Denboraren igaroa zortzi kantutan
KIIMAK taldeak zortzi abestiz osatutako diskoa argitaratu zuen maiatzean. Seguran egin zuten lanaren aurkezpen emanaldietako bat, eta «harrituta» daude lanak izan duen harrerarekin.
Geroz eta gehiago dira Euskal Herriko musika eszenan lekua egiten ari diren musika taldeak, eta KIIMAK taldea da horren adibideetako bat. Ainhoa Etxezarreta eta Nahia Garaikoetxea antzuolatarrek sortu zuten proiektua 2020an, eta hasiera batean bikote gisa aritu baziren ere, taldea zabaltzea erabaki zuten disko bat grabatzeko helburuarekin. Horrela, hiru goierritar batu zitzaizkien taldera iazko udan: Aimar Barandiaran idiazabaldarra (pianoa) batetik, eta Manex Rivela (bateria) eta Ane Irizar (baxua) segurarrak, bestetik.
Irailean elkartu ziren boskote moduan lehenengo aldiz, eta bateratze horretatik lan bat atera da: Denboraren lehia diskoa. Hiru neskentzat estudio batean sartzen ziren aurreneko aldia izan da. Ez ordea Rivela eta Barandiarentzat; biek, aurretik, Hizpide taldearekin Zaurgarri diskoa grabatu zuten.
Esperientzia izan edo ez, KIIMAK moduan lan egin duten lehenengo aldia izan da denentzako, eta «oso gustura» daude bai lortutako emaitzarekin, baita diskoak izan duen harrerarekin ere. Hainbat herritan izan dira dagoeneko lana aurkezten, horien artean Seguran, eta taldekideek jendearen gustukoa izango zen «bihozkada» bazuten ere, ez zuten «inondik inora» espero diskoak izan duen harrera ona.
Zortzi olerki, zortzi istorio
Denboraren lehia diskoa pop eta blues estiloko zortzi abestik osatzen dute. Izenburuan antzeman daitekeen moduan, denboraren igaroa da diskoaren ardatz nagusietako bat, eta kantu guztiak belaunaldi ezberdinei eskainiak daude. Taldekideek esan dute abesti bakoitzak «istorio propio» bat kontatzen dutela, baina helburua entzuten duen orok kontakizunak «bere bizitzarekin lotzea» dela, eta sortutako letra horiek «bakoitzak bere» egitea. Zortzi kantuek beren «xarma» dute, baina azkena da boskotearen ustetan bereziena: «Denboraren lehia abestiak diskoan landu nahi izan dugun kontzeptua jorratzen du, eta horregatik aukeratu dugu diskoaren izenburutzat».
Sormen prozesua
Diskoaren grabaketa prozesuan «asko ikasi eta disfrutatu» dutela esan dute musikariek, baina baita azkenerako «luze» egin zaiela ere: «Oso egun politak eta bereziak bizi izan ditugu, baina baita neketsuak ere; horrenbeste ordu estudio barruan egoteak asko nekatzen du». Prozesu osotik azpimarratu duten momentua azken fasea izan da, bai onerako eta baita txarrerako ere. «Azkeneko zatia izan da ibilbidetik gehien disfrutatu duguna, baina baita luzeena egin zaiguna ere. Abestiek forma zeukatela ikustea oso polita izan da, eta esan daiteke orduan hasi garela benetan egiten ari ginen horretan sinisten. Hala ere, gutxien disfrutatu ditugun momentuak ere orduan bizi izan ditugu. Nahiz eta abestiek itxura ona zeukaten, amaitzeko gogoa geneukan», diote.
Diskoaren esentziari jarraituz, boskotea «oraina» bizitzen ari da, eta Denboraren lehia lanari «ahalik eta zuku gehiena» atera nahi dio. Etorkizunean pentsatzen jarri ez badira ere, ez dute alboratu beste artistaren batzuekin lan egitea. Gehitu dutenez, gehien gustatzen zaiena jotzerako orduan duten «konexioa» da, eta oraingoz behintzat, egiten duten horrekin «disfrutatzen» jarraitzea dute helburu ■