«Maitasunaren erakusle da dolua; maite genuelako pasatzen dugu»
2017ko abenduaren 30ean galdu zuten tren istripuz Idurre Aldabaldetreku Alvarez alaba eta arreba Isa Alvarez eta Jon Aldabaldetreku ama-seme legazpiarrek. Urte gogorrak igaro dituzte ordutik, eta hasieran ezinezkoa zirudien arren, euren esparrura ekarri nahi izan dute heriotzaren eta doluaren gaia: hezkuntzara. Jaio eta hil egiten gara. Ziurra den gauza bakarra da hil egingo garela, baina gaur egungo gizartean ez da heriotzaz hitz egiten, ezta doluaz ere. Mina ematen duen guztia ukatzen da. Gogorra iruditu arren, heriotzaz naturaltasunez hitz egiteko beharra azpimarratu dute ama-semeek, dolu-prozesuak gerora hain mingarriak izan ez daitezen.
Zortzi urte igaro dira Idurreren heriotzatik. Zer moduz zaudete?
Isa Alvarez: Gezurra dirudi. Guretzat atzo da. Urte oso gogorrak izan dira, eta lan handia egin behar izan dugu. Azkenean, dolua pasatzeko modu ezberdinak daude eta, etxean bertan ere hirurok norbere prozesu propioa izan dugu: aurreneko hilabeteetan Asier senarrak Idurrez hitz egitea edo argazkiak ikustea behar izaten zuen moduan, Jonek eta nik ezin genizkion gertatutakoari hitzak jarri, ezta argazkiak ikusi ere. Teorikoki dolu-prozesuaren faseak zehazturik badaude ere, bakoitzak gure modu propioa daukagu. Elisabeth Kublerrek, esaterako, shock fasea, ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena bereizten ditu. Baina inoiz ez dira linealak.
Onarpenean gaude orain; konturatzen gara minean gaudela, baina ez sufrimenduan. Orain konturatzen gara Idurre gure bizitzan edukitzeagatik izan dugun zorteaz. Hemezortzi urte izan ziren, oso gutxi, baina oparia izan ziren guretzat. Poztasun batetik gogoratzen dugu bera.
Horregatik esango nuke gai honetan hain sartuta gaudela: bere omenez. Hemendik ezin dugu ezer ona atera, baina eraman dezagun guk bizitakoa gure esparrura, hezkuntzara, eta birplantea dezagun zein modutan egin dezakegun gure ekarpena. Heriotza bizitzaren parte da, parterik zatarrena dudarik gabe, baina alboan daukagu beti eta beharrezkoa da heriotzaz naturaltasunez hitz egitea. Baita haurrekin ere.
Nola gogoratzen duzue urte hori?
Alvarez: Bonba bat izan zen. Bonba etxean sartu, eztanda egin eta ateak itxi zizkigun. Bizitzak jarraitu egiten du, baina zure etxea leher eginda dago. Buklean sartzen zara eta ez duzu ezer ikusten. Denborak aurrera egin zuenean konturatu nintzen gehien galdu zuena Jon izan zela; arreba galdu zuen momentu berean galdu zituen gurasoak. Ama bezala oso gogorra da hori.
Jon Aldabaldetreku: Urte zailak izan ziren. Gogoratzen dut ez nuela sekula etxean egon nahi; kalean ematen nuen denbora guztia. Azkenean, etxera joan eta gurasoak sofan ikusten dituzu, etxetik atera zarenean zeuden modu berean. Kaleko eta etxeko denborak erabat desberdinak ziren. Gurasoen egoera ulertzen nuen. Gogoratzen naiz momentu batzuetan aprobetxatu ere egiten nintzela: ikasketetan nota kaskarragoak ateratzen hasi nintzen, ikasteak etxean egotea inplikatzen zuelako.
Isa, unibertsitatean doluaren eta heriotzaren inguruko ikasgaiak ematen dituzu gaur egun.
Alvarez: Ikastolan Pedagogia Terapeutikoko aholkularia izan naiz beti, HH eta LHn. Hau gertatutakoan baja hartu behar izan nuen; urte batzuetara itzuli nintzen, eta gero berriro hartu… gurpil moduko bat izan da dena. Ikastolan ere izan ditugu beste haur batzuen egoera bereziak, eta horren harira pentsatu genuen heriotzaren pedagogian zentratzea. Ikastaro bat egin nuen orduan, eta lankide bati proposatu nion tutoretzetan haurrekin gaia lantzea. Didaktifikazio bat egin genuen eta sekulako esperientzia izan zen. Haurrek heriotzaz hitz egiten zuten naturaltasunarekin harrituta geratu ginen.
Haur horietako baten amak proposatu zidan Eskoriatzara curriculuma eramatea; bera ere han aritzen zen heriotzaren eta doluaren inguruko ikasgaiak ematen. Animatu egin nintzen. Nire burua ondo zegoen ala ez probatu nahi nuen, eta oparia izan da gai naizela konturatzea. Konturatu naiz, gainera, modu ludikoan landu daitekeela gaia, naturaltasunez.
Zuk magisteritza ikasi zenuen, Jon. Master Amaierako Lana heriotzaren inguruan egin duzu.
Aldabaldetreku: Tabuen inguruko Gradu Amaierako Lana egin nuen, eta Master Amaierako Lanean, berriz, heriotzaren gaia konkretuki landu nuen. Bi modu daude heriotza lantzeko: prebentzioa, heriotza gertatu aurretik gelan edo pertsonekin egiten den lanketa; eta posbentzioa, pertsona bat doluan dagoenean egiten den lanketa. Desberdinak dira biak.
Prebentzioan zentratzea ezinbestekoa da, eta irakasleon eginbeharra da haurrei dolu prozesu bat pasa aurretik heriotzaren inguruan hitz egiteko bitartekoak eskaintzea. Entrenatzea. Azkenean, denok igaro beharko dugun prozesua da doluarena, eta entrenatzeak heriotza gertatzen denean galera hori ulertzea naturalagoa izan dadin laguntzen du.
Horrek ez du esan nahi doluan egongo ez zarenik. Doluan egotea osasungarria ere bada; mina pasatzea beharrezkoa da. Maitasunaren erakusle da; pertsona hori maite zenuelako pasatzen duzu dolua. Are eta gertuagokoa izan, are eta dolu prozesu zailagoa da. Gure kasuan, orain beste galera bat izango bagenu, eramangarriagoa egingo litzaiguke. Denborarekin ulertzen duzu negar egingo duzula baina ez zarela bizitza osoan negarrez egongo.
Jendeari laguntzeko modu bat gaia gizarteratzea da?
Alvarez: Guri ingurukoek zein profesionalek asko lagundu diguten bezala, ondoan egonez, hitzak ateraz, honekin norbaiti lagunduko bagenio, pozik geundeke. Horregatik ekarri nahi izan dugu heriotzaren gaia gure esparrura, hezkuntzara. Beharrezkoa da dagokionari hitzak jartzea, askotan hitzak jartzearekin soilik mina arintzen baita.
Laguntzen al du egoera bera jasan duten familiekin hitz egiteak?
Alvarez: Asko lagundu digun familia bat dago Legazpin, duela urte asko alaba galdu zuena. Gure gainean egon dira beti, era leunean, goxoan, baina inoiz alde egin gabe. Hasieran beraiek ematen zizkiguten pistak agian ez genituen ulertzen, baina gero zentzua hartu zuten. Gure eredua izan dira beti.
Sare egonkor bat izateak ere asko laguntzen du. Psikologo, mediku eta adituez gain, familia eta lagunen sare egonkorra. Gu oso pribilegiatuak izan gara horretan. Herriak ere asko lagundu digu beti, baita lankideek ere. Ingurukoen malgutasuna ezinbestekoa da; ondoan egon eta mila ezezko emanda ere, egoera ulertuko dutenak. ■