Saskibaloi jokalariak pregoilari
Jaiak hasteko eta pregoia egiteko ohorea Goierri Aldapa saskibaloi taldeak izango du. Orain arte emakumezkoen Erregional mailan jokatu ondoren, lehen aldiz 2. Nazionalera igotzea lortu dute. Maiatzean, Tolosan irabazi zioten ‘finalaren finala’ Internacional taldeari (52-32), eta igoera ziurtatu. «Jokalari gehienek bospasei urte daramatzate elkarrekin jokatzen. Elkar ondo ezagutzen dute eta elkarren arteko lotura daukate. Horri lana eta gogoa gehitu behar zaizkio. Duela bi urte finalaurrekoan kanporatu gintuzten, eta iaz denboraldia igotzeko helburuarekin hasi genuen», esan du Angel Aranburu entrenatzaileak.
Urretxu-Zumarragako jokalariek osatzen dute Goierri Aldapa, baita Beasaingo hiru eta Legazpiko bi lagunek ere. Gazte mailako batzuk sartuta, guztiek jarraituko dute aurten 2. Nazionalean, ikastera kanpora doan batek izan ezik. «Helburua mailari eustea, gozatzea eta ikastea izango da». Aitor Maleta eta Aranburu izango dira entrenatzaile (iaz Valentin Berriotxoa aritu zen, Maletaren lekuan).
Pregoia egitea «oso hunkigarria» izango da. «Ilusio handia egin digu». Udalak, taberna babeslea, familiak eta zaletuak eskertu dituzte. «Senitartekoak eta jarraitzaileak gurekin egon dira partida guztietan». ■