Goierri nolakoa zen 1971. urtean
Eraldaketa sakonen garaiak izan ziren 1960ko eta 1970ko hamarkadak Goierrin. 1971n, aurreko urteetan bultzatutako eta ‘garatutako’ gizarteari antz eman nahian zebiltzan, ordurako azaleratu ziren beharrei erantzun nahian eta etorkizun hurbilean bazetozela barrunta zitezkeen aldaketa sakonagoetarako prest egoteko. Horren adibide da Goierriko Guraso Elkarteak Siadeco soziologia enpresari agindu zion eskualdearen ikerketa.
Ikerketaren arlo sozialaren eta demografikoaren laburpen bat 1971ko maiatzaren 23ko Argia-n argitaratu zuen J. Elustondok. Harrezkero Goierrin izan den aldaketaren zenbatekoa neurtzeko argazkia eskaintzen du. Hasteko, Goierri zein herrik osatzen zuten azaldu zuen: 19 herri sartu zituzten, Goierri behekoak gehi Abaltzisketa. «Goierri Eskola Profesionala sortu zenean erabaki zen bezala». Hauts haietatik lohi hauek, gaurdaino iraun duen eskualdearen zatiketaren motiboa horixe.
1965eko biztanleria erroldaren arabera, 39.828 bizilagun bizi ziren Goierriko eremu hartan, Gipuzkoaren %7,1. XX. mende hasieran 20.005 biztanle zirenez, bikoiztuta zegoen biztanleria. «Herria asko haztea kaltegarri izan daiteke, ordea, jendetzaren barne egitura desegokia bada. Eta etorkizunari buruz esan daiteke barne egiturak duela garrantzirik handiena», ebatzi zuten duela 55 urte ere, gaur egungo arazoena ere baden ernemuina detekatuta.
Genero aldetik, %50,8 gizonezkoak ziren, eta %49,2 emakumezkoak. Normalean, alderantziz izaten zenean (emakumezkoak %52). «Kanpotik gizonezkoa gehiago etorri da, eta kanpora alde egin duena emakumezkoa gehiago izan da», aipatu zuen ikerketak langile etorkinen uholdearen eragina.
Goierri, «oso herri gaztea»
Demografikoki, 0-19 urte artekoak %38,8 ziren, 20-39 multzokoak %29,7, 40-59koak %20,8, 60-79koak %9,5, eta 80tik gorakoak %1,1 bakarrik. «Goierri oso herri gaztea» zen 1971n. 0-19koen portzentaiak Sobiet Batasunekoa (%38,8), AEBetakoa (%38,3), Espainiakoa (%34,1) eta Belgikakoa (%28,2) gainditzen zituen.
Beharrak ere bazekartzan horrek: «motxerako» maila eta mota denetariko eskola eta jolaslekuak, luzerako gazte haientzat lana sortu beharra. «Zerbitzu-mota berri asko sortu beharko da».
Goierrin bizi zirenen %81,4 Euskal Herrian jaiotakoak ziren. Erbestekoak, %18,6. Euskararen ezagutzan eragin zuzena izan zuen horrek. Euskaldunak ziren %63,5 (nekazari-herrietan %86,6, herri industrialetan %47), euskaraz ez zekiten %34,1ek, eta ulertzen zuten %2,2k. «Egoera hau ez da txantxetakoa. Egoera tristea Goierriko bailararena!», dio artikuluak. (jarraituko du) ■