«Kirol hau asko hazi da, baina kontrolatu gabeko moduan»
Aritz Egea Caceres (Urretxu, 1984) txirrindularia eta triatloilaria izan zen, eta Euskal Herriko mendiko korrikalari onena izan da azken urteetan. Lehiatzeari utziko diola iragarri du, baina ez dio kirola egiteari utziko. Zegama-Aizkorri maratoiaren eskutik hasi zen mendi lasterketetan, eta bere proba kuttuna da. Bi aldiz egin du laugarren eta, gainera, ikusleen korrikalari kuttunetako bat izan da. Aurtengo edizioan sekulako agurra eskaini diote.
Nolatan kirol zaletu zinen?
Ziurrenik familiatik etorriko zait. Aitona Alejandro zenak txirrindularitzarekin lotura handia izan zuen. Baina baita beste kirol batzuekin ere. Masajista zen. Aita, berriz, bizikletan ibili da beti. Urte batzuk baditu dagoeneko, eta oraindik ez du bizikleta elektrikora pasatzeko inongo asmorik. Egia da, baita ere, etxean ez dutela inoiz lehiatu, ni izan nahiz lehiaketetan parte hartu duen lehena. Ez dakit nondik datorkidan grina hori.
Bizikleta gainean ezagutu zintugun.
Txiki-txikitan atletismoan ibili nintzen, baina 12-13 urterekin txirrindularitzara pasa nintzen eta 18 urte bete nituen arte txirrindularitzan ibili nintzen. Afizionatu mailako lehen urtean erorketa dezente izan nituen, unibertsitateko ikasketekin uztartzeko ere nahiko lan, eta uztea erabaki nuen. Handik urtebetera-edo triatloian hasi nintzen. Hawaiiko Iron Man-en parte hartzera iritsi nintzen eta, beti esan dudan moduan, seguru aski hori izan da nire kirol ibilbidean emozio gehien sortu didan ekitaldia.
Hawaiira iristea gauza handia da.
Hawaiira joateko sailkatu beharra dago. Hawaiikoa egin ondoren, nire lehen pentsamendua «eta orain zer?» izan zen. Hurrengo denboraldian ere triatloia egiten hasi nintzen, baina denboraldi erdian utzi egin nuen. Ordurako, Zegama-Aizkorri buruan nuen.
Triatloia oso kirol gogorra da.
Ordu asko eskatzen ditu. Garai hartan ez nuen familiarik eta nahiko ondo neraman, baina ordurako tesia egiten ari nintzen eta konplikatua zen egunero bi kirol egitea. Utzitakoan, nire bikotekideak lasaitua hartuko zuela esan zidan. Izan ere, askotan, nirekin egon ahal izateko, nirekin entrenatzera atera beharra zeukan: ni korrika eta bera bizikletan.
Umetan atletismoa egin zenuen eta ondoren txirrindularitza. Asko kosta al zitzaizun igeriketara moldatzea?
Ez. Zorte handia izan nuen. Igerilekuan hasi eta berehala nahiko ondo moldatu nintzen. Euskal Herri mailan bigarren taldean nengoen. Lehenengoan igerilariak izandakoak zeuden. Ez ziguten denbora gehiegi ateratzen eta bizikletari eta korrikari esker beraiekin lehia gintezkeen.
Garaipenen bat lortu zenuen.
Gutxi batzuk bai. Azkeneko garaipena lortu eta 15 egunera triatloia uztea erabaki nuen.
Triatloia uzterako, Zegama-Aizkorri maratoia zeneukan buruan?
Aitak aspaldi esan zidan kirolzalea naizela, baina batez ere erronka zalea. Triatloian nire helburua Hawaiira iristea zen, eta hori lortu nuenean helbururik gabe gelditu nintzen. Korrika egitea gustatzen zitzaidan, baina mendia ez gehiegi. Mendian oinez ibiltzea ez zait gustatzen oraindik ere. Aspertu egiten naiz. Gipuzkoarra izanda eta Zegama bertan izanda, zer hoberik Zegama-Aizkorrin parte hartzea baino. 2011n triatloia utzi nuen eta 2012rako helburua Zegama-Aizkorri egitea zen. Garai hartan zozketa ez zen egungoa bezalakoa, baina ordurako zaila zen dortsala lortzea. Ez zitzaidan tokatu, baina kontaktu bati esker dortsala lortu nuen. Nire lehen Zegama egiteko aukera izan zen eta hantxe hasi zen zorakeria. Zegama hura egin izan ez banu, seguru aski gaur ez nintzen hemen egongo.
Kirola bera erakargarria suertatu zitzaizun?
Hala da. Egia esan, mendian korrika egitea plazera da. Gu bizi garen tokian oso erraza da, gainera. Zapatilak jarri eta bost minutuan mendian gaude. Bestalde, gauza gutxi behar da, nahiz eta geroz eta tontakeria gehiago dugun. Mendian korrika egiteak askatasun sentimendu handia ematen du. Bizikleta ere asko gustatzen zait, baina bizikletak ez du askatasun sentimendu hori ematen. Sentimendu horrek eta Zegaman bizitakoak lotu ninduten. Lehen urtean lan duina egin nuen, baina ez ikusgarria. Baina han jasotako babesa ikaragarria izan zen eta hark lotu ninduen.
Ordutik, urtero parte hartu al duzu?
Bai. Eta pandemia urteetan nire kabuz egin nuen. 2016an ez nuen amaitu, erretiratu egin nintzen edo erretiratu egin ninduten, hortxe-hortxe, hipotermia arazo bat zela eta.
Zein izan duzu postu onena?
Laugarrena, bi aldiz. Trail munduan zerbait izan banaiz, Zegama-Aizkorriko emaitza horiengatik izan naiz, seguru aski. Euskaldunon artean, hiruk bakarrik lortu dugu lau ordutik jaistea, eta nik hiru aldiz lortu dut. Dena den, gehien gogoratzen dudan edizioa 2019koa da. Egun txarra izan nuen eta ikusleengandik jaso nuen babesak ikaragarri hunkitu ninduen. Beti gogoratuko dut. Inoiz baino babes handiagoa jaso nuen.
Podiuma zapaldu ez izana beti barruan eramango duzun arantza al da?
Ez dut gehiegi pentsatzen horretan, baina arantza da, bai. Izan ere, laugarren egin nuen urteetako batean hirugarren egin zuenak ez du beste askorik egin. Urte hartan bi karrera on egin zituen, eta ez du beste ezer egin. Kasualitatea! Baina tira, gertu egon nintzen eta horrekin gelditzen naiz.
Aurtengo Zegama-Aizkorri azkena izan da. Zer sentitu duzu?
Proba aurretik esan nuen azkena izango zela. Esateko beharra nuen. Horrelako erabakiak ez dira egun batetik bestera hartzen, eta barne pisu bat nuen. Hori askatzeko, esatea erabaki nuen. Egunean bertan tentsioa nuen, baina ez nuen helbururik. Atera orduko konturatu nintzen ez nuela marka edo postu ona lortuko. Izan ere, azken urteetan alergiekin asko ari naiz sufritzen, eta aurtengoa sekulakoa izan da. Aratzera arte estutzen saiatu nintzen, baina ordutik aurrera giroaz gozatzea erabaki nuen. Lagunak ikusten nituenean beraiekin hizketan gelditzen nintzen eta besarkatu egiten nituen. Sancti Spiritun, Aizkorrin, Andraitzen… oso kontziente nintzen azkenekoz ari nintzela pasatzen modu horretara. Ez dakit egunen batean Zegama beste modu batean egingo dudan. Oso hunkigarria izan zen. Une askotan negarrez hasteko zorian izan nintzen. Helmugakoa sekulakoa izan zen. Lagunen eta senitartekoen sorpresa oso hunkigarria izan zen. Lehenengoz familia osoarekin heldu nintzen Zegamako helmugara. Pentsamendu asko etorri zitzaizkidan burura. Kontziente nintzen azkena zela. Momentu polita eta txarra izan zen, aldi berean.
Lehiatzen jarraitzen al duzu?
Bai, taldearekin eta babesleekin konpromisoa dut. Urtea ondo bukatu nahi dut.
Zein izango da azken lasterketa?
Txinako babesle bat dut, eta agian Txinara joango naiz urte amaieran. Gogoaren arabera izango da. Mundu mailan lehiatzen jarraitzeko aukera dut, babesleen babesa dut, baina dagoeneko ez dut gogorik. Munduari buelta asko eman dizkiot dagoeneko.
Horrek eraman al zaitu lehiatzeari uztera?
Ez. Nire bizitza xelebre samarra da, esplikatzeko zaila. Herritarrentzako Aritz Egea pertsona normala da. Normal lan egiten du, baina trail munduan sasi-profesionala da, eta gainera hiru seme-alaba ditu. Hori guztia eramatea oso zaila da. Orain arte eraman dut eta konpentsatu egin dit, baina ezin dut horrela jarraitu. Alabak 11 urte egin behar ditu, eta etxekoen bizimodua nire bizimoduak baldintzatu du. Lasterketa non, familia han; oporrak nire prestaketaren arabera, beti presaka entrenatzeko denbora ateratzeko, kuadrillakoekin denbora gutxi… Dagoeneko ez dit konpentsatzen, kanpora joateak ez dit ilusiorik egiten, aurten Domusa proba irabazi dut eta ez naiz poztu… Entrenatzea ez zait kostatzen, kirola asko gustatzen baitzait; kirolik gabeko bizitzarik ez dut ulertzen. Baina konpromisoa, egutegiari begira bizi beharra, astuna egiten zait dagoeneko.
Eta orain, zer?
Gauza asko ditut buruan. Jendeak mendi lasterketetan jarraituko dudan galdetzen dit. Orain arte bezala, ez. Ez dakit zer egingo dudan datorren urtean. Desikasi beharra dut. Oso lehiakorra naiz eta badakit lasterketa batera joaten banaiz lehiatzera joango naizela. Lasaitu beharra dut, beste era batera korrika egiteko gai izan. Baditut ideia batzuk: beste lasterketa batzuk, beharbada niretzat egokiak ez direnak, oso teknikoak direlako.
Eta bizikletan askoz gehiago ibili nahi dut. Bizikleta da nire kirolik gustukoena. Datorren urtean, ia ziur, Flandriako Tourra egitera joango naiz. Bizikleta eta korrika uztartzen duten beste erronka pertsonal batzuk ere baditut. Egutegi baten menpe egotea da helburua, batez ere. Gainera, aspalditik Europara bidaiatu nahi dut familiarekin autokarabanan. Helburua Esloveniaraino iristea da.
Zer eman dizu kirolak?
Lortu dudan guztia etorri egin zait, ez nuen amesten. Zegama-Aizkorrirekin hasi nintzen eta bola handitzen joan zen. Ia-ia profesionala izan naiz eta munduko toki askotan egon naiz. Jende asko ezagutu dut. Batzuk oso lagunak ditut. Eta jendearen babesak harritu egiten nau. Erretiroa hartu behar dudala iragarri dudanean, jende askok idatzi dit eskerrak emanez, motibatu ditudalako. Hori sekulakoa da.
Nola ikusten duzu mendiko lasterketen etorkizuna?
Kirol hau asko hazi da azken urteetan, modu ez kontrolatu batean. Ni hasi nintzenean, askoz ere herrikoiagoa zen. Orain, batzuk profesionalak izateko bidean dira, baina miseria asko dago oraindik. Profesional askok, lasterketak irabaziko ez balituzte, lanak izango lituzkete bizitza aurrera ateratzeko. Bestalde, geroz eta jende gehiagok egiten du kirol hau. Pandemiaren ondoren zoramena izan zen. Jende askok egiten duen kirola da. Egiteko erraza da eta erlojuak ez du garrantzirik. Asfaltoan erlojuaren morroia zara. Dena den, kirol honek erregulatu beharra du: lasterketa gehiegi, jende asko mendian… ■
Aitonarekin eta aitarekin
Egeak bi argazki aukeratu ditu: goikoa eta aurtengo Zegama-Aizkorrikoa. Aurtengo Zegama-Aizkorri lehiatu duen azkena izan da, eta helmugara bere emaztearekin eta beraien hiru seme-alabekin sartu zen.
Goiko argazkiari dagokionez, Urdiainen (Nafarroa) atera zuten, 2000ko hamarkadaren hasieran. Garai hartan Egea afizionatu mailako txirrindularia zen, eta argazkian berarekin ageri diren aitona eta aita bere jarraitzaile sutsuenak ziren.
Aita, Xabier, Goierri Kirol Elkartearen zikloturismo saileko kidea da hasieratik, eta hamaika irteeratan parte hartu du. Gainera, Goierri kirol elkartearen txirrindularitza saileko burua izan zen.
Aritz Egeak aitarengandik jaso zuen zaletasuna, eta Xabierrek ere bai. Izan ere, Alejandro Egeak lan handia egin zuen txirrindularitzaren alde. Zikloturismoa egiten zuen, ia gainontzeko guztiek bizikleta lanera joateko edo lehiatzeko erabiltzen zuten garaian. Horretaz gain, entrenatzailea, masajista, zuzendaria eta antolatzailea izan zen.
Mutikotan hasi zen bizikletan, osabaren bizikletarekin. Behin erori egin zen eta osabak bizikleta hartzea debekatu zion. Ezkondu ondoren egin zuen lehen gauza bizikleta erostea izan zen.
1960an Goierriko Itzulia antolatzeari ekin zioten, eta ondoren bizikleten alokairurako denda zuen Odriozolak gazte mailako taldea ateratzea proposatu zion. Bere taldeko mutilek masajistarik ez zutenez, masajeak ematen ikastea erabaki zuen. Miguel Mari Etxabarren Realeko medikuarengana jo zuen, eta hark Donostiako San Antonio klinikara bidali zuen ikastera.
Kontsulta ireki zuen, eta goierritar askoren masajista izan zen. Horien artean, kirolari askorena. Amelio Mendijur txirrindularia eta Diego Garcia korrikalaria, besteak beste. Mendijurrekin oso harreman estua zeukan, eta haren prestatzailea izan zen. Gainera, Espainiako selekzioko masajista izan zen eta hamahiru aldiz izan zen Munduko ziklo-kros txapelketan.