«Epe motzera osasuntsu eta jokatzeko prest egotea dut helburu»
Herriko futbol zelaian eman zituen lehenengo pausoak Iraitz Gelbentzuk (Lazkao, 2000), eta ordutik beste hainbat zelai ezagutzeko aukera izan du. Talde desberdinetan jokatu ostean, Dominikar Errepublikako Universidad O&M taldeak fitxatu berri du. Beti jokatu du atezain postuan, eta pasioz bizi du bere egitekoa. Kiroletik bizitzea «zaila» ikusten duen arren, horretan jarraitzea da bere asmoa.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea futbolean?
11-12 urterekin Lazkaon hasi nintzen futbolean jokatzen, eta ondoren, Realean bost urte egin nituen. Ordiziako eta Beasaingo taldeetan ere ibili nintzen hainbat urtetan, eta azken urtean Durangoko taldean ibili naiz.
Noiz eta nola sortu zitzaizun Universidad O&M-n jokatzeko aukera?
Aurtengo udan ezezagun baten mezu bat iritsi zitzaidan, nitaz ondo hitz egin ziotela eta ea Universidad O&M taldera joateko prest egongo nintzatekeen galdetuz. Gizonarekin eta taldeko entrenatzailearekin hitz egitea erabaki nuen, eta esandako baldintzak gustatu zitzaizkidanez, baiezkoa eman nien.
Asko kostatu al zitzaizun erabakia hartzea?
Bai. Azkenean, familiarengandik, neska-lagunarengandik eta lagunengandik hainbeste kilometrora egotea ez da erraza. Bestalde, horrelako hiri handi batera bakarrik joateak ere errespetua ematen zidan.
Zer moduzko harrera egin dizute taldean?
Taldekide guztiak oso irekiak eta umoretsuak dira, eta harrera ona egin didate. Laguntza eskaintzeko prest agertu dira oro har, eta, gainera, ia egun guztia elkarrekin pasatzen dugunez, harreman polita daukagu.
Zer dira atezain izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Atezain garenok presio handia izaten dugu. Azkenean, akzio txar batek segituan seinalatzen zaitu. Baina, bestalde, ondo eginez gero, akzio horrek taldea salba dezake.
Zer eman dizu futbolak?
Futbolak eman didan gauzarik onenetarikoa egin ditudan lagunak izan dira.
Zein dituzu zure epe motzeko eta luzeko helburuak?
Epe motzera, osasuntsu eta jokatzeko prest egotea dut helburu. Epe luzera, berriz, urte polita egitea eta, posible izanez gero, txapelketak, liga eta baita kopa internazionala irabaztea ere.