Erreleboaren kezkak argitzeko erreminta
Goieki garapen agentzia eta Goierri Valley enpresa elkartea ‘Goierriko enpresen jarraikortasuna’ proiektua lantzen ari dira. Diagnostiko bat osatu dute, eta datorren urtean RLBO 360º zerbitzua jarriko dute martxan.
Jabetzan edo kudeaketan errelebo garaian dauden enpresen jarraikortasuna bermatzea da Goieki garapen agentziak eta Goierri Valley enpresa elkarteak martxan duten Goierriko enpresen jarraikortasuna egitasmoaren helburua. Bi erakundeek partekatutako hausnarketa batetik eratorri zen proiektua abiatzea –enpresa txiki asko itxi egin dituztelako azken urteetan erreleboaren auzia landu ez dutelako–, eta galdetegi bidezko diagnostiko bat egin ondoren, datorren udaberrira arteko plangintza bat dute esku artean.
Goiekiko Industria arloko arduradun Xabier Perezek bestelako xehetasun bat gehitu dio proiektuaren helburu orokorrari: «Helburu nagusia da enpresa bat ez ixtea saiatu ez delako edo horrelako errelebo bide bati ekin ez diolako behintzat. Kezka hortik etorri zitzaigun, ikusi dugulako enpresa asko itxi direla errelebo prozesua bera martxan garaiz jarri ez dutelako. Egoera horri aurre egiteko intentzioarekin egin dugu hausnarketa hau guztia».
Kontatu du haien atea jo izan dutela esanez enpresa saldu nahi dutela bai, baina sei hilabetean jubilatu nahi dutela. «Kalkuluak aterata daude. Dena ondo ateraz gero, hiru-lau urteko prozesuak izaten dira, eta beste batzuk sei urtera ere luzatzen dira. Kasu askotan oso-oso berandu ekin izan zaie horrelako prozesuei».
Diagnostikoaren emaitzak
Kezka hori ETEetan (Enpresa txiki eta ertainak) egon badago – ‘Galdetu dut, baina inork ez du jarraitu nahi’, esan ohi dute–, baina Perezek adierazi duenez, baita industria arloko enpresa handiagoetan ere. «Horiek ikusten dute urteetan hornitzaile estrategiko izan duten enpresa bateko jabetza edo gerentzia zahartzen ari dela, eta kezka dute lan hori aurrerantzean nork egingo dien».
Bi erakundeek diagnostiko bat behar zutela ikusi zuten, eta horixe egin zuten 2024ko udazkenean. «Guk Goierriko egoeraren mapatze bat egin nahi genuen, ikusteko zer enpresa zeuden bai jabetza, bai gerentzia aldetik 53-55 urteren bueltan, haien atea jo, zerbait pentsatu ote duten galdetu… Helburua izan da enpresa horiek horrelako prozesu bat martxan jarri ez badute zergatik izan den jakitea. Jatorria hori da».
Galdetegi hori 150 enpresa ingururi bidali zieten, 35ek erantzun zuten, eta hori izan dute lagina. Erantzun duten gehienak ETEak izan dira, batzuk familia-enpresak eta besteak ez. «Ondorioetan ez dago diferentzia handirik dituzten beharren artean, baina bai ikusten dugu 35 enpresa horietatik bederatzik hurrengo 5 urteetan horrelako prozesu bati ekiteko beharra daukatela, eta oraingoz ez dakitela nola ekin horrelako prozesu bati».
Egoera horretan dagoen enpresa kopurua «inportantea» dela dio Perezek, eta horrek «adi egotera behartzen» dituela. «Eta beste ondorio bat da enpresa txikienek ez dakitela prozesu hori nola martxan jarri: zeinekin bai, zeinekin ez, diru-laguntzak badaude baina nola jokatu jakin ez… Hortaz, non egina badago». Enpresa horiek 50 langile baino gutxiagokoak dira.
Hasteko, proba pilotua
Hausnarketa eginda eta diagnostikoaren emaitzak eskuan dituztela, errelebo zerbitzua martxan jartzea izango da hurrengo urratsa. «Jakin dugu orain arte zergatik ez dituzten egin horrelako prozesuak: batzuek ez dakitelako, beste batzuk beranduegi konturatu direlako… Ikusi dugu detekzioan, sentsibilizazioan eta lehen balorazio baten beharrean nitxo bat badagoela, eta behar hori ez dagoela aseta».
Zerbitzua «gutxi gorabehera definituta» dutela dio, baina datorren urteko udaberri-udan ofizialki martxan jarri aurretik, bost-sei enpresarekin «testatze lana» egingo dutela aurreratu du. «Udazkenean hasiko gara horiekin lanean, proiektu pilotu modura zerbitzua oraindik eta gehiago definitzeko».
Paper diferenteak jokatuko dituzte prozesu horretan Goiekik eta Goierri Valleyk. Garapen agentzia «sentsibilizazioan eta identifikazioan» zentratuko litzateke, «jardunaldiak eta praktika onen saioak» antolatuz. Enpresa elkartearen ardura «bide-orri baten definizioa» izango da: «Egoera ezagutu, zer urrats egin dituen eta zein ez, nork eskain diezaiokeen zerbitzua…».
Bide-orri horren definizioa egiterakoan enpresa bakoitzaren «lehen balorazioa egitea» ere aurreikusten dute. «Ez da oso sakona izango, baina indikatzaile objektiboak erabiliko ditugu enpresa bakoitzaren argazkia edukitzeko». Bi erakundeen egiteko nagusia «sentsibilizazioa eta lehen gerturatzea» izango da. «Ikusten du ETEetan halako prozesuetarako ez-ezagutza eta iritsi ezina daudela». Horri egin nahi diote aurre RLBO 360º zerbitzuarekin. ■
RLBO 360º zerbitzua
Zergatik?
- Gero eta gehiago dira enpresa ixtea buruan dutenak errelebo falta dutelako. Bide horretan jarraituz gero bailarako industria-sarea galduko da.
- Enpresa txikienek ez dakite prozesuari nola aurre egin, eta haien aholkulariek ez dute hori bideratzeko zerbitzurik edo ezagutzarik.
- Eskualdeko industria-sarea ezagutzeak, enpresen egoeraren berri izan eta modu pro-aktibo batean eragitea ahalbidetzen du.
- Enpresentzako balio erantsia duen zerbitzu bat da, eta Goierri Valley eragile garrantzitsu modura kokatzen du.
- Gipuzkoak duen erronka batekin egiten du bat.
Zertarako?
- Aurrez hausnartu eta saiatu ezarengatik, jarraikortasunik ez duten enpresak itxi ez daitezen.
- Egoerari aurre hartu eta pro-aktiboak izateko erremintak lortzeko.
- Enpresentzako erreferentziazko zerbitzu bat izateko.
- Goierri Valley/Goiekira enpresa gehiago gertura daitezen sustatzeko.
- Erakundeek (Goierriko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak) industria-sarearen lehiakortasunerako eragile garrantzitsutzat har ditzaten.