Zurutuza zegamarra, Arantzazuko egunen harian
Egutegiak berak aitortu zuen, apirilaren 15eko orritxoaren atzean: «Inori egutegi honetan leku egitekotan, Jose Luis Zurutuzari egin behar diogu. Berak 40 urtetan zuzendu zuen egutegi hau». Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia izeneko argitalpena da, urte hasieran gizen egoten den eta egunez egun orrixka kendu ahala argaltzen joaten den hormako takoa. Eta Jose Luis Zurutuza Arregi zegamarra izan zuen, urte askoan, egile nagusi, arduradun eta zuzendari.
Zurutuza Zegaman jaio zen, 1935eko azaroaren 2an. Mutikotan, 1947an joan zen Arantzazura, ikasle. «Txikitatik zekarren Jose Luisek fraide izan nahia: gertakari xamur batek erabaki bihurtu zuen: anaia zaharragoa zuen hila, fraide gazte, Erriberrin, eta haren kordoia maitasunez gordea zeukan amak etxean. Ustekabean hori aurkitu orduko hartu zuen berekiko erabaki sendoa gure mutikoak: Arantzazura joango zen bera ere, fraide izateko», gogoratu du Egutegiak, bere hil oharrean. Arantzazuko fraidea, irakaslea, idazlea eta organista izan zen, eta han hil zen 2023ko apirilaren 17an, 87 urteko.
Egutegiak 80 edizio beteko ditu datorren urtean. Aita Garate azkoitiarra hasi zen argitaratzen, Zurutuza Arantzazura heldu zen urtean, 1947an. 1969an utzi zion hark. Urte batzuetan Arantzazuko ikasleen esku egon ondoren, 1977an lekukoa Zurutuzak hartu zuen. 2017an utzi zion ofizialki. 40 urte arduradun.
Idazle modura –Arendui izengoitiarekin– Arantzazu aldizkarian atera zituen idazlanak.
Kolaboratzaile askok laguntzen zioten orri atzeko testuak idazten. «Ez zen gutxi hori, baina asko falta izaten zen 365 egun osatzeko, eta gainerakoa neuk bete behar izaten nuen, orritxoaren atzeko aldea, eta aurrekoa! Ematen du aurreko aldea dela errazena, baina huraxe da konplikatuena», kontatu zion Zurutuzak Berria-ri, 2019an.
Euskaraz irakurtzeko eguneko gaia
Arantzazuko Egutegia gerra aurretxoan atera zuten lehenengo aldiz. Ignazio Omaetxebarriak, «euskal testu politak» eskaini zituenean. Etenaren ondoren, 1947an atera zuten berriro, gaur arte. J.A. Garate izan zen bultzatzailea eta 22 urtean zuzendaria. 2025. urte honetan 79. takoa atera dute. Arantzazuko Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak ateratzen du. 1996an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia Saria jaso zuten Egutegiak eta Zurutuzak, euskararen normalizazioaren alde nabarmendutako lanagatik.
Lehen edizioa 40.000 alekoa izan zen, eta erdiak saldu zituzten, baserriz baserri joanda. Hurrengo urterako, 25.000 aleko edizioa atera zuten. Hego Euskal Herri guztian saltzen zuten, eta atzerrira ere ehunka bidaltzen zituzten, Argentinara eta Mexikora batez ere, diasporan edo gerragatik ihes eginda bizi ziren euskaldunen artean.
Bizkaierazko edizioa ere atera zuten, 1952tik 1981era. 8.000 alekoa. ■