«Asko ikasi dut herriko jendearengandik»
Bere aitonaren baserria –Soraluze– berreskuratu eta Zegaman bizi da Ana Muñoa (Entrena, Errioxa, 1995). Fruitu txikien landaketa jarri du, eta lan horretan ari da buru-belarri. «Txikitatik gustatu izan zaizkit hemengo basoak, pasaiak eta kultura. Nire ilusioa baserri batean animaliaz inguratuta bizitzea zen, eta aukera suertatu zitzaidanean ametsa gauzatzen hastea erabaki nuen». Ahabiak, masustak, mugurdiak eta grosellak produzitu eta Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko denda batzuetan saltzen ditu. «Asmoa daukat Zegamako dendetan ere saltzeko, baita herri ezberdinetako azoketara joateko ere. Marmelada ezberdinekin ere frogak egiten ari naiz». Hasierak gogorrak izaten badira ere, «gogoak gain hartu dio nekeari eta frustrazioari. Nire familia eta zegamarrak beti daude laguntzeko prest, eta asko ikasi dut herriko jendearengandik». Euskara ikasten ari da, «beti bizi izan naiz Errioxan. Euskaraz agurrak eta oinarrizko lau gauza besterik ez nekizkien».
Zer zaletasun dituzu?
Zaldiz ibitzea eta mendian ibiltzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Inside nº 9, telesail britainiarra.
Liburu bat.
La piel fria.
Musika talde edo abeslari bat.
Amaia.
Abesti bat.
Izaroren Txori ere.
Oporretarako leku bat.
Dolomitak (Italia).
Zer gosaltzen duzu?
Kafea eta tortilla.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Landareak landatu nituen eguna. Lagun asko etorri ziren laguntzera eta ilunduta bukatu genuen. Oso polita izan zen, euria hasi zuen eta abestuz jarraitu genuen frontalekin.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Zirku ikuskizun bat.
Amets bat.
Animalia asko edukitzea baserrian.
Bizitzako plazer txiki bat.
Oporretan, esnatu ondoren, ohean irakurtzea, kafe batekin.
Goierriko txoko bat.
Zaldibiako putzua. ■