Udaren azkena ere jai giroan ospatzera Urretxun
Suarekin hasi sanjoanetan, eta garretan amaitu santanastasiatan. Urretxuarrek udaren hasiera eta bukaera ospatzeko festa egiten dute. Urteko jai nagusiak orain dituzte, bi ataletan banatuta. Lehenik, irailaren 13-14an folklore jaialdiari eta jubilatuen egunari egingo diote lekua. Ondoren, hilaren 19tik 22ra, urtaroko azken lau egunetan egingo dute mardulena. Udazkena, hain justu, irailaren 22an 20:19an hasiko da, urretxuarrak kantu-afarian goxo dauden bitartean.
Ohiko osagaiak izango ditu egitarauak. Pregoiaren ekitaldia izango da lehen eguneko erdigunea, Urretxun hain ohikoak diren erraldoiak eta kale animazioa lagun. Baserritar girotik hasiko da larunbata, herriko ganadu erakusketarekin eta azokarekin, eta idi-probekin ondoren. Jendetza erakartzen duen sukaldari txapelketak hartuko du arreta, arratsalde horretan, eta txistularien alardeak iluntzean.
Igandea, irailak 21, zalantzarik gabe dator aurten ere: Euskal Jaiarena izango da. Karroza desfilea izango da nabarmenena –eguerdian, azken urteetan hartutako ohituran–, artisau feria, azoka eta idi-pareekin batera. Azkenerako, plater zaporetsuena geratuko da: kuadrillen eguna.
Eraso protokoloa, autobusak, zapiak
Eraso matxistak eta sexistak ekiditeko protokoloa zabaldu dute. Lekukoentzat, emakumeren bat arriskuan edo laguntza beharrean dagoela iruditutakoan, laguntza eskaintzeko eta bakarrik ez uzteko aholkatu dute. Bere erabakia errespetatzeko eta haren baimenik gabe ez erabakitzeko ere badio protokoloak. Erasoa jasan duenarentzat, laguntza eskatzeko eta konfiantzazko norbaiti abisatzeko esan dute.
Irailaren 19 eta 20 gauetan autobus zerbitzu bereziak egongo dira erabilgarri. Legazpiko ohiko autobusaz gain (19-20an, 23:30etik 06:00ak arte orduro), 20an Antzuola-Bergara-Beasain-Ordizia bidea egingo du beste autobus batek, 23:30etik 05:00ak bitarte.
Jaietako lepoko zapia atera dute. Aizpuruenea kultur etxean eros daiteke, 3 euroan, irailaren 18ra arte. Barrakak, bestetik, Lizeoko jolastokian jarriko dituzte, irailaren 18tik 23ra. ■