«Mendia, baratzea eta lagunekin tertulia egitea dira nire zaletasunak»
Marijo Irazustabarrena Bidegainek (Beasain, 1964) Batxilergoa ikasi zuen eta ondoren Beasaingo Eguzki inprimategian lan egiten hasi zen. 40 urte daramatza bertan lanean. «Ofizioa asko aldatu da. Inprimategiko lana garai batean baino errazagoa da, baina urte hauetako guztietako berrikuntzek ikastera behartu gaituzte», azaldu du.
Zein zaletasun dituzu?
Mendira joatea, baratzea zaintzea eta lagun minekin tertulian aritzea, kafetxo batekin.
Gustuko mendia?
Beasaingo mendiak ditut gustuko. Beasaingo mendietara joaten naiz.
Pelikula edo telesail bat.
Clint Eastwood eta Meryl Streep aktoreen Los puentes de Madison. Hiru-bat aldiz ikusi dut, telebistan tokatu denean.
Liburu bat.
Asko ditut gustuko. Ken Follet idazlearenak asko gustatzen zaizkit. Gehien gustatu zaidana Los pilares de la tierra da.
Musika talde edo abeslari bat.
Benito Lertxundi oso gustuko dut. Behin baino gehiagotan ikusi dut zuzenean. Beasainen, beti.
Abesti bat.
Baldorba.
Oporretarako leku bat.
Kanaria uharteak. Eguraldia ederra da eta gainera lasaitasuna da nagusi.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe ebakia eta ogia olioarekin.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire etxean gertatutako heriotzen egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Opari guztiak dira bereziak niretzat.
Amets bat.
Familian denak ondo egotea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Hondartza batean hamaka batean etzanda egotea, denbora pasaz.
Goierriko txoko bat.
Beasaingo mendiak.
Beasainen biziko ez bazina…
Gabirian, gure amaren jaioterrian. ■