Liburuek gutaz kontatzen dutena
Maitane Legarreta • Irakurzalea
Azken urteotan behin baino gehiagotan aipatu izan didaten liburu bat erosi nahian ibili nintzen luzaroan, baina ez nuen inon topatzerik izan eta azkenean lagun batek utzi zidan. Harentzat liburu kutuna zela banekien, eta asko eskertu nion keinua. Ondo baino hobeto zaindu nuen eta ahalik azkarren eraman nion bueltan. Eskertza modura, haren bizipenekin lotura zuen eta nerabezaroan irakurri nuen bat laga nion.
Duela hilabete batzuk lagun horren testuingurua aldatu egin zen, eta aurrerantzean, halabeharrez, gure arteko komunikazioa urrituko zen jakitun, kontzertu batera elkarrekin joateko plana egin genuen. Aurretik Donostiako Hontza liburu-dendan bi liburu erosi nituen, bat harentzat eta beste bat niretzat. Liburua irakurri eta gero, elkarrekin geratu eta liburuak trukatzea proposatu nion. Horrekin batera, elkartu arteko tartean bizitakoak eta sentitutakoak, batak besteari kontatu nahi genizkion kontuak, gutun batean idatzi eta liburuaren barruan sartzekotan geratu ginen.
Trukeak ez ezik, liburuen maileguak ere behar-beharrezkoak izaten dira. Urrutira gabe, aurreko batean itzuli zidan beste lagun batek utzi nion liburu bat. Halakoetan, eskertsu jasotzen dut eskuetan, itzulerako bidea topatu ez zutenak gogoan. Haiek beste abentura batzuk bizitzen arituko dira, batek daki non, batek daki norekin.
Konfiantza eta zaurgarritasun ariketa ere bada maite dituzun liburuak maileguan uztea. Betiko galduko ote dituzun ikaragatik ez ezik, baita azpimarratutako esaldiek eta idatzitako oharrek zuri buruz jakitea nahiko zenukeena baino gehiago kontatzen ote duten kezkagatik ere. Beldurgarria bezain ederra da liburuek gutaz kontatzen dutena. ■