Frankfurteko kaletik, Altzagako baserrira
Alemaniako hiri handienetako batean, Frankfurten jaioa da Sophie Elliesen. Gaur egun, Gipuzkoako herririk txikienetariko batean, Altzagan, bizi da, Artzabaltza baserrian.
Bizitzak Altzagako Artzabaltza baserriraino ekarri du 30 urteko Sophie Elliesen alemaniarra. Frankfurten, Alemaniako bosgarren hiribururik handieneko erdigunean jaioa da, nahiz eta beti saiatu izan zen erdigunetik irten eta naturarekin harremana izaten. Orain, Artzabaltza baserrian du bizitza proiektua Ander del Rio ordiziarrarekin eta etxeko bi txikiekin, Anar eta Zura, bizimodu osasungarria, jasangarria eta naturarekiko errespetua oinarrian duena.
Asteasuko baserri batean egin zuten topo Elliesenek eta Del Riok. «Nire aita Espainiakoa da, andaluziarra. Nire gurasoak nahiko azkar dibortziatu ziren eta inoiz ez nuen harreman handirik izan gaztelaniarekin. Baina 17 urterekin gaztelania ikasten hastea erabaki nuen, familia Espainian dudalako eta bisitatu nahi nuelako».
2018an, lagun batekin Wwoofing egitea erabaki zuen, etxalde ekologikoetan lan egin, bizi eta kultur trukaketak egiten dituen egitasmoan. «Asteasura etorri ginen, eta han ezagutu nuen Ander. Berak ere han lan egiten zuen. Baserrian saskiak egiten dituzte eta hiruzpalau pertsona hartzen dituzte, bertan bizi, lan egin, eta bertan jan eta lo eginez. Asteburua libre izaten da. Bidaiatzeko modu bat da».
Alemaniatik joan-etorrian
Asteasutik Alemaniara itzuli zen, gizarte hezitzaile lana zain zuelako. «Gizarte langilea naiz. 0-6 urte bitarteko haurrekin lan egiten nuen, arreta edo laguntza goiztiarrean. Garapenerako zailtasunak eta portaera arazoak zituztenekin terapiak egiten genituen, Waldorf pedagogian oinarritua. Gurasoekin kontsultak ere egiten genituen».
Baina harremanetan jarraitu zuten goierritarrak eta biek. «Ni etortzen nintzen, Ander joaten zen… Ander Alemaniara ere joan zen lanera». Elliesenek 25 urte zituenean, haurdun geratu zen. «Alemanian bizi ginen. Ander bere furgonetan, ni konpartitutako etxebizitza batean. Lehenengo galdera izan zen: zein herrialdetan biziko gara? Ander ez zegoen Frankfurten gustura, natura gustatzen zaio. Familiako baserria ere hemen zegoen, eta bere osaba Fortunatok esan zigun ea baserrian geratu nahi genuen. Hala etorri ginen».
Haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zegoenean, «furgoneta trastez beteta» hartu eta etorri ziren. «Ordizian jarri ginen lehenengo bizitzen, baserrian obra bat egin behar genuen eta».
Pandemia betean
Ordiziako etxean jaio zen lehen haurra, 2020ko urtarrilaren 28an. «Etxean eduki nuen, Magale-koekin. Berehala COVIDaren pandemia etorri zen, eta konfinamenduan sartu ginen. Ama eta nire lagunik onena etorri ziren haurra eduki eta berehala, baina handik aurrera ezin izan zuten. Ander baserria eraberritzen ari zen, eta ni bakarrik. Euskara ikasteko apuntatu nintzen, yogan, Ama Txiki taldean, edoskitze taldean… jendea ezagutzeko. Baina dena bertan behera geratu zen».
Alemaniarrak aitortu duenez, Goierrin hasiera hura zaila izan zen. «Dena distantziarekin zen, eta online. Hasieran kostatu zitzaidan». Bigarren haurra, Zura, 2023an jaio zen. «Bikotekidearen lagun eta ezagunekin batera, nire ingurunea egiten ari naiz pixkanaka. Nire pentsamoldeko jendea ezagutzen ari naiz pixkanaka, haurrak hazteko moduan edo nire bizitzeko erarekin bat datozenak».
Bizitzeko era horretan, bizitza-proiektu oso bat eraiki dute Artzabaltzan. Batetik, haurren eskola da, oraindik ez baitituzte eskolara eramaten. «Asko ikasten ari dira baserrian, baratzean, animaliekin… Asunarekin erretzen badira, llantenaren bila joaten dira eta igurtzi egiten dute. Badakite zein lore jan daitezkeen eta zeintzuk diren toxikoak. Baratzera joaten dira kalabazina jasotzera… Oso konektatuta daude, oso gustura daude».
Eta lantokia ere badute Artzabaltza. Baratzea, intxaurrak, sagastiak, sagar zukuak dituzte, eta Ordiziako eta Itsasondoko kontsumo taldeetan saskiak saltzen dituzte. Okindegia ere laster jarriko dute martxan. «Urri-azaro alderako espero dugu hastea. Probak egin beharrean gaude. Egur labea da, eta Itsasoko Itsasok eta Kepak erakutsi digute dakiguna. Orain, ikasitakoa gure etxean praktikan jartzea falta da».
Naturarekin bat
Artzabaltzako bikotearen burua ez dago geldirik, eta ideiak ez zaizkie bukatzen. «Baserriak bizitza askotarako ideia asko sortzen dizkit», aitortu du Elliesenek, irribarrez. «Denbora da falta zaidana. Adibidez, gizarte langilea naizenez, denborarekin gehixeago formatu, eta gustatuko litzaidake arreta goiztiarrean lan egitea animaliekin. Ardiak baditugu, oso mantsoak dira eta perfektuak izango lirateke haurrekin terapiak egiteko. Agian abere gehiago ere ekarriko nituzke».
Izan ere, naturarekin bat eginda bizitzeko apustua egin dute. «Lan finko batekin soldata handiagoa daukazu, baina hemen bizitzan irabazten duzu. Naturarekin bat eginda zaude, malgutasun handiagoa dago, umeekin gehiago gaude… Erritmo desberdina daukagu. Gustatzen zait hemen lanean egitea. Nik esaten dut, oporretan bizi naizela. Nire familia eta lagunak etortzen direnean, beraientzat oporretara etortzea da. Mendia daukate, itsasoa… oporrak egin ditzakete hemen».
Instagrameko profilean errezeten bideoak ere egingo lituzke gustura. «Denborarik ez dugu, baina gustatuko litzaidake horretan sakontzea. Jatea eta sukaldean egitea asko gustatzen zait. Ordu asko pasatzen ditut sukaldean. Gustatzen zait ondo eta janari ona jatea».
Euskara-ulermena, nahiko ondo
Euskara ikasten ari da, «nahi gabe ere, etengabe entzuten dut eta». Hitz egitea gehiago kostatzen zaio. «Ulermena, nahiko ondo. Umeekin hitz egiten ausartzen naiz. Helduekin gehiago kostatzen zait. Ulertzen dut zertaz ari diren hizketan, baina esaldiak osatzea kosta egiten da».
Etxeko txikiek alemana eta euskara dakite, amak alemanez eta aitak euskaraz hitz egiten dietelako. «Hemen haur askok ez dute gaztelaniarik ulertzen, eta hasieran alemanez egiten nien, eta elkar ondo ulertzen genuen. Gaztelania ez zuten ulertzen. Orain umeekin euskaraz uler naiteke. Haurrekin egin dezaket, esaldiak sinpleagoak dira eta». ■