Aizalekuko elurzuloa
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Angel Martinez ikerlari legazpiarrak zuzendutako lana irakurrita ezagutu omen zuen. Haria ere argitaratu zuen, egunerokotzat zeukan sare sozialean. Hilabete beroenetarako gordetzen omen zutela elurra bertan, eta abarrekoak, eta Atagoitiko izebarena ere bai, zuloaren berri ba ote zuen galdetu ziola, eta jesus, eta baietz, eta erabiltzen ere ikusi zuela, baina ez elurra gordetzeko, kezka eta buruko minak bertan husten zituztela inguruko herritarrek. Bertara gorpuren bat bota ote zuten, eta jesus, eta ezetz. Hala ere, ez omen zion eman elurzuloa erabiltzeko jarraibiderik.
Garunean sar daitekeen informazioak muga omen duela eta kezkatuta zebilen azken aldian. Ikasteko egarri zen, baina disko gogorra bete-betea zuela sentitzen zuen, eta hustu egin nahi zuen. Paperean burutik kendu nahi zituen gaiak idaztea otu zitzaion, eta txiki-txiki eginda, elurzulora botatzea. Ez zituen zehaztasunez idatzi, goiburuak baino ez: unibertsitate-ikasketen lehen maila osorik, 80ko hamarkadaren aurreko Realaren ibilbidea, egindako hiru Coach ikastaroak, Joan Manuel Serratek gaztelaniaz egindako kantuak, ahizpa zaharraren nerabe garaiko aholkuak, Bostak eta Hollystertar Zoriontsuak liburu-bilduma osoak, Jose Mari Iparragirreri buruzko pastorala eta Jean Paul Belmondoren filmak. Horiek jakinarazi zituen sarean, baina orrialde osoa bete omen zuen. Papera txikitu eta elurzulora bota aurretik kopia bat egin omen zuen, badaezpada, elurzuloak zer jakin nahi ez zuen irentsiko balio ere.
Gaiari buruz idatzitako mezu guztiak ezabatuta, elurzulora joatekoa zen duela lau egun. Harrezkero, ez dugu bere berririk, eta ez du ezer argitaratu. Bere mezuei erantzun ohi dien influencer -usteko batek abisua egina zion, ez ote zeraman zerrenda luzeegia. ■