Kultur teknikari
Antton Fernandez Lasa • Dantzaria eta bertsozalea
B planik ez daukat bizitzan, eta nire alde arrazionalak okerrenerako prestatzeko eskatzen dit batzuetan. Ohiko dudanaz bestelako zein ogibidetan jardungo nukeen galdetu izan diot, beraz, nire buruari. Euskarazko antzerki, dantza emanaldi, idazle, ikastaro edota ikus-entzunezkoak programatzen gozatu egingo nukeela pentsatuz, kultur teknikari edo teknikariaren alboko rolak ederretsi ditut inoiz. Badakizue, funtzionariak: astelehenetik ostiralera asko jota egunean zazpi ordu bulegoan, itxurazko soldata, Donostian egiten diren moduko arte eszenikoetako azoketako goiz-eguerdietako emanaldiak lan ordutan ikusi….
Baina, idealizazioak utzi, eta urrutiko intxaurren esaera gogoratzean? Postu horietara iristeko oposizioa prestatu eta gainditu behar izaten da. Horrez gain, Goierriko herri guztietan ez bada gehien-gehienetan, lehenago aipatutako kontu atseginek beraien lan jardunaren tarte bat baino ez dute beteko, herriko festak ordu txikitan koordinatzeko ardura ere beren gain izaten baitute, diru laguntzak garaiz zuritu ez ditugun taldeei belarritik tiratu beharra suertatzen zaie, eta legegintzaldiz legegintzaldi kolore bateko zein besteko kultura zinegotzien bitartekari ere aritzen dira.
Ondorioz, hasierako ideia baztertuta, kultur etxeetarako sartu-irtenetan haiekin elkartzen jarraitzea nahiago. Batzuek «bultza gogor hortikan», «ta bultza guk hemendikan», mugi ditzagun herriok elkarreraginean, kultura erabat instituzioen baitan utzi gabe, betebeharrei pasioa erantsiz, elkarri ondo egindakoak aitortuz, eta betikoa errepikatzetik harago, arriskatuz. Herrietan astegunetan eskaintzen diren ekitaldiak egun bereko eskola orduetan tokiko haurrei eta nerabeei ematea izan daiteke bide bat. ■