«Aldarrikapen politikoak gizarteratzeko baliatu nahi ditut lasterketak»
Duela lau urte hasi zen mendi lasterketetan lehiatzen Mattin Intxausti (Idiazabal, 1996). Gaur egun, Palestinan gertatzen ari den sarraskia irmoki gaitzesten du, eta hori dela eta, lasterketa bakoitza Palestinako erresistentziari elkartasun-keinua egiteko aukera bihurtu du.
Zer dela eta eramaten duzu lasterketetan Palestinako bandera?
Egun, Israelgo Estatua bere sorkuntzatik Palestinan bultzatzen ari den genozidioa munduan dugun krimen handienetako bat dela uste dut. Gainera, basakeria horren kausa diren eta demokraziaren zirkuan parte hartzen duten agintari guztien itxurakeriak, palestinar herriaren zapalkuntza betikotzen dute. Horren aurrean, ni Israelekiko harreman guztiak etetearen zein estatua desegitearen aldekoa naiz, eta uste dut horren salaketa eta antolakuntza dela jarraitu beharreko bidea. Horrela, parte hartzen dudan lasterketetan, palestinar erresistentziari nire babesa eta aitorpena adierazten, Israelgo estatuaren existentzia salatzen, eta kirol ikuskizunetan aldarrikapen politikoak normalizatzen jarraituko dut.
Zein iritzi duzu kirola eta politika nahasteari buruz?
Espainiako Vueltako gertakarien harira kirola eta politikaren arteko loturak eztabaidaren erdigunea hartu du. Leku desberdinetan ikusi dugun elkartasun uholdearen ondoren, kirola beste arlo batzuen modura ente neutral edo apolitiko modura saldu nahi izan digute zenbaitzuek. Ideia hori, ordea, tranpatia da eta dena ‘politika’ hitzaren esanahi interesatu bat erabiltzetik abiatzen da. Kirolaren izaera neutrala aldarrikatzen dutenentzat, Israelen aurpegia zuritzeko sortutako talde bat egotea ez da ezer politikoa, baina horri aurre egiteko protesta egiten dugunok kirola politizatzen dugu. Mendi lasterketak aldarrikapen politikoak gizarteratzeko ere baliatu nahi ditut.
Ba al duzu kirolean erreferenterik?
Gaur-gaurkoz ez dut kirolari profesional erreferenterik. Oso kritikoa naiz eliteko kirolaren mundua inguratzen duten balore eta kulturarekin, eta. zoritxarrez, goi mailako kirolari gehienak gaitz horren konplize direla uste dut. Batetik, asko euren identitatea ‘saldu’ eta kontratuaren interes ekonomikorako instrumentu izatera pasatzen dira. Bestetik, kirolaren eta politikaren arteko banaketaren ideiak indar handia duela iruditzen zait, eta ez dut inor ikusten bere irudia mezu politiko eraldatzaileak bidaltzeko baliatzen. Bukatzeko, ohikoa izaten da kirolari profesionaletan jarrera egoista, indibidualista eta norbere errendimendua hobetzeko obsesioa garatzea.
Zer-nolako harremana daukazu gaur egun kirolarekin?
Kirol ohituren gorakada berri oso ona da, baina, era berean, kezkagarria iruditzen zait aitortza soziala handitzeko norbere itxura fisikoa sare sozialetan ‘saltzen’ duten gazteen igoera. Jarduera fisikoaren ‘boom’ honek errentagarritasun ekonomikoa bilatzen dutenei merkatu berri bat ikusarazi die, eta negozio iturri moduan ustiatzen hasiak dira. Horrez gain, muturreko lasterketen eta parte hartzaileen kopuruaren gorakada nabarmena ere tentuz hartzekoa iruditzen zait. Uste dut aipatutako ideiak normalizazioz onartu beharrean, hausnarketa sakona behar dutela. ■