Urbiako fondaren 100. urtebetetzea
Goierritarrentzat toki kuttunik baldin bada, Urbia da horietako bat. Duela 100 urte inauguratu zuten fondak are eta erakargarriago egiten du Urbia. Abuztuaren 30ean egingo dute 100. urteko festa.
Goierritarren ohiko aisialdiko planetako bat da Urbiara oinez joan, eta bertako Fondan indarrak hartzea jan-edanarekin. Urbiako ermita 1924ko irailaren 28an inauguratu zenean, fonda eraikitzeko lehen harria jarri zuten. 11 hilabete geroago, 1925eko abuztuaren 31n, Urbiako Fonda inauguratu zuten, 3.000 pertsona bertaratu zirela. Mende beteko gora-beherak bizi eta gaindituta, 100. urtebetetzea ospatzeko prest dira Urbiazaleak eta gaur egun fondaren ardura duten Peio Bilbao eta Naiara Romatet senar-emazteak.
Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoko presidentea izan zen Ignazio Aranburu Segurako alkatearen ideia izan zen Urbian fonda egitearena. Dena den, ehun urteko historia honetan, eta fondak 100 urte izan arren, «guztiz Partzuergoaren esku hasieran eta bukaeran egon da», dio Aritz Altubek. «1997an hasi zen kontzesioak jarraitzen du, eta kontzesio hori 2047an bukatuko da. Suposatzen da Partzuergoa jaun eta jabe izango dela guztiz», argitu du.
2022. urteko uztailaren 23tik dute Bilbaok eta Romatetek Urbia «paradisuko» fondaren kudeaketaren ardura, 2047ra arte, 1999ko urtarriletik 2022ko maiatzaren 1era bitartean kudeatzaile izan ziren Ruper Altzelai, eta Mikel eta Aritz Altuberi lekukoa hartuta. «Toki kuttuna da. Inguruko herrietako jendeak maitasun handia izan dio Urbiari. Leku berezi bat da, azkenean. Mila metrotik gorako mendiz inguratuta dago eta jendea asko erakartzen du horrek», dio Bilbaok.
Ekainaren 14tik urriaren 12ra arte, egunero egoten da zabalik fonda, jan-edanerako zerbitzua emanez. «Azaroan jai izaten dugu eta gainerako asteburu eta jaiegunetan irekita egoten da». Lotarako zerbitzuk ez dago. «Lotarako tokirik ez dute duela zazpi-bat urtetik. Legeak aldatu egin ziren eta obraren bat egin beharko zen… Momentuz geldirik dago gai hori».
Euskaldunentzat «gordetako» tokia
Oraindik bertako herritarrentzat «gordetako tokia» dela uste du Bilbaok: «Denetik etortzen da, baina batez ere euskaldunak. Bertako jendearekin bizi gara. Turismo asko dagoela esaten da, baina ez da hainbeste. Batez ere, bertako turismoarekin bizi gara. Bizkai aldetik jende asko animatzen da, Nafarroatik ere bai, eta Gipuzkoatik eta Arabatik zer esanik ez».
Aritz Altubek aireportuaren metafora erabili du Urbia deskribatzeko: «Urbia aireportu bat bezala dela esaten dut beti. Jende guztia gurutzatzen da hemen. Ez du inporta herri desberdinetakoa izatea. Goierri, Urola Garaia, Deba Garaia, Arabako Lautada eta Nafarroako Sakana hartzen ditu».
Gakoa, oinez joatea
Urbiak bere esentzia eta xarma mantentzearen arrazoi nagusiena, bertara joateko biderik ez egotea da, ordubetean oinez ibilita iristea. «Guk etortzeko moduko bidea [Araba aldetik] badaukagu, baina egunen batean hona bidea iristen bada, xarma galduko duela esaten da, eta nik uste dut egia dela. Zerbitzua eman ahal izateko materiala igotzeko ondo dago bidea, baina jendearentzako ez dut egokia ikusten. Horrek ematen dio xarma: oinez etorri, ordubetetxo bat egin bidean oinez, zerbait jan eta nik uste dut hori dela garrantzitsuena Urbian», dio Bilbaok.
Altubek gogoratu duenez, «Urbiak gauza onak badauzka, baina txarrak ere bai. Bat da bide oso txarra –eta hobetzen joan da–, eta guretzat lekurik aldrebesenetik. Gu oñatiarrak izanda, oso gertu eta oso urruti geunden Urbiatik. Bidea Araiatik bakarrik dago. Hasieran saiatu ginen Oñatin erosketak egiten baina gero ikusten duzu ezinezkoa dela. 100 kilometrotik gora daude. Ezin ginen Urbian egon eta Oñatin egon». Horregatik Araban jarri ziren bizi izaten.
Elurrak «traba handia» egin izan die. «Bidea elurrez estaltzen da eta gauzak ezin eramanda geratzen da. Egonda gaude hiru hilabetean kotxean gora joan gabe. Aldrebestu egiten gintuen: Araiatik Oñatira autoz joan, eta oinez igotzen ginen motxila kargatuta. Negu partean sufritzen da».
Telefonoa bai, elektrizitaterik ez
Altubek, fondaren beste «gauza txar bat» azpimarratu nahi izan du, zerbitzuan eragin handia duena: «Telefonoa 101 urtean eduki dugu, baina argindarra ez edukitzea benetan klabea da. Eta horrek oztopo asko jartzen ditu. Zerbitzu on bat eman nahi da baina argi sortzaileak ematen du ematen duena. Ezin da ezer ere prestatuta eduki. Dena izan behar da momentuan eginda, ez dagoelako kontserbaziorako kamerarik. Gaur egun ostalaritzan dagoen aurrerapen guztia elektrikoa da, eta han ez dago horrelakorik erabiltzerik».
Oztopoak oztopo, Urbia «zerua» da Altuberentzat, eta bezeroak «errespetu handiz» joaten direla gaineratu du Bilbaok. «Taberna guztietan bezala, denetik entzuten da, baina etortzen den jendea batik bat mendizalea da eta errespetu handiarekin etortzen da. Bai natura, bai bertan gauden langileak ere errespetu handiarekin tratatzen gaituzte, badakite-eta zein baldintzatan gauden, eta asko eskertzen da. Beti laguntzeko prest dago jendea eta gauza garrantzitsua da hori».
Mendian dena goxoagoa egoten da askotan, gainera. «Mendian oso ondo sartzen da dena». Urbiara joateko aitzakiarik ez da behar, baina uztailaren 31n San Inazio eguneko festa, eta abuztuaren 30ean 100. urteurreneko festa, Urbiako paradisura igotzeko bi arrazoi gehiago badira. ■
Kudeatzaileen kronologia
- 1925. Partzuergoak urtero esleitu zuen.
- 36ko gerra ondoren. Diru arazoak tarteko, fonda saltzea erabaki zuen Partzuergoak.
- 1938ko ekainaren 14an, Zeraingo Joakin Muñoak erosi zuen eta egun berean Zegamako Pedro Etxezarretari saldu zion.
- 1958. Pedro Etxezarretak Justa alabari utzi zion.
- 1972. Justa Etxezarretak Amerikatik itzuli berria zen Martin anaiari utzi zion.
- 1993. Legazpiko Patxi Alustizari saldu zion Martin Etxezarretak. Orduan hasi ziren liskarrak Alustizaren eta Partzuergoaren artean. Uztailaren 28an, Ertzaintzak prezintatu egin zuen fonda, Partzuergoaren aginduz. Epaiketara joan zen auzia, eta Alustizari eman zioten arrazoia.
- 1997. Tartean Patxi hil, eta Jon Ander Alustiza semeak hartu zuen ardura. Partzuergoari fondaren donazioa egin eta trukean Partzuergoarekin fondaren kudeaketarako 50 urteko kontzesioa hitzartu zuen Alustizak.
- 1999. Ruper Altzelai eta Mikel Altubek hartu zuen fondaren ardura, 2022ko maiatzaren 1a arte.
- 2022ko uztailak 23an, Peio Bilbao eta Naiara Portatet hasi ziren lanean.
- 2047. Urte horretan amaituko da kontzesioa. Partzuergoaren esku geratuko da guztiz.