«2005eko BECeko finalak arrastoa utzi zidala esango nuke»
Asier Sasieta (Urretxu, 1981) Itsason bizi da gaztetatik. Mekanikako goi mailako zikloa egin zuen Urola Garaiko Lanbide Eskolan, eta bi tokitan lan egin du. Urte pare bat egin zituen Zumarragako enpresa txiki batean eta gero Idiazabalgo Ampo kooperatiban hasi zen. 20 urtetik gora daramatza han.
Zein zaletasun dituzu?
Bertsolaritza, antzerkira joatea, kotxe klasiko bat ere badaukat…
Zein da zure bertsolari kuttuna?
Sustrai Colina.
Bertso saio gogoangarriena?
2005eko BECeko finala. Arrastoa utzi zidala esango nuke.
Zer auto klasiko duzu?
1987ko Volkswagen Golf Cabriolet bat.
Zure ametsetako autoa?
Asko daude gustukoak. Ez nuke jakingo bat esaten. Ditudanekin konforme nago.
Pelikula edo telesail bat.
Koldo Almandoz zuzendariaren Oreina pelikula.
Musika talde edo abeslari bat.
Mikel Urdangarin. Sarritan ikusi dut zuzenean.
Abesti bat.
Kauta musika taldearen Puzzlea abestia.
Oporretarako leku bat.
Andaluzia (Espainia). Atsegin ditut hango herri txikiak, klima, gastronomia…
Zer gosaltzen duzu?
Normalean, esnea eta zerealak.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Alaba jaio zen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Motor bat. Konpontzeko zegoen Mobylette zahar bat.
Amets bat.
Munduko biztanleen artean hainbesteko desorekarik ez egotea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Egunero familiarekin afaltzea.
Goierriko txoko bat.
Kizkitza.
Itsason biziko ez bazina…
Zornotzan. Nire bikotea hangoa da. Asteburuetan-eta asko joaten gara. ■