Artzain Eguna, ardiaren inguruan aurten
Iraileko lehen igandea egun seinalatua da Legazpin, baita Gipuzkoa osoko artzaintzaren eta gaztagintzaren munduan ere. Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzeko azken hamarkadetan mantendu den data da, eta aurtenhilaren 7an egokitu da.
Iraileko lehen igandea egun seinalatua da Legazpin, eta Gipuzkoa osoko artzaintzaren eta gaztagintzaren munduan. Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzeko azken hamarkadetan gordetzen den data da, eta aurten irailaren 7an egokitu da.
Badira urte dezente festa hori Legazpin ospatzen dela, eta denboraren poderioz ondo sustraituta dago bertan. Euskal Herria Plaza goizean, eta Urtatza auzoko zelai bat arratsaldean izaten dira artzainei eta egiten duten lanari aitortza egiteko topalekuak.
Egun osoko festa izaten da Artzain Eguna, eta artzainez eta gaztagileez gain, izaten ditu protagonista gehiago: ardiak eta gazta, agintariak, artisauak, ardi okela, omenaldiak, ardi moztaileak, sagardo ekoizleak, baserritarrez jantzitako gazte kuadrillak, haur jolasak, musikariak, artzain txakurrak…
Osagai horietatik guztietatik bi nabarmendu behar dira aurtengo edizioan: ardi okela eta ardi moztaileak.
Ardi okela lehiaketarik ez
Aurten, 33. edizioa bete behar zuenean, ez da egingo ardi okela lehiaketarik. Garai batean baino erakargarritasun gutxiago du nonbait gastronomia lehiaketa horrek, eta herriko elkarteen artean azken urteetan partaideak jaisten ari zirenez, Artzain Egunaren antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute.
Hala ere, ardi okelaren kontsumoa sustatzen jarraitzeko asmoa dute, eta beste era batera beteko dute zeregin hori aurten. Anne Otegi sukaldari goierritarra eta Aitziber Aizpuru nutrizionista azpeitiarra gonbidatu dituzte, eta sukaldaria elikagai hori jendaurrean kozinatzen ari den bitartean, nutrizionistak bere balioez eta aukerez hitz egingo dio publikoari. Behin haragia prestatuta dagoenean, pintxotan banatuko dute, dastatu ahal izateko.
Euskal selekzioko moztaileak
Ile moztaileen lanak, bestalde, publiko ugari erakartzen du. Plazako aparkalekurako sarrera ondoan kokatzen duten taulatu gainera igota, ardiei ilea mozten eskarmentu handia duten moztaileek jarduten dute ofizio hori erakusten. Lehengo erara erakusten dute batzuek, ohiko guraizeak erabilita, eta gaurko erara beste batzuk, guraize automatikoekin. Erakustaldian zehar aurkezleak erronkak botatzen dizkie, eta batzuetan elkarren kontra jarduten dute denbora zehatz batean zeinek ardi gehiagori ilea moztu, lehia bat izango balitz bezala.
Ardi mozte erakustaldiak esanahi berezia izango du aurten, datorren urteko martxoan Mastertonen (Zeelanda Berria) egingo den munduko txapelketara joango diren Ipar Arrinda eta Mikel Etxeberria moztaileek parte hartuko dutelako. Golden Shear World Council artilea mozteko eta lantzeko munduko erakundeak antolatutako txapelketa izango da, eta partaideen artean, lehenengo aldiz, euskal selekzioa izango da, erakunde horren ofizialtasuna 2023an lortu ondoren. ■