Zarraparraren azkeneko jaialdia
Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Beno, ba iritsi da eguna. Agur esateko unea iritsi da. Zarraparraren azkeneko jaialdia dator. Urriaren 4an izango da, Zelai Ariztin.
Lau talde izango ditugu agur esateko. Urtero Katapultarekin egiten dugun kolaborazioa ohitura bihurtu da.
Baino benetako ohitura lagunez inguratzea izango da. Eta lagunak datoz. Talde guztiak ezagutzen ditugu, jarraitu ditugu urtetan zehar, eta harro gaude.
Hamarkada bat bete dugu musikaz, eta hori asko da. Guretzako behintzat bai. Eta gu horrekin geratzen gara.
Bestalde, Motzen egingo ditudan azkeneko jaiak izatea oso posible da, beraz, gonbidatuta zaudete. Hori da nire intentzioa behintzat. Bertan ikusiko dugu elkar.
Gogoratu, irailaren 19an hasiko dira Urretxuko jaiak. Eta urriaren 4an ospatuko dugu ZZ Rock. Dena hamabost egunetan. Herrian bertan. Bada zerbait.
Bobby Relac, Sugramas, Malatessta eta John Dealer & The Coconuts. Badakit Legazpi erdia etorriko dela. Eta hori ere polita izango da. Gorazarrea Legazpiko lagunei, beti hor egon direlako eta musika zainetan daramatelako. ■