Udalekuak, herria saretzeko
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Iltzatuta daukat 10 urte ingururekin egunerokoan idatzi nuen esaldia: “Hau da egunerokoan idatzi dudan mezurik tristeena”. Orduko musika irakaslea hil zitzaigun, itota. Ez dut uste heriotzaren krudeltasuna deskubritzera iritsi nintzenik, baina idazte hutsak zerbait alda dezakeela uste nuen orduan ere. Halaxe bizi ditut artikuluak, zerbait mugituko dutela imajinatu nahian. Eta halaxe idatzi dut CAF eta Palestinako genozidioari buruz, hezkuntzako desorekei buruz, kooperatibagintzari buruz, enpresa itxieren edota laneko heriotzen aurrean langileon erresistentziari buruz, euskal faxismoari buruz… eta gaurkoan, udalekuei buruz. Horrexek ere astinduta naukalako.
Opor ataritan, lana eta zaintza uztartzeko malabarismo asteak dira ekain amaierakoak eta uztailekoak. Murrizketak, baimenak, eszedentziak… eta puzzle horretan sartzen dira udaleku bedeinkatuak. Udalak antolatutako hautua egin dugu aurten ere. Arrazoi ekonomikoengatik baino, herriko udalekuek herria eraiki eta saretzeko balio dutelako, umeen artean euskara hilabete gehiagoz mantenduz. Hori da teoria, eta gero, ba errealitatea. Ume gutxi, jatorri aniztasunean ere makal, eta baliabidez ere, exkax. Arrakasta eta eskaintza zabala, berriz, poltsikoan sos gehiago dutenentzat: kiroldegikoak, udaleku (pribatu) itxiak, futbolekoak, eskulanetakoak… Kapitalaren, klase sozialaren eta eskaintzaren jokoan sartu gara hemen ere: ‘ahal duenarentzat, eskaintza paregabea’. Eta, kaltetua, herria.
Desorekak eta herriko kohesioa hezkuntza formalaz harago baldin badoaz, ezinbestean buelta bat eman behar diogu aisialdiari, udalekuetatik hasita. Proiektu ilusionagarri eta eraldatzaile bat behar dugu, euskara ardatz izango duena eta herri kohesioa helburu, baliabide publikoak mahai gainean dituena eta herriko eragileekin elkarlanean eraikia. ■