Lehendakariaren Goya
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Inoiz baino lehenago hasi naiz GoiBerrira bidaliko dudan kolaborazio hau prestatzen. Baina jakin badakit, berau argitaratzearekin batera, Zinemaldiaren edizio berri bat abiatuko dela Donostian. Alfonbra gorriak alderik alde zabalduta izango dira jada, eta txarteldun bisitariak nonahi ibiliko dira hirian barrena. Euskal lanak oso presente egongo diren edizioa izango omen da aurtengoa. Baina, denen gainetik, Joxe Ramon Soroiz aktore legorretarrari begira egongo gara asko datozen egunotan. Izan ere, bertan estreinatuko den Jose Mari Goenaga ordiziarrak eta Aitor Arregi oñatiarrak sinatutako Maspalomas filmaren protagonista da gure herrikidea.
«Baina Soroiz legorretarra al da?» Zenbat aldiz egin ote didate galdera hori. Bada, bai. Donostian urtetan bizi bada ere, Oria ibaiaren bihurgune honetako semea da. Bere familiaren baserria, kaletik nire etxerako bidean zegoen, eta gogoan dut umea nintzela herrian ikusten nuela maiz. Hollywoodeko izarrik handiena izango bailitzan begiratzen nion nik. Joxe Antonio Arizkorreta lehendakaria nire bizilaguna zen! Super Arizko… eta Bi eta Bat telesaileko Joselontxo… Nik handitan bera bezalakoa izan nahi nuen, noski. Ordutik, hamaika lanetan ikusi dugu aktorea telebistan, antzerkian edo zineman, eta beste horrenbeste herri bazkaritan ere bai.
Orain, Bixente izango da. Kanariar uharteetan aske bizi ondoren, Donostiako armairura itzuli behar izan den 76 urteko pertsonaia. Lanaren aurrerapen irudiak ikustea nahikoa izan da barrenak astintzeko. Javi Agirre argazki zuzendariak sortutako kolore biziz iritsiko zaigun istorio gordin hori irensteko deseatzen nago. Bi zuzendarien aurreko lanek ziurtatzen dute filmaren kalitatea, eta Joxe Ramonen eta gainontzeko aktoreen interpretazioek zer esanik ez.
Maspalomas filmak zeresan handia emango duelakoan nago. Eta uste dut urtetako lan isilaren ordaina iritsiko zaiola datozen hilabeteetan Belbenea baserriko aktoreari. Etxean, Goya sariekin ere amestu dugu. Bixente, Sevillako sari banaketan imajinatu dugu. Arizkorreta lehendakaria irudikatu dugu aktore onenaren garaikurra jasotzen eta bere esker diskurtsoa borobiltzen: «Badakizue zer behar duen Euskadik? Gernikako piperrak, mixeraz beteak, eta kitto! Kitto!»
Ziurrenik ez da hori Joxe Ramonen amets nagusia. Baina gure kasuan, behin amesten hasita, zergatik ez. Lehendakariaren Goya nahi dugu! Eta Legorretako plazan pantaila erraldoi bat jarrita ospatu bizilagunekin.
Batek daki, agian, amets hori ez dago hain urruti. ■