«Guk, gutxienez, nahiko udal irekia lortu genuen»
Azaroan 50 urte beteko dira Franco hil zenetik. Juan Pedro Agirre Ugarte (Legazpi, 1946) zinegotzi zen garai hartan Legazpiko Udalean. Aro demokratikoan parte hartu zuen beste bi udal korporaziotan, baita Gipuzkoako Batzar Orokorretan ere, HB ordezkatuz. Gaztetatik jorratu du aktibismoa.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Brinkolan jaio nintzen, Igaralde baserrian, baina 2 urterekin kalera jaitsi nintzen, San Ignaziora lehenengo, eta gero, fabrika ondora. Eskolan, lehenengo plazan ibili nintzen, eta gero La Sallen. Han Batxilergoa hasi nuen, eta Donostiako La Sallen amaitu nuen, azken urtea interno eginda.
Eta gero unibertsitatera?
Tarragonara, Unibertsitate Laboralera. Gaikuntza ikasturte bat egin ondoren, adar metalurgikoko peritajea egiten hasi nintzen. Bigarren ikasturtea Kordoban egin nuen, eta Donostian amaitu nuen karrera, Peritu Eskolan.
Garai hartan soldadutza ere bazegoen.
Ikasketekin batera egiten zen, udako miliziak ziren. Ekain bukaeran joaten ginen, eta hiru hilabete egiten genituen Zamorako Montelarreina kanpalekuan.
Etxera etortzen al zinen?
Ikasketak eta miliziak zirela, ez asko. Ikasten ari nintzela, Gabonetan egun batzuk bakarrik, eta udan beste astebete… Euskara ere galdu nuen!
Legazpira itzuli, eta lanera?
Aita Patrizio Etxeberriaren familiakoa izanda eta ikasketekin, erraz sartu nintzen lantegian, Ajustajean. Baina soldaduska amaitzeko Ciudad Realera joateko deitu, eta beste hilabete batzuk egin nituen kanpoan. Itzulitakoan, lantegian jarraitu nuen, eta gutxira Atxurtegiko nagusi bihurtu nintzen, 23 urterekin, ehundik gora langilerekin.
Noiz hasi zen zure aktibismoa?
Herrira itzulitakoan. Oarguin sartu nintzen. Antifrankistak ez dut esango, baina horren babesean herria mugitzeko hainbat jende bildu ginen, Arrazola, Urtzelai, Ibeas… Kirolaren eta kulturaren arloak ukitu genituen. Benito Lertxundi ekarri genuen, Gabonetan jaiotza biziduna egiten genuen, festetan karrozak… Mugimendu dezente eman genion Oarguiri, baina indarra galtzen joan zen, leku askotan bezala, 1969-1970 inguruan. Ilintxak hartu zuen pilota, Izadi Zaleak sortu zen mendirako, eta bestea eta bestea… desagertu zen arte.
Noiz sartu zinen udalean?
1974ean, Franco bizirik zegoela. Zinegotziak sektoreka aukeratzen ziren, hatzez, tertzio familiarretik, tertzio sindikaletik eta erakundeen tertziotik. Herrian bazegoen mugimendu bat udalean frankista ez zen jendea sartu nahi zuena, Oarguiren ingurukoa eta sindikatuetan zebilena, eta haiek proposatu ninduten zinegotzi sartzeko, tertzio sindikaletik. Ni sekula ibiltzeko nengoen sindikatu batean, baina konpondu zuten auzia.
Zeinek osatzen zuen korporazio hura?
Alkatea Juan Carlos Lamfus zen, lehenengo alkateordea Fernando Belintxon, bigarrena Joxe Gonzalez, eta zinegotziak Jose Ignacio Elortza, Jesus Maria Fernandez, Prudencio Larrañaga, Nicolas Gonzalez de Langarika, Pedro Solana, Luxiano Zabaleta, eta ni. Lamfusen aurretik, 40 urtetik gora egin zituen Aldasorok, eta haren ondoren urtebete Ubarretxenak. Lamfus ez zen zuzenean gobernadore zibilak proposatuta iritsi alkatetzara, baina frankismoaren ingurukoa zen.
Nola funtzionatzen zuen udalak?
Lau urtetik behin osatzen zen, zinegotzi batzuk aldatuta. Gu, erakundeen tertziotik Solana, familiarretik Fernandez, eta sindikaletik ni sartu ginen. Alkateak eta bi alkateordeek Iraunkorra osatzen zuten, eta egunerokotasuneko erabakiak hor hartzen ziren. Gai potoloak plenora eramaten ziren, ia orain bezala, antzera. Baina bakoitza bere kabuz zebilen, ez zegoelako alderdi politikorik, joerak baizik.
Batzorderik ez zegoen?
Bai. Nik, adibidez, hezkuntza eta kirola neraman. Zabaleta nekazaritzakoa zen, Solanas zerbitzuetakoa, eta besteak beste suhiltzaileak, urtegia eta erraustegia eramaten zituen. Belintxonek ez zuen sail zehatzik, guztietako perrexila zen, eta harreman politikoak markatzen zituen. Gonzalezek festak eramaten zituen, eta danborrada sortu zuen. Elorzak kultura eramaten zuen. Hirigintza alkatearena zen, eta diru gaietarako interbentorea zegoen, eta idazkaria ere bai. Ez zegoen askoz ere langile gehiago, aparejadorea, arkitektoa…
Nolakoa zen zuen lana?
Mugatuta geunden gauzak egiteko, eta gainera, esperientzia gutxi genuen, nik behintzat. Baina nik, Oarguin ibilia nintzelako, Legazpi ezagutzen nuen pixka bat, eta banituen kezkak, baita abertzaletasunaren aldetik ere. Orduan esnatu ginen gu arlo horretan, nahiz eta gai askotaz ezin genuen edozeinekin hitz egin, Burgoseko prozesuaz bezala. Baina tira, guk, gutxienez, nahiko udal irekia lortu genuen, herriko elkarteekin harremana zuena.
Garai hartako proiektu nabarmenik?
Gauza asko lortu genituen. Zumarraga, Urretxu eta Ezkiorekin proiektu komunak aurkezten genituen, baina handienak Zumarragan eta Urretxun geratzen ziren, Lanbide Heziketa eta institutua bezala, Legazpin zaborrak, erraustegia eta urtegia geratu ziren bitartean. Baina gure kontura hasi ginen, eta lortu genituen kultur etxea eta jubilatuen etxea, Diputazioak finantzatuta eta Madriletik etorritako diruarekin.
Garai zailak ere izan zenituzten.
Atentatuak izan ziren Legazpin. 1976ko maiatzaren 3an, herriko festetan, guardia zibil bat [Antonio Frutos] hil zuten Urtatzako urtegian jarritako bonbarekin, eta gu, udaleko ordezkariok, Lamfus alkatea buru genuela, kuartelean izan ginen doluminak ematen, barkamena eskatzen… errepresioa pixka bat arintzeko. Hala ere, errepresio handia egon zen, eta jende asko atxilotu zuten, batzuk ordu batzuetarako, beste batzuk hiru-lau egunetarako. Baina belarrondoko handiak jaso zituzten denek.
Gertakari gehiago izango ziren.
Oso garai asaldatuak ziren. Atentatuak, presoak, atxiloketak, manifestazioak… Guardia zibila erail baino lehen, aurreko urteko irailean beste atentatu bat izan zen Legazpin, eta Albino Cordoba Ur Zerbitzutako burua zauritu zen Bikuña futbol zelaia egiteko obretan ikurrin bat kentzera joan zenean. Lehenago, 1975ean, Josu Mujika erail zuten Madrilen. Atxilotuak ere izan ziren, Amilibiatarrak, Zuhaitz… Fabrikako bi hilabeteko greba ere izan genuen [1976].
Eta Bergarako mugimendua?
Han ere izan ginen, bai. Franco hilda, segituan hasi zen mugimendu bat, hemen zerbait egin behar genuela esaten zuena, Euskal Herriaren burujabetzaren aldekoa. Lamfusek politika-kontu horietan sartu nahi ez zuenez, Legazpin Elortzarengana eta nigana jo zuten, gu ginelako abertzale inguruan mugitzen ginenak. Bergarako Alkateen Mugimendua izan zen hura, eta gu hasi ginen joaten, eta gero baita Prontxio Larrañaga ere, Lamfusek alkatetza utzi eta jarduneko alkate bihurtu zenean. Prontxio, gainera, mugimenduko idazkaria izan zen. Buru-belarri sartu ginen, eta Bergaran 1976ko uztailaren 21ean egin zen topaketan izan ginen. Orduan irakurri zen dokumentua gaur irakurriko balitz nik uste dut denak kartzelan geundekeela.
Ikurrina zuk ipini zenuen.
Bergarako topaketan ni izan nintzen Legazpiko banderaduna, eta nik jarri zuen ikurrina gure udaletxeko balkoian, Pedro Solanarekin batera, 1977ko urtarrilaren 19an. Gipuzkoan ikurrina jarri zuen lehen herria izan ginen. Mugimendu gehiago ere egon zen orduan: Etxarri Aranatzen ibilaldia, alkateen eta Martin Villaren arteko negoziazioak, Batzar Nagusiak berreskuratzea, euskara, amnistia…
Udal demokratikoa ere eratu zen.
Lehen hauteskunde demokratikoak 1979ko apirilaren 3an egin ziren, eta ni alkatetzarako aurkeztu nintzen. Zerrendetan aurkeztu ginen guztiok dimititu egin genuen, tartean Larrañaga alkateak, eta haren ordez Gonzalez de Langarika geratu zen, lehen korporazio demokratikoa eratu arte.
Zein alderdirekin joan zinen?
Odurako ESB Euskal Sozialista Biltzarrean nenbilen, eta hori Herri Batasuna koalizioa 1978an sortu zuen alderdietako bat zenez [Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI) eta Langileen Alderdi Iraultzaile Abertzalea (LAIA) ziren besteak], HBrekin joan nintzen, baina independente gisa.
Aukerak zenituen alkate izateko?
Egia esan, ez. Berriak ginen, baina burua ateratzea lortu genuen, hamazazpi zinegotzietatik lau aterata, ni, eta Mila Beitia, Iñaki Auzmendi eta Julen Errasti. Nahiko pozik geratu ginen. Jose Ignazio Elortzaren EAJk arrasatu egin zuen, bederatzirekin, beste bi PSOEk atera zituen, eta besteak Euskadiko Ezkerrak.
Zer giro zegoen lehen udalbatzan?
Gu gaizki hasi ginen, onartzen dut, alkatetzarako bozketan ez bozkatzea erabaki genuelako. Hura mespretxu handi bat izan zen, hauteskundeekin ados ez geundela adierazi genuelako. Horrek min handia eman zion EAJri, eta harremanak okertu egin ziren. Jose Ignazio Elortza zen alkatea, eta bederatzi zirenez, gehiengo absolutua zuten, ez genuen batere aukerarik ekimen bat ere aurrera ateratzeko. Plenoetan egundoko eztabaidak izaten genituen, mesfidantzak zeuden… Gainera, ‘Hika’ aldizkaria kaleratzen hasi ginen, udaleko gaiak eta politikoak jorratzeko, eta egurra ematen genion udal gobernuari. Haiek ere oso garai zailak izan ziren.
Ez zenuen osatu legealdia. Zergatik?
Bi urte eginda, utzi egin nuen, Legazpi inguruan kooperatiben alde sortu zen mugimendua gidatzeko. Gogar kooperatiba sortzea lortu genuen, Urretxun, musika ekipoetako bafleak egiteko. Lau urte iraun zuen, oso zaila zelako Sony bezalako markekin lehiatzea. Porrot egin genuen, baina langile guztiak kooperatibetan sartu ziren gero.
Mehatxuak jaso zenituen.
Bai, 1983an Patricio Etxeberriaren biloba bahitu zuten, eta hura askatzeko eskatuz, ni eta nire familia mehatxatu gintuzten. Latza izan zen hura.
Berriz itzuli zinen udalera?
Aurrerago, eta 1987-91 legealdi osoa egin nuen, EAtik Prontxio [Larrañaga] alkate zela. Orduan bai, bozkatu genuen, Prontxioren alde, eta gobernuan ere sartu ginen. Orduan bai, eragin handia izan genuen udalean, eta lortu genuen, besteak beste, Plazaolan etxe sozialak egitea, herriaren konfigurazioa aldatuz.
Eta gero, Batzar Nagusietara.
1991tik aurrera, zortzi urterako. Lehenengo legealdian HBkook ez genuen parte hartu, baina bigarrenean bai, lan egin nuen. Leitzarango autobidearekin ibili ginen, horren kontrako plataformen eta Diputazioaren artean irtenbideak adosteko lanetan. Diputazioan parte hartzeko aurrerapausoak eman genituen orduan, eta gure atzetik beste batzuk etorri ziren.
Batzar Nagusiak amaitutakoan, zer?
Herriko HBren egoitza bilatzeko lanetan hasi ginen, eta ni buru-belarri ibili nintzen, Lekanazpi sortu arte.
Bitartean, fabrikan jubilatu zinen
Batzarkide nintzenean lantegian lan egiten nuen, orduan ez geundelako liberatuta orain bezala. 2006an jubilatu nintzen, lanean 41 urte eginda.
Orduan utzi zenuen politika aktiboa?
Batzar Nagusietan bukatzean, aldendu egin nintzen eguneroko politikatik. Joaten nintzen batzarretara, Iraunkorrean egon nintzen, eta Xote Plazaola alkateari laguntzen ibili nintzen. Orain erabat utzita dut politika aktiboa. ■
Bola jokoak jarrai dezan
Oargui, Ilintxa taldea eta zuzendaritza, Legazpiko Udala, Bergarako Alkateen Mugimendua, Herri Batasuna, kooperatibak, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Haztegi ikastola, Hoska irratia, Lekanazpi elkartea, ‘Egin’ eta ‘Gara’ egunkariak, Danantzako bolari kluba… Juan Pedro Agirre hainbat saltsatan sartuta bili da, eta oso aktiboa izan da beti. Baita orain ere, lanetik jubilatuta eta bizitza politikotik erretiratuta dagoenean.
Orain bola jokoarekin eta Danantzakorekin asetzen du aktibismo hori, herrian bolak jarrai dezan lanean dihardu eta. Jokatu ere egiten du, gaizki ez gainera, hainbat garaikur eta sari jasotakoa delako. Euskadiko Txapelketa ere irabazitakoa da, 2014ko ekainaren 9an. Egun hartan ateratakoa da legazpiar honen argazki kuttuna.
Eta orain denbora gehiago du familiakoentzat. Etxekoek lagunduta jaso zuen duela hilabete batzuk Lekanazpi elkartearen omenaldia, politikan eta herrigintzan egindako ibilbide luzea aitortu ziona. «Egundoko sorpresa izan zen, asko hunkitu nintzen. Batzuk nitaz gogoratu eta egin dudana baloratu dutela ikustea hunkigarria izan zen», dio.