San Migel festak, lan urtearen bukaera ospatzeko
Zergatik ospatzen dira hainbeste herritan San Migel festak? Irailaren bukaerako garai hau, udaren amaiera eta udazkenaren hasiera da. Ziklo naturalen arabera antolatzen zuten garai batean bizimodu osoa, eta horren barruan, festak. Udazkeneko ekinokzioan –irailak 23– dago, espresuki.
Hala, San Migel eguna, irailaren 29a, uzta bilketaren amaieraren eta ekinaldi berriaren arteko zubia zen. Europa guztian ospatzen zen bereziki aldi hori. Urteko emaitzak eta fruituak behin jaso ondoren, lan urte berria hasten zen sanmigeletan. Berriz ekin aurretik, olgetarako, atsedenerako eta dibertimendurako tartea hartzen zuten; ez dira kasualitatez udazkeneko aurreneko festak, eta urteko azken festa orokortu handia.
Kristautasunaren zabalkundearen aurreko garaietako irudietan ere, Iraila gazte batekin irudikatzen zuten: panpanodun koroa bat buruan, eta eskuineko eskuan balantza bat. Kristautasunak San Migeli ezarri zion irudiaren oso antzekoa da, nahiz eta beste zentzu bat eman zioten santuari: arima eta egite onak gaiztoengandik bereiztea, zerurako ala infernurako pasaeraren epaile. Gerrako jainko paganoen lekua hartu zuen San Migelek Erdi Aroan, soldaduen eta borrokalarien babesle (hortik armadurak).
Goierrin, San Migelen adbokazioari men egiten zioten herrietan gorde da festa ospatzeko ohitura. Lazkaon, jai nagusian San Prudentziotan badira ere –jatorrizko eliza–, gaur egungo eliza nagusiaren izenpeko eguna ere festa herrikoia da. Idiazabalen ere urtearen hasierara aldatu zituzten udazken hasierako festak (1970 ingurura arte festa egiten zen irailaren 29an ere, eta oraintsu arte Urtsuaran auzoko festak iraun du). Altzagan eta Gaintzan, San Migelen adbokaziokoak dira elizak, nahiz eta Gaintzan jatorrizko parrokia Tourseko San Martin zela dioten historialari batzuek.
Ormaiztegin, alderantziz gertatu da: San Migel ermita izan zen herriko eliza nagusia antzina, geroago San Andres bihurtu baldin bazen ere parrokia. Aztarna fisiko batzuk besterik ez dira geratzen gaur egun, puntadun ate-arkua eta horma batzuk, Sagastiberri baserriaren barruan. Baina festa herrikoi modura iraun du gaur egunera arte San Migelen oroitzapenak.
Alkateak eta Nafarroa
Aro Modernora arte, bestetik, San Migel egunean aukeratzen ziren alkatea eta herriko agintariak ere. Urtebeterako agintaldia izaten zen, eta epe hori igaro ondoren, hurrengo San Migel egunean egiten zuten “bozketa” (auzotartasuna zeukaten kapareen edo etxe jabeen artean soilik). Urte aldaketa zen administrazioan ere, nolabait esateko, egun hori.
Erlijio aldetik, azkenik, San Migel Nafarroako eta Euskal Herri guztiko zaindaritzat edo patroitzat hartzen zen. Nafarroako erregeek, musulmanei errekonkistan kentzen zieten herri bakoitzean, San Migeli eskainitako eliza bat eraikitzen zuten. Nafarroako armarriko kateak eta kolore gorria ere San Migelen ezkutu errefortzatuaren iruditik sortua dela diote zenbait adituk, santu horrek emandako babesaren alegoria. ■