«Fito y los Fitipaldis dira niretzako hoberenak»
Badira zortzi urte Fabian Socaci (Arad, Errumania, 2000) gurasoek zuten Gurutze tabernan lanean hasi zela. Bitarte horretan goi mailako bi ziklo ikasi eta enpresa batean lan egiten probatu badu ere, iaz hartu zuen Lazkaoko Erlo tabernaren ardura. «Aurretik pentsatuta neukan nire ibilbide propioa hartzea ostalaritza munduan, baina ez nintzen aurrerapauso hori ematera ausartzen. Aitaren heriotzak piztu zidan asmoa, eta buruan sartu zitzaidan berak erakutsitakoa martxan jarri beharra neukala». Erlo tabernan hainbat ospakizun antolatu ditu, Estankoaren 100. urteurrena, berak hartu zueneko lehen urteurrena… Hurrengoa urriaren 4an izango da, Oktoberfest jaia: «Orkestra bat izango dugu eta gauean DJ bat. Pentsatuta daukat Errumaniako Eguna ere ospatzea abendu hasieran, Gurutzeko ohiturak mantentzeko, gure jatorria ez ahazteko eta inguruko errumaniarrei gertutasuna transmititzeko».
Zein zaletasun dituzu?
Dardo makina ekarri dudanez, dardotan ibiltzen hasi naiz. Eta txapelketetan parte hartzen hasiko gara Erloren izenean.
Pelikula bat edo telesail bat.
Jurassic Park sagako pelikulak dira gehien gustatzen zaizkidanak.
Musika talde edo abeslari bat.
Fito y los Fitipaldis dira niretzako hoberenak.
Abesti bat.
Fitoren La casa por el tejado.
Oporretarako leku bat.
Aspergarria naizela pentsatuko duzue, baina Donostia esango nuke.
Zer gosaltzen duzu?
Ez daukat gosaltzeko ohiturarik, nahikoa dut kafe huts bat.
Kolore bat.
Ostalaria izanik, beltza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Taberna ireki nuen eguna: irailak 6.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Aitak oparitutako koktelgintza kit bat.
Amets bat.
Noizbait Repsol Izar bat lortzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Kaña eta Gilda.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendiko Itxurrene.
Lazkaon biziko ez bazina…
Nire pentsatzeko era eta bizitzeko modua desberdinak izango ziren. ■