«Idaztea nire barruko gogoetak paperean plasmatzeko modu bat da»
Orain gutxi hasi da Aiora Jauregi (Ataun, 2009) literaturaren arloan lehenengo urratsak egiten. Zenbait aitortza jaso ditu dagoeneko, horien artean Urruzuno literatura lehiaketan saria Errutina hau lanarekin. Horretaz gain, Izanenga aldizkaria sortu zuen iaz, beste idazle batzuekin batera. Urriaren 1ean publikatuko dute aldizkariaren laugarren zenbakia.
Zer da ‘Izanenga’ proiektua?
Izanenga aldizkari bat baino gehiago da: gazteen sormen lanak erakusteko euskarri bat. Urruzuno literatura lehiaketan elkartu ginen sortzaile batzuek jarri genuen martxan proiektua. Konturatu ginen gazteok ez daukagula gure lanak plazaratzeko aukerarik lehiaketatik kanpo, eta hori aldatzeko asmoz sortu genuen.
Zer motatako lanak jasotzen dituzue?
Gure proiektua ez da idazlanetan bakarrik oinarritzen, baizik eta artea bere osotasunean jorratzen dugu: narrazioak, poesia, marrazkiak, bideoak…
Nork parte har dezake bertan?
Gazte sentitzen den edonork parte har dezake. Oraingoz 13 eta 30 urte bitarteko jendearen lanak jaso ditugu, Euskal Herri osoko lanak. Idaztea gustuko duen edonork parte har dezake.
Goierriko eskualdean, zein da egoera?
Oraingoz, hemen inguruko jende gutxiren lanak jaso ditugu. Gehienak Bizkai aldekoak izaten ditugu.
Nola parte har daiteke bertan?
Aldizkari bakoitzeko helduleku bat jartzen dugu, eta jendeak gai horren inguruko lanak sortzen ditu. Ondoren, gurekin harremanetan jarri behar dute, Gmailetik edo sare sozialetatik. Gure webgunean (izanengaztealdizkaria.eus) daude baldintza guztiak idatzita.
Zer harrera izan du proiektuak?
Hasiera batean espero genuena baino lan gehiago jaso genituen, eta orain jada barealdi batean gaude. Hala ere, oso erantzun positiboa izan dugu. Hori bai, Gipuzkoan zehar gehiago zabaltzea gustatuko litzaiguke.
Digitaletik papererako saltoa ematea pentsatu duzue?
Papereko aldizkari bat sortzeak kostu ekonomiko handia suposatzen du, eta oraindik proiektua nahiko txikia da. Bestalde, digitalki egiteak aukera ematen digu bideoak eta beste mota bateko sormen lanak ere igotzeko.
Noiz aterako da hurrengo zenbakia?
Urriaren 1ean aterako dugu hurrengoa, jada laugarrena. Aldizkari honetako heldulekua ‘Nostalgiaren magalean’ izango da.
Noiztik idazten duzu?
DBHn hasi aurretik ez nuen inoiz idazteko zaletasunik izan. Lehiaketa batean sari bat irabazi nuen, eta horren ondotik hasi nintzen idazten. Aitortza hori bultzadatxo bat izan zen horretan jarraitzeko.
Zer idazten duzu?
Hasiera batean ipuinak idazten nituen, poesia ez bainekien zer zen. Baina behin ezagutu ostean, poesia da orain gehien idazten dudana.
Zer ematen dizu idazteak?
Idaztea nire barruko gogoetak eta ezinegonak paperean plasmatzeko modu bat da. Gainera, besteekin konektatzeko bide bat ere iruditzen zait. ■