» igaro behar izan zituzten. Jenniferrek ezin zuen lanik egin; iaz jaso zuen jatorrizko baimena, eta horri esker hasi da Goierrin lanean. Irakasle da Legazpiko ingeles akademia batean.
Bizitza berrira egokitzea
Lehengo bizitza atzean uztea oso gogorra suertatu ez zitzaiola onartu du Jennifer Willisek: «Euskal Herria, eta bereziki Itsaso, leku atsegina iruditu zitzaidan hasieratik. Oso herri berezia da, txikia baina lasaia». Horrek ez du esan nahi, baina, etxearekin gogoratzen ez denik. Janariarekin gertatzen zaio hori, adibidez, eta hemengo janaria asko gustatzen zaion arren, AEBetako «aukera desberdinen eskuragarritasuna» sumatzen du faltan.
Baina gehiago dira gustuko dituen gauzak, gustuko ez dituenak baino. AEBetako trafikoa gorroto du, kasu, eta ez du batere estimatzen: «Kotxe gutxiago daude hemen, soinu gutxiago, eta lasai bizi zara». Eguraldiak eta naturak, berriz, etxean bezala sentiarazten dute: «Eguraldiak antza handia du hangoarekin, han ere udan egunero izaten dira ekaitzak». Eta mendia ere bereziki maite du: «Goierri mendi ederrez inguraturik zegoela ikusi nuenean, berehala maitemindu nintzen: Txindoki eta Aralar, esate baterako, izugarri politak dira».
Euskaraz aritzeko esperantza
Hasieran baino zertxobait gehiago daki orain euskaraz Willisek. Bost urte daramatza AEKren eskutik Itsasoko udaletxean klaseak hartzen: «Itsasoko beste herritar batzuk ere etortzen dira gurekin batera, eta horrek ere lagundu dit jendearekin harremanak egiten hasteko». Hasieran ia ezinezkoa zen berarentzat euskaraz ulertzea: «Hizkuntza zaila eta desberdina denez, hasieran kaotikoa zen, baina orain askoz gehiago ulertzen dut, eta zertxobait behintzat hitz egin dezaket».
Horretarako, beharrezkoa deritzo egunerokora euskara eramatea, eta horretan ari dela ziurtatu du: «Itsason herritarrek euskaraz egiten didate, eta zoragarria da hori». Berak ere ahal duenean euskaraz erantzuten du, nahiz eta oraindik zaila den beretzako. «Garrantzitsua da jendeak ikustea benetako gogoa duzula ikasteko, integratzeko, eta zuen kulturari eta hizkuntzari buruz gehiago jakiteko. Oso garrantzitsua da hori», gaineratu du. Itxaropena du noizbait euskaraz gazteleraz bezala hitz egiteko gai izateko.
Komunitatean integratzea
Itsason denek elkar ezagutzea maite du Jenniferrek: «Ez dut hemendik joan nahi, izugarri gustatzen zait leku hau: ederra da, gertukoa, eta jende zoragarria dago». Hala ere, adierazi du erretiratzen direnean euren asmoa Estatu Batuetara itzultzea dela: «Han dago gure familia: lau seme-alabak, ama adinekoa da eta uste dut etorkizunean gure arreta beharko duela».
Bien bitartean, herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzen segituko dute Willistarrek: festetan, ospakizun partikularretan, herria hobetzeko egiten diren auzolanetan, «komunitatean integratzen» segi nahi dute. ■