Txipiroiak tintan
Osagaiak
- Kilo bat txipiroi
Saltsa egiteko
- 2 tipula
- Piper berde erdia
- 4 baratxuri ale
- 2 goilarakada oliba olio
Betegarria egiteko
- Tipula 1
- Piper berde erdia
- 3 baratxuri ale
- Ogi birrindu goilarakada 1
- 2 goilarakada oliba olio
Prestaketa
Txipiroiak ondo-ondo garbitu ondoren, alde batetik garroak eta bestetik gorputzak gorde behar dira.
Saltsa egiteko osagai guztiak xehatu, eta oliba olioarekin sueztitu, bigundu arte. Txipiroien tinta gehitu eta irabiatu ondoren, gatz puntuan jarrri.
Betegarria egiteko osagai guztiak txiki-txiki moztu eta oliba olioarekin sueztitu. Ondoren garroak txikitu eta barazkiei gehitu. Bost minutuz egiten utzi eta ogi birrindua gehitu loditzeko.
Txipiroiak betegarriarekin bete eta zotz batekin itxi. Zartagin bero batean txipiroiak frijitu eta saltsa gehitu. 45 bat minutuz egiten eduki eta zerbitzatzeko prest daude. ■
Aiert Izagirre • Zeraingo Ostatua
Aiert Izagirre Telleria segurarrak duela 6 urte hartu zuen Zeraingo Ostatua kudeatzeko ardura. Aurretik hainbat urtez Lierniko Mujika jatetxean eta Donostiako Brankan lanean aritutakoa da Izagirre.
Euskal sukaldaritza tradizionala lantzen du batez ere Zerainen. Platerik arrakastatsuenak bakailao entsalada, barazki krepak, legatz betea, txekor masailak… dira. Azkenburukoetan, berriz, gazta tarta eta pantxineta oso estimatuak dira.
Jaki horiek gozatzeko 50 lagunentzako jangela dago Zeraingo Ostatuan.
Astean zehar eguneko menua eskaintzen dute eta larunbat zein igandeetan asteburuko menua: 4 sarrerako eta 6 bigarren plater. Azken finean karta txiki baten modukoa da.
Horrez gain, tabernan errazio eta pintxo aukera ere badago.