Etxeko sofatik
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Goierriko Hitza, GoiBerri eta Otamotz barne, momentuz 50 herrialdetako 260 komunikabidetik gora batu dira Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek Gazan burututako 220 kazetariren erailketa salatu eta genozidioaren aurka mobilizatzeko.
Uda honetan gutako askok atsedena eta bainua hartu dugun itsasoaren bestaldean, 2. Mundu Gerra garaiko nazien genozidioaz geroztik ezagutu den triskantza handienetakoa burutzen ari da Israelgo estatua, eta lekuko zuzenak izaten ari gara. Gertaera tamalgarri hura errepikaezina behar zuela izan gogorarazi izan dugu, behin eta berriro, eskoletan eta zegokion lekuetan. Holokaustoa gehien sufritu zuen juduen herria da gaur egungoa burutzen ari dena. Ordukoaren berri ez zuen izan munduak sobietarrak Alemaniak okupatutako lurretan sartu arte. Oraingoa etxeko sofatik zuzenean ari gara jarraitzen.
Nola liteke, genozidioa jasandakoa genozidioa praktikatzen. Nola, pertsona batzuen bizitzak halako balioa eta ezer ez beste batzuenak. Nola, Israelek halako nagusitasun militarra lortu izana. Nola, halakoari babes militar eta ekonomiko historikoa eskaini izana. Nola, NBE eta EB bezalako nazioarteko erakundeen eraginkortasunik eza. Nola, herrialde arabiarren apatia. Nola, Errusia ekitaldi mota guztietatik kanporatua izatea eta Israelek guztietan parte hartzea. Nola, oraindik ere gerra deitzea sarraski honi. Nola liteke…
Gizakiaren sorrerarekin batera hasi ziren gatazkak, indarkeria kasuak eta giza eskubide urraketak. Guztion egitekoa, baina bereziki arduradun politikoena, gatazka horien konponbidea topatzearena behar luke izan. Halako tamainako giza eskubideen urraketen aurrean arduradun politiko (Europaren kasuan milioi bat inguru omen ditugu) eta nazioarteko erakundeek azaldu duten inoperantziaren aurrean, ordea, zein izan beharko luke gainerakoon egitekoa? ■