Itsasoko ondare 'txikia'-ren bilketa, bera ondaretzen
Ondarearen bilketa eta dibulgazioa, bera bihurtzen da sarritan ondare. Itsasoko kasua da. Azken urte mordo batean Anttoni Okariz eta Pilare Muxika herritarrak ondare etnografikoa, etnologikoa, arkitektonikoa, antropologikoa eta kulturala jasotzen ari dira Itsason. Lan eskerga horren azkeneko emaitza lehengo larunbatean aurkeztu zuten herrikideek aurrean: baserrietako ogi-labeen azterlana.
Urterik urte, eta landa-lan oparoaren ondorio, aberasten ari da Itsasoko ondare bilketa. Ondare immaterial bihurtu dute, eta itsaso.eus udal webgunean jarri dituzte kontsultagai orain arteko lan guztiak.
Ogi-labeen azterketan, Itsasoko baserrietan etxerako –eta zenbaitzuek kanpora saltzeko ere bai– ogia egiteko zeuzkaten azpiegiturak arakatu dituzte, etxerik etxe joanda. Labearen kontserbazio egoera, desagertuen kasuan aztarnarik baden ala ez, etxeko zein tokitan kokatuta dagoen –ataka sukalde barrutik, etxearen kontrako eranskin gisa edo aparteko aterpean–, eta gariarekin, okintzarekin eta labearekin loturiko testigantzak bildu dituzte.
Guztira, 44 labe-suren erreferentziak eta informazioak jaso dituzte Muxikak eta Okarizek. Batzuk desagertuta daude, beste asko mantendu dituzte, eta batzuk erabili ere egiten dituzte oraindik. Okin profesionalak ere badira gaur egun Itsason.
Etxean ogia egiteko langintza 1960ko hamarkadan desagertu zen gehien bat, baserrietan garia ereiteari utzi zitzaionean.
2016tik bilketan
Okariz eta Muxika 18 urterekin Donostiara Antropologia ikastera joan zirenean zaletu ziren etnografia gaietara eta ondarearen bilketara. Fermin Leizaola hil berria izan zuten irakasle eta gidari, eta Aranzadi elkartera gerturatu zituen hark. Aurkezpen ekitaldian aitortza eta oroitzapena izan zituzten Leizaolarekiko. «Berak ondare handiaren mailan jarri izan zuen ondare txikia, edozein ofizio zela ere», laburbildu dute. Jose Migel Barandiaran ere ezagutu zuten, eta haren metodologia aplikatu izan dute.
Ondare txikia deritzon sektorean jarri izan dute arreta, Itsason. 2016an, 22 bolaleku identifikatu zituzten azterlanean. 2019an, herriko zazpi errotaren berri bildu zuten. 2020an, karobiak aztertu eta 20 katalogatu zituzten, 2021ean zubiak, eta 2022an uraren arloa (iturriak, azpiegiturak, sareak, askak, ur bilatzaileak…) .
Hamar baserri esanguratsuren ondarea ere jaso dute, eta webgunean daude ondare historiko-artistikoa osatzen duten San Bartolome eliza, Alegiako Madalena eliza, Kizkitza eta San Lorentzo ermitak, urkamendiaren oinarria, hilerriko gurutze zizelkatua, Mandubizelaiko trikuharria eta Done Jakue bideari buruzko informazioa eta azterketak ere.
Ondarea dute, ondareari buruz. ■