Gustuko dutenaren aldeko bizitza-hautua
Aimar eta Amaia Garmendia anai-arreba zaldibiarrek lehen sektorean jarduteko erabakia hartu dute. Lehenak haragitarako behien ustiategi baten erreleboa hartu du, eta aitak gobernatutako etxeko artaldearena bigarrenak.
Erabakia iaz hartutakoa da, baina horraino iristeko pentsamenduak aurretik datoz. «Nire erabakia inorekin kontsultatu gabekoa izan zen. Arratsalde batean etxera etorri, eta etxekoei esan nien fabrika utzi behar nuela». Hala jakinarazi zien erabakia gertukoei Aimar Garmendiak (Zaldibia, 1997). «Jakiten aurrenekoa fabrikako nire nagusia izan zen, etxekoek ez zekiten, neska-lagunak ere ez. Buruan aspaldian nuen zerbait zen, baina erabakia hartu nuen asko pentsatu gabe».
Iazko martxoan hartu zuen erabakia, eta abenduaz geroztik ari da kotizatzen sektoreko profesional modura. Goierri Eskolan Mekatronikako goi mailako ziklo bat egina, 7 urte zeramatzan Ordiziako Orkli kooperatiban lanean. Bazekien haragitarako behiekin jarduten zuten esplotazio bateko bi bazkide erretiro aurrean zeudela, baina haiekin hitz egin aurretik esan zuen kito: «Aurrena fabrika utzi nuen, eta gero hasi nintzen haiekin hizketan. Zerk ez zuen ondo funtzionatzen banekien. Nirea horrela izan zen, eta uste dut horrek ere Amaia animatu zuela».
Gazta egiten iaztik
Amaia Garmendiak (Zaldibia, 1999) iazko ekainean utzi zuen lantokia. Mondragon Unibertsitatean Enpresa ikasketak eta masterra egina, finantza arloan aritu izan zen lanean, harik eta etxeko artaldearen ardura hartzea erabaki zuen arte. «Gu baserrian bizi izan gara txiki-txikitatik, baina etxean beti esan digute ikasi egin beharra dagoela. Karrera duala egin nuen, ikasketak eta lana, eta etxean aritzeko denbora gutxi… Gero, pandemian denbora gehiago izan nuen, gehiago aritu nintzen etxean, gustura gainera».
Masterra egin zuen gero, hori ere duala, baina ordurako «etxean eskua pixka bat» sartua zuen, eta lanak pilatzen ari zitzaizkion. «Bi urte egin nituen enpresa batean, baina lekuz kanpo enpresan, zortzi orduz eserita, leku itxi batean eta ezinean. Benetan gustatzen zitzaidana etxean neukan, eta zergatik ez aitak hasitako bideari segi?». Gerardo Garmendia dute aita, Aralarko Doniturrieta Garakoa txabolako artzaina.
Anaia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztenek programan sartuta dago, arreba oraindik ez. «Iaz ez zigun denborarik eman, eta orain ari naiz paper kontuekin. Ea aurtengoan sartzen naizen. Esango genuke aitaren izenean ari naizela». Lantokia utzi, eta aitarekin mendiko gazta egiten aritu zen iazko udaberrian Aralarren, eta neguan behean egin zuen gazta Haitz-Berri markapean. «Hitz joko bat da. Gure baserria Aizporraga edo Aizbihurriaga da, haritzetik dator; eta berri, ba, horixe, errelebo aldaketa adierazteko».
Udan abereak mendian
Etxean gaztandegirik ez du oraindik, eta Zaldibiako Goizane eraikineko azpiegiturak erabili zituen iazko kanpainan. Bi egunez behin egin zituen gaztak, esnea egokitutako tanke batean eramanez. «Aurtengo neguan ere han egingo dut gazta, eta gerora gaztandegia hemen jartzen da asmoa». Zaldibiako harategian eta denda batean jarri zituen salgai lehen gaztak, eta pixkanaka azoketan mugitzen ere hasi da. «Orain arte behean ez genuen gaztarik egiten, Ordiziako kooperatiban egin zuen aitak lehen, eta bestela mendian bakarrik. Mendikoa ondo saltzen zen. Orain merkatu berdina daukagu, baina gazta kopurua bikoitza eta gehiago. Horrek ekarri dit merkatua zabaldu behar izatea, eta horrek ere lana eskatzen du».
Uda da bientzat garai lasaiena, ganadu maneiuari dagokionez. Maiatza eta ekaina erabat mendian egin zituen Amaiak gaztak egiten, eta behin ardiak antzutzean gora eta behera dabil. Artaldea beste pare bat hilabetez han izango du. Aimarrek eta lehengo negozioarekin jarraitzen duen bazkideak ere Aralarrera igotzen dituzte behiak; Amezketako minen inguruan dute larratokia. «Aurreneko behiak jaisten orain hasiko gara, ume egiten hasiko baitira. Loteka jaisten ditugu».
Nor bere kontura aritzearen aldea
Lehen urteko jardunaz galdetuta, hona anaiaren erantzuna: «Lan batzuk berriak izan dira, baina mundu hau ez zaigu horren arrotza. Alde horretatik, ondo. Nire kasuan, gainera, nahiz eta Joxe Mari [Garmendia] jubilatu, Joxik [Erauskin] segitzen du. Maisuak hor dauzkat oraindik, eta zentzu horretan, erraz. Arrebarentzat ere ez dira lan berriak, baina «aldaketa handia» antzeman du. «Azken urteetan hiruron artean ibili gara, eta aurten bakarrik ere ez, aitak lagundu baitit, baina negua gogorra izan da. Gustura egin dut, nahi dudalako ari naiz, baina intentsoa izan da. Hasiera guztiak zailak direla esan zuenari arrazoia ematen diot».
Presio ekonomikoa da sektorearen alderdirik okerrena, Aimarren esanetan. «Bizimodua asko garestitu da, margenak ez dira handitzen ari, eta horren ondorioz ganadu bolumen handiagoa maneiatzera derrigortuta gaude, geroz eta margen txikiagoa dagoelako. Ekonomia aldetik bolumen batzuk ibiltzen dituzu orain arte sekula planteatuko ez zenituzkeenak». Eta Amaiak ondotik: «Egiten duzuna zuretzako da, baina zure esku dago. Aitari laguntzen genion, etxekoa zen, baina behin zurea denean, zure esku dagoenean…». Senide zaharrenak dio lehen asko pentsatu gabe «erraz» hartzen zituztela erabakiak, eta orain «behin baino gehiagotan» pentsatuta hartu beharko dituztela.
Gizarteari hausnarketa egiteko deia
Behi bakoitzari urtean txekor bat kentzetik dator Aimarren diru-iturria, gazta saltzetik Amaiarena. «Haragitarako behietan, produkzio kostuek uzten diguten margenarekin esplotazioak ez dira bideragarriak laguntzak kenduz gero». Jakitun dira gizartearen zati handi batek prezioari begiratzen diola erosketak egiterakoan, eta hausnarketa egiteko deia egin dute: «Jendeak pentsa dezala gazta baten edo xerra baten atzean dagoen guztiaren inguruan», esan du Amaiak. Aimarrek, honakoa: «Bertako produktuen alde egiteko, eta ingurua mantentzeko egiten dugun lana baloratzeko eskatuko nuke». ■