Makillaje
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Ahoaren ezker aldetik sudurra gurutzatu eta eskuin bekaineraino iristen den lerro beltz lodia margotu dut goizean ispilu aurrean. Hiruzpalau zentimetro zabal, beste lerro meheago batek gurutzatzen du erdialdean, justu begien azpitik, ahalik eta horizontalen marraztu dudana. Paraleloan, zentimetro erdi beherago, lerro mehe berdintsua, orain laranja kolorekoa.
Makillaje material guztiak atera ditut horretarako. Izena oso gustuko ez dudan arren, ezin uka aproposa dela larruazal koloreko krema honi zuzentzaile deitzea, eta harekin ezabatu ditut kopetan daukadan peka indiskretu hori eta begi-zulo ilunak. Disimulatzen zaila da sudurrean daukadan marka, bost urterekin izandako barizela eta hazka egiteko autokontrol faltaren oroigarri daukat. Azken ukitua masail ingurutik, belarrien aldera, triangelu bat, laranja baita ere.
Entseatzen nabil. Ez, ez da pailazoarena egiteko, ez festa tematiko batera joateko, ezta antzezlan baterako, ezta mozorrotzeko ere. Datorren astean oporretan noa eta jakin dut aurpegia errekonozitzeko makinak instalatu berri dituztela Bilboko aireportuan. Datu-base bat eratzen dute makina horiek, poliziarekin elkarlanean. Kontrola azkar pasatzeko dela kontatuko digute, sarritan nekeza zaigun tramite hori arintzeko promesaz.
Ondoren, datu-base hori erabiliko dute metroan, bus-geltokietan, supermerkatuko pasilloetan eta kalean bertan. Goizago edo beranduago, baimenik eskatu gabe izango gara identifikatuak, eta gehien larritzen nauena ez da anonimotasun eta askatasun falta, larritu ere, baizik eta zein beste helburu gogaikarri edo publizitariorekin erabiliko ote duten.
Orduan hasiko gara bilatzen nola egin kamuflajezko makillajea. ■