Goierri, Ipuzkuaren ernemuina

Murumendi gailurretik Goierriko bailarak: Lazkao herrigunea eta Ataun aldea. Atzean, Aralar. / Aimar Maiz
Gipuzkoaren izena idatzirik agirietan agertu zela mila urte bete dira. Orain Goierri den eremuak funtzio garrantzitsua izan zuen herrialdea egituratzeko orduan, abelbide zaharren ardatzen bitartez.
Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentala, Ipuscua formarekin, 1025ean idatzitakoa da, Aragoiko San Juan de la Peña monasterioko kartulario batean jasoa. Duela mila urte, Gartzea Aznarez eta Gaila senar-emazteek hainbat ondasun dohaintzan eman zizkioten monasterio hari, Ipuscua izeneko lurraldean kokatuak. Olazabalgo San Salbatore eliza pribatua (gaurko Altzo Azpin) eman zioten, eta horrekin batera Aralarretik itsasorainoko lurrak, bertako sagasti, saroi eta bi herrixkarekin (Aia eta Elkano). Gartzea Aznarez «Ipuskuako jauna» zen, aragoiarra jatorriz eta bizilekuz, Iruñeko Antso III.a Handiaren izenean.
Politikoki, Iruñeko Erresumaren eraginpean zegoen gaur egun Goierri den eremua eta Gipuzkoa. Erresumaren erdigune politikoa eta ekonomikoa Pirinioen magaletik Ebroko erribera emankorretara zabaltzen ari zen. Kantauri isurialdea, aldiz, periferia eta pobrea zen, biztanleria gutxikoa. Ez zegoen hirigunerik, ezta gotorleku edo monasterio handirik ere. Bide nagusiak zaintzeko gaztelu gutxi batzuk soilik zeuden: Jentilbaratza (Ataun), Ausa (Zaldibia), Beloaga (Oiartzun) edo Aitzorrotz (Eskoriatza)
Elizaren aldetik, bi botere-guneren eraginpean zegoen Gipuzkoa: Baionako apezpikutzak Hernani, Donostia, «Sanctam Mariam de Arosth» eta «Sanctam Triaman» bitarteko lurraldea kontrolatzen zuen. Iruñeko apezpikutzak, berriz, Belatetik Donostiara eta Bidasotik Debara bitarteko eremua hartu zuen beretzat, 1030ean. Tartean zegoen «Araria».
Olazabalgo San Salbatore bezala, baziren jabetza pribatuko eliza gehiago ere, bertako patroi edo burua jauntxo bat zuena. Horietako bat Zaldibiako Kanpaingo Santa Fe eliza zen. 1134an, Taxoareko Lope Enekoitzek (Iruñerriko noble bat) dohaintzan eman zion eliza hori eta berari lotutako ondasunak (nekazaritza lurrak, sagastiak, basoak, mendiko abeltzaintza larreak…) Aralarko San Migel monasterioari. Aldi berean, Iruñeko katedrala zen Aralarko monasterioaren jabea.
Altzo Azpiko eliza horren ondasunen zerrenda Aralartik Murumendira, Erniora, Iturriotzera eta Aia-Elkanora luzatzen zen. Gipuzkoaren erdiko zatia, menditik itsasorainokoa zen. Elena Barrena Osoro historialariak 1991n jada argi utzi zuen lotura, Historia de la Vías de Comunicación en Gipuzkoa liburuetan: «Gaur egun oraindik erabiltzen den abelbidea erakusten du lur zerrenda horrek». Udako goiko larre-lekuen eta neguko egonlekuen arteko bidea, Aralartik behera Zaldibia, Ordizia, Arama, Berostegi auzoa, Argisaingo Santa Marina zeharkatuz, Santutxoko bidegurutzera iristen zena, eta handik Bidanian, Ernioko hego magalean, Zelatungo lepoan eta Iturriotzen barrena Andatzarretara zihoana; han bikoiztu egiten da: Asteasu, Zizurkil, Aduna, Zubieta eta Lasartera bat; eta Aia, Aizarnazabal, Zarautz eta Getariara bestea.
Bideen bidez eraldaketa soziala
Barrena Osororen iritziz, XI. mendearen erdi aldera jada «eraldaketa sozialaren aztarna sorta bat» agertzen da Zaldibia eta Lazkao inguruetan. Abere taldeekin Oria ibaia zeharkatu behar zenez gero Aralar-kosta ibilaldian, «eraikinen bat egon» beharko zuela ebatzi du. Erdi Aroan, Igartzan (Beasain) dokumentatzen da zubi bat.
Abelbide nagusi horren beste adar bat, erreka handiak saihesten zituena, Mandubiatik sartzen zen Murumendira, Oria eta Urola ibaien sorburu diren mendietatik hara Ezkioko eta Kizkitzako mendietan gainez gain joanda. «Aralarko abere-taldeek mendebalderantz, Aizkorrirantz hartu beharko zuten lehenengo, monumentu megalitiko ugariek adierazten duten artzain eremuan barrena. Gainera, trazatu hori izen autoktonodun amabirjinen adbokazioekin lerrokatuta dago, Kizkitza, Lierni edo Zumarragakoaren antzinatasuna aditzera ematen duena [Antio]. Leku horiek posizio estrategikoetan eta bidegurutzeetan daude beti», idatzi zuen Barrena Osorok.
Iruñeko Erresumaren eragina ere, hain justu, Aralarretik barrena sartzen zen orain Gipuzkoa den lurraldera, tokiko jauntxoen ordezkaritzaren bitartez, bi bide baliatuz: bat, Zarateko lepotik gainez gain Otsabio mendira eta Altzo Muinora, handik bailara hondora jaisteko; eta, bestea, Aralarko San Migeletik Errenagan eta Igaratzan zehar Zaldibiara edo Ataungo Jentilbaratzera jaisten zena. Enirioko galtzada ederki kontserbatu da, bigarren bide horren erakusgarri. Zaldibian tradizionalki transmititu den kondaira batek dioenez, gainera, San Saturnino santua Nafarroatik Aralarren barrena etortzen zen Gipuzkoan predikatzera; jentilen akaberarekin lotzen du influentzia hori kondairak. Eta beste argudio bat da Saturdi baseliza geratu dela Zaldibian, herriko jatorrizko elizatzat jo izan dena.
XI. mendeko beste testu batzuetan ere goierritarrak ageri dira bide gehiagoren ziurtatzaile modura. 1053an, Eneko Lopez de Lazkao, Gomez Fortuniz de Ormaiztegi eta Nunuso Narriatez de Loinaz ageri dira, Durangoko kondearekin batera, Elorrioko monasterio bati egindako dohaintza sinatzen. Gipuzkoa eta Bizkaia lotzeko bidearen –abelbide jatorrikoa hura ere– lurrak ziren horienak, Aralar barrenetik Oriaren goi ibilguan aurrera Ibaizabalen ezker aldea harrapatzen zuen bidearena; egungo Beasain-Durango autobide modernoaren bizkarrezur berbera, alegia.
Antzinako abelbideak eta lotune naturalak (bost zerrendatu zituen Barrena Osorok, horien artean Segura-Mungia ere bai) egon ziren, beraz, lurraldearen administraziokotzearen –artean jauntxoen eragiletza nabarmenarekin– hastapenean. ■