Laster Elgoibarren, hurrena Lazkaon!
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Ikastola da gure hezkuntza eredua, euskalduna eta publikoa (publikoetan publikoena!), geuk eta geuretzat sortua. Ikastola proiektua ez da ikastetxe multzo bat; ez hori bakarrik behintzat. Ikastola komunitatea da, hezkuntza metodoa, ikasketa, irakaskuntza, jakintza, harremanak izatea, nortasuna lantzea, kultura, euskara, errespetua, atxikimendua, militantzia, aniztasuna, enpatia, inklusioa, biziera, herria…
Ez da pribatua eta elitista, min egiteko hori esaten baldin badigute ere. Herriak herriarentzat sortutako proiektu handi eta zabala da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa hartzen ditu bere baitan; ondo funtzionatzen ari den Euskal Herri osoko proiektua da.
Nondik datorren, zer den eta nora doan transmititu eta herritarrok partaide garela adierazi eta lanean indartsu jarraitzera gonbidatzeko aprobetxatuko dugu Lazkaon Kilometroak-26 ekitaldia. Ez dugu, noski, egun bakarrera mugatuko: datorren urteko urriaren 4a egun handia izango dugu Lazkaon, baina ordu artekoak eta ondorengoak garrantzitsuagoak dira. Lehengo sokari tira egin eta etorkizuna eraikitzen ari gara, Ikastoletan eta kalean, elkarrekin, elkarlanean; gure proiektua osasuntsu mantentzen eta indartzen jarraitu behar dugu.
Badugu zeregina, denontzat dago lana eta gozatzeko aukera; beraz, segi dezagun lanean Kilometroak-26 aitzakiatzat hartuta. Ikastolako ikasle, guraso nahiz irakasle aspaldi izan ginenok eta egungook, Ikastolan matrikulatutako haurrik ez izan arren, ikastola komunitateko kide gara denok, euskal herritar guztiok; beraz, parte har dezagun mugimenduan, izan gaitezen Kilometroak ekintzako lan-taldeetako kide. Denok gara beharrezko eta denok eskaini eta eman dezakegu nork bere laguntza: txikiena ere aberatsa eta handia izango da. ■