Zalantzarik gabeko zalantza
Idoia Luzuriaga • Berdintasun teknikaria
Ikasleak eskolara itzuli dira aste honetan eta haien koaderno berriak bezain zuri ikusten dut ordenagailuan orria. Ideiak bertan garatzeko zailtasunak ditudala onartu behar dut. Agian buruan darabilkidan zalantza multzoa da zuria belzten hasteko nire gaitasun murriztua sakontzen duena. Hortaz, hemen botako ditut kolore eta sakontasun ezberdinetakoak; arinago geratuko naizelakoan edo.
Bata: oporretatik indarberrituta etorri dela dioen jendeak benetan dio edo ‘itxura’ kontu bat da? Ikasturteari gogotsu berriro ekiteko daudela diotenean, zer da, hala sentitzen dutela edo bere buruari hori esaten diotela hori bultzatzeko? Neguan kalean aparkatutako kotxe zahar bati bezala, motorra berotzea kostatzen zaigunok zer egin genezake di-da batean martxan jartzeko eta indarberritutako espezie horren aurrean itxuroso geratzeko?
Bigarrena: zer dela-eta betetzen dira albistegiak gertakarien aurrean politikariek esaten dutenarekin? Esate baterako, suteez jositako uda batean, Bilbon bukatu ezinda gertatu zen txirrindulari itzuliaren inguruan edota klima larrialdian sartu garela adierazten duten bero boladen aurrean, sigla politikoen pean mintzatzen direnek adituek baino adierazpen gune gehiago dute, haien ekarpena normalean zero azpitik dagoenean. Zergatik jartzen diogu komunikabideetan bozgorailua hutsari?
Hirugarrena: adinarekin aurrera goazen heinean, zer izango da ohikoago: norberaren iritzia filtrorik gabe botatzea ala gero eta gutxiago dakizula jabetu eta hortaz zuhurrago jokatzea?
Laugarrena: Goierriko kaleetan ikusiko dugu aurtengo neguan elurrik?
Bosgarrena: zer daukate buruan kotxean keinukariak inoiz pizten ez dituztenek?
Seigarrena: zenbat iraun dezake influencer direlakoen bizitza profesional batek? Fenomeno nahiko berria denez, ez dakit bere bizitza-estilo hori saltzen dutenek jarraitzaile kopuru bera eta, hortaz, diru sarrera bera mantendu ahal izango duten urtetan zehar erretirora iritsi arte. 55 urteko Maria Pombok edo Dulceidak, zer jarraituko dute kontatzen?
Zazpigarrena: eskuin muturreko indarra itzaltzeko zerbait egin dezakegu norbanako bezala edo babes bila hasi beharko genuke? Zalantza hauetako bakoitzetik tiraka hasiz gero artikulu baterako gai izan litezke, baina iraileko egun hauetan ez dut gaitasunik. Inoiz izan badut, orain galdu dudan susmopean, hain esku-zabal eskaini zaidan espazio eder honi agur egiten hasi beharko naiz. Zortzigarren zalantza? Ez, ziurtasun borobilaren emaitza. ■