‘Azpijokoa Azpiazun’
Joxe Begiristain • Irakurzalea
Izenburu hori du oraingoan gomendatu nahi dizuedan liburuak. Argitaratu zuten une beretik nekien liburu hau hizpide izango nuela: egilea, Iñaki Dorronsoro Maioz, herrikidea izateaz gain, gertukotzat baitut. Berealdiko poza hartu nuela, alegia, Iñakik liburua argitaratu zuela jakin nuenean: sormen handikoa eta hamaika arlotan aritua eta aditua dela banekien, eta, «tira, bejondeiala Iñaki, liburu bat idazteko ere, sena, talentua, gaitasuna… badituanez, egin egin dualako!», izan zen nire lehen burutazioa.
Nobela beltza deritzanean kokatu dute Erein argitaletxeak argitaratutako liburua. Miren kazetaria eta Alfontso detektibea dira protagonistak, eta bi horien elkarrizketa (noka eta toka!) zoragarrien bidez ezagutuko ditugu auzo bateko gertaera ilunak. Lapurrak, politikariak, tabernariak… Hilketa bat argitzeko ikerketaren aitzakiaz, era guztietako pertsonen nondik norakoak jakingo ditugu kontakizunean. Euskal Herriko (munduko!) edozein bazter izan daitekeen Azpiazu auzo horretako gorabeherez baliatuz, astindu latza ematen dio eleberriak, herritarren garai bateko bizitzari zerutik infernura adinako aldaketa eragiten dion jendilajeari (kritika sozial zorrotzez).
Irribarrea aldendu ezinez irakurri dudan liburua da, ordea, gai serioa izanik ere argumentua, umorea eta ironia ezin hobeto kudeatu dituen idazle aparta deskubritu dudalako. Eta adi, beste idazle batzuenen antzera –Itxaro Borda datorkit burura– Iñakiren liburu hau, nik zer dakit zenbat libururen saga bihurtzeko lehen pausoa besterik ez baita.
Jakin, azaroaren 26an, Ataungo Otso Irakurleak taldearen hilabete horretako saioan, Iñaki Dorronsoro berarekin landuko dugula liburu hau. ■