Idiazabalgo musugitarra, artzainen alaigarri zaharra
Antzinako musika tresna da musugitarra edo tronpa. Lamelofono familiakoa eta perkusiozkoa, mihiarekin edo hatzarekin jotzen da, ezpainetan tinkatuta. Metalezko xaflekin egina, soinu metalikoa ateratzen du, erresortearen antzeko saltaria. Gaur egun erabat galduta dago, musikologo batzuen ahaleginari esker ahanzturak erabat irentsi ez duen arren. Euskal Herri zabalean jotzen zuten XIX. mendean eta XX. hasieran.
Artzain girokoa ere bazen, neurri txikia zuenez, sakelan eramateko aproposa baitzen. Hain justu, Juan Mari Beltran musikologoaren Oiartzungo Soinuenean dagoen musugitarra bat, Idiazabalgo artzain txabola batean aurkitutakoaren erreplika da. Enekoitz Telleria kazetari segurarrak 2024ko martxoaren 27an Berria egunkarian eman zuen haren berri.
Aita Donostian 1952an jaso zuen tronpa edo musugitarra, euskal musika tresna zaharren bilduman. «Gure tronpak giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko zirkulu antzekoa den uztaia. Muturretatik paraleloki bi beso ateratzen dira aurrealdera. Bi beso horien erdian, behatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat duela. Dena metalezkoa da», deskribatu du Beltranek.
Jose Miguel Barandiaran etnografoak jaso eta idatzi zuenez, XX. mendearen hasieran Ataungo plazan jendeak tronpa-musikarekin dantza egiten zuen. Bedaioko Sarasola txistulari zenaren amak, ilunabarretan, etxeko sukaldean jotzen zuen tronpa txiki bat besteek kanta eta dantza zezaten.
Bizkaiko Durangaldean zeukan musugitarrak –musumusika ere deitua– sehaska oparoetako bat. Durangarrei tronperriko izengoitiarekin deitzen zieten horregatik, tronpak egiten baitziren han, eta jo ere bai. Durangoko dendetan 1890-1895 inguruan tronpak saltzen zituzten, eta 1906-1910 inguruan jotzen zuten. Hernaniko plazan «tronpa dantza» izeneko dantza egiten zen, bestetik, XIX. mende hasieran.
Nicolas Garmendia jotzailea
Azkenetariko tronpa jotzailea Nikolas Garmendia aretxabaletarra izan zen. Orioko Sarobe baserriko Jose Peña Gozategik 1985ean eman zion haren berri Beltrani, Peñak umetan ezagutu baitzuen Garmendia. Eskopetak konpontzen eta estraperloan pistolak saltzen etxerik etxe ibiltzen zen, horietan lo eginez. Sagardo edalea ere bazen, eta iluntzeetan musugitarra atera eta jotzen zuen, etxekoen gozamenerako. Musugitarra jotzaile ona zen.
Musugitarra jotzeko indarra behar zen, ezpainak, mihia eta masailak mugituz ateratzen baitira armonikoak . ■